Burbuilean, 30 urtez

Radio Euskadin literaturari eskainitako 'Pompas de papel' saioak 30 urte beteko ditu gaur, eta, ospatzeko, saio berezia egingo dute, Bilboko Kafe Antzokitik.

Kike Martinek eta Felix Linaresek sortu zuten Pompas de papel saioa. ETB.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2017ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Gu ez gara literatur kritikariak, liburuzaleak baizik», esan du Kike Martin irrati esatariak. Felix Linaresekin batera, 30 urte daramatza literaturaren inguruko Pompas de papel saioa aurkezten, Radio Euskadin.

Herri Irratian ezagutu zuten elkar bi esatariek. Luze gabe ikusi zuten hiru zaletasun partekatzen zituztela: zinema, musika eta literatura. «Berehala moldatu ginen primeran elkarrekin». Radio Euskadin hasi ziren gero biak, eta handik hiru urtera, 1987an, irratiaren zuzendaritzari mahai gainean jarri zioten proposamena: literaturaren inguruko saio bat egin nahi zuten. Horrela jaio zen Pompas de papel. «Trikimailu bat izan zen. Orduan asko gastatzen genuen biok liburuetan, eta, pentsatu genuen, saioa izanez gero, argitaletxeek bidaliko zizkigutela, eta asko aurreztuko genukeela», esan du Martinek. Ez zen horrela gertatu, ordea. «Ez duzu aurrezten, gehiago erosten duzulako».

Bolada batez, bi orduko saioa egin zuten, baina, gero, ezinezkoa gertatu zitzaien, irratiko beste lanekin bateratu behar zutelako. Hasieratik argi izan zuten ez zutela ohiko literatur saio «astuna» egin nahi. «Libre, anarkikoa eta dibertigarria egin nahi genuen». Aurkezleak esan duenez, oraindik ere jende askok esaten die ez dutela literatura gogoko, baina saioarekin «gozatu» egiten dutela.

Herrialdearen erradiografia

Martinen arabera, saioa Euskal Herriaren «erradiografia» izan da. Idazle guztiak pasatu dira Pompas de papel-etik, esan duenez. Lehengaia «ia osorik» Euskal Herrikoa izan bada ere, gazteleraz, katalanez eta galegoz eginiko literaturari ere arreta jarri diote, eta baita munduko beste hainbat hizkuntzatan idatzitakoari ere.

Saioak beste berezitasun bat izan du: komikiari eskainitako arreta. Horretan «aitzindariak» izan direla adierazi du esatariak. «Harro nago horretaz, beti pentsatu dudalako komikiak alde literario handia duela».

Etorkizunarekin kezkaturik dago Martin, edonola ere. Ez daki zenbat iraungo duen saioak, aurkezleak dagoeneko ez direlako horren gazteak —Linaresek 69 urte ditu; Martin hamar bat urte gazteagoa da—. «Lekukoa pasatu nahi genuke, batez ere emakume bati». Izan ere, emakumeak dira, gaur, literaturaren bultzatzaile nagusiak, irakurle zein idazle gisa. Baina ez dira garai onak literaturaren inguruko saioentzako. Sautrela kendu izanak «min handia» egin dio Martini, «erreferentzia» zelako. «Telebista publiko batean beti egon beharko litzateke literatura saio bat».

Urteurrena ospatzeko, irratsaio berezia egingo dute Martinek eta Linaresek gaur, 20:00etatik aurrera, bilboko Kafe Antzokian. Zuzenean ikusi ahalko da, streaming bidez. Idazleen mahai ingurua egingo dute, Bernardo Atxaga, Irati Jimenez eta Pedro Ugarterekin. Beste bat liburu editoreekin egingo dute, eta, azkena, komiki editoreekin. Goizalde Landabasok eta Txani Rodriguezek hainbat testu irakurriko dituzte, eta Inun taldeak musika jarriko dio saioari, zuzenean.

«Urduri gaude», esan du Martinek, gaurko emanaldi berezia gogoan. «Estudioan dena kontrolpean dugu, baina kanpoan gure bizilekutik kanpo gaude, eta edozein gauza gerta daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.