Celta 0-2 Reala

Olatu aparretan segitzen du

Realak 0-2 irabazi du Celtaren zelaian, Isakek eta Aritzek bigarren zatian sartutako golei esker. Espainiako Ligako 11 partida jokatuta, txuri-urdinak lider dira oraindik, 24 punturekin

Realeko jokalariak Isaken gola ospatzen, atzo, Celtaren aurka jokatutako partidan. SALVADOR SAS / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Isakek (53. min.). 0-2: Aritzek(79. min.). Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Celtako Fran Beltrani. Bestelakoak. 8.726 ikusle Balaidosen.

Geldiezin dabil Reala, eta konfiantzaz gainezka. Ez du zertan partida ikusgarria egin hiru puntuak eskuratzeko; eta nola edo hala bideratzen du lehia bere aldera. Horren adibide izan zen atzoko neurketa. Sufritzen ere jakin zuen, eta behar zenean asmatu zuen ate aurrean. Azkenean, 0-2 irabazi zion Celtari, Isakek eta Aritzek bigarren zatian sartutako golei esker. Modu horretara, lidergoari eutsi dio Realak: 11 partida jokatuta, 24 puntu pilatu ditu, eta olatu aparretan segitzen dute txuri-urdinek.

Lehiaren bezperan esan zuen Imanol Alguacil Realeko teknikariak ez zegoela igandean jokatuko den Athleticen kontrako derbiari begira, eta hurrengo partida zela garrantzitsuena: Celtaren aurkakoa. Esan eta egin. Ez zuen inor gorde Imanolek, eta artilleria osoa zelairatu zuen. Ez zen damutu. Hamaikakoan ezusteko nagusia Ryanen presentzia izan zen. Atseden eman zion Remirori, eta aukera bikain aprobetxatu zuen australiarrak. Ez zioten golik sartu, eta merituzko geldiketak egin zituen. Zubimendi ere hasieratik aritu zen, lesiotik osatu berritan. Halaber, Diego Ricok bere lehen minutuak jokatu zituen elastiko txuri-urdinarekin.

Neurketa irekia espero zen atzokoan, eta hala izan zen; bi aldeetan izan ziren aukerak, baina Realak asmatu zuen. Hala esan zuen Imanolek lehia amaitutakoan: «Arean asmatu behar da partidak irabazteko, eta guk asmatu dugu». «Gustura» agertu zen Realeko teknikaria. «Ez da erraza hemen irabaztea». Taldeak lan handia egin behar izan zuela nabarmendu zuen.

Hain zuzen, lehen minutuetan Celtak izan zuen baloiaren jabetza, eta hark eman zuen aurreneko abisua. Kontraeraso azkar bat josi zuen, baina Nolitoren jaurtiketa kanpora joan zen. Jarraian, Ryanek geldiketa ona egin zuen. Arriskua sortzen hasi zen Celta, zelaian hobeto zela, eta bizi jokatzen.

Kostatu zitzaion Realari partidan sartzea, baina txuri-urdinak ere erraz iristen ari ziren Celtaren area ingurura. 11. minutuan izan zuen Realak aurreneko aukera: Januzajek gehiegi gurutzatu zuen baloia, eta gutxigatik kanpora joan zen. Hurrengo minutuan, Isaken jaurtiketa atezainak urrundu zuen. Apurka orekatuz joan ziren indarrak, eta trabatu egin zen jokoa. Suediako aurrelariaren abiadura baliatzen saiatu ziren txuri-urdinak, baina ez zuten min handirik egin. Beste txispa bat behar zuen Imanolen taldeak.

Celtarenak izan ziren lehen zatiko azken minutuak ere. Atsedenaldiaren atarian, izugarrizko geldiketa bikoitza egin zuen Ryanek, eta salbatu egin zuen Reala; hura izan zen onena aurreneko zatian. Ondo hartu zuen Realak atsedenaldia.

Bigarren zatiak ere antzerako gidoia izango zuela zirudien. Baina Realak eman zuen kolpea, 53. minutuan. Portuk Januzaji pasatu zion baloia, eta, haren jaurtiketa atezainak gelditu ondoren, aldaratzean bakar-bakarrik errematatu zuen Isakek. Hasieran, epaileak baliogabetu egin zuen gola, jokoz kanpo seinalatuta; VAR sistemaren bidez, baina, ontzat eman zuten.

Galiziako taldea ez zen kikildu, eta asko estutu zuen hurrengo minutuetan. Berriro ere Ryanek esku hartu behar izan zuen, beste geldiketa bikoitz batekin. Sufritzea tokatu zitzaien txuri-urdinei, baina eutsi zuten Celtaren erauntsia. Partida hautsita zegoen, eta aldaketak egitea erabaki zuen Imanolek, zelai erdia indartuz.

76. minutuan gola sartu zuen Celtak, baina Brais Mendez jokoz kanpo zegoen. Balio izan zuena Realarena izan zen. Turrientesek jarritako kornerra sareetara errematatu zuen Aritzek, eta 0-2koa jarri zuen markagailuan, lehia ixteko; beasaindarren arteko konexioak hauspoa eman zion taldeari. 79. minutua zen.

Realaren bigarrena zanpateko handia izan zen galiziarrentzat, eta azken minutuetan Ryanek ez zuen lan handirik izan. Hala, urrezko beste hiru puntu eskuratu zituen Realak, partida distiratsua egin ez bazuen ere. Imanolek bezperan esan zuen bolada ona ahalik eta gehien luzatzea zela asmoa, eta horretan dihardu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.