Atletico Madril 1-2 Athletic

Ate handitik sartu da finalera

Athleticek Espainiako Superkopako finala jokatuko du, Atletico Madrili 1-2 irabazi ostean. Joao Felixek aurreratu egin ditu espainiarrak, baina Yerayren eta Nico Williamsen golek erabakita utzi dute lehia

Nico Williams, lasterka, Athleticen aldeko bigarren gola ospatzen, atzean Raul Garcia eta Dani Garcia direla, Riadeko Fadh Erregearen estadioan. JULIO MUÑOZ / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Unai Simonek, bere atean (61. min.). 1-1: Yerayk (76. min). 1-2: N. Williamsek (80. min.). Epailea. Cuadra Fernandez. Txartel horiak: Atletico Madrileko Vrsaljkori; eta Athleticeko Iñigo Martinezi, Vesgari eta I. Williamsi. Txartel gorriak: Atletico Madrileko Gimenezi. Bestelakoak. 30.000 ikusle Riadeko Fadh Erregearen estadioan.

Athletic Superkopako finalean izango izango da igande gauean, eta bigarren urtez jarraian titulua etxeratzeko abagunea izango du. Real Madril du zain. Zuri-gorriek dema gogorra jokatu zuten atzo Atletico Madrilen aurka, Riadeko Fadh Erregearen estadioan. Argitasun handirik gabeko lehen zatia izan ondoren, azken ordu erdian dantzan jarri zen dena. Madrildarrak aurreratu ziren lehendabizi, baina Marcelino Toralenak ez ziren kikildu. Ez horixe. Yerayk eta Nico Williamsek egindako bi golekin, ate handitik sartu dira finalera.

Kirol arlotik harago, Amnesty Internationalek Superkopan aritu diren lau taldeei eskatu zien herenegungo eta atzoko partidetan jokalariek besoko morea janztea, Saudi Arabiako emakumeek eta LGTBI kolektiboak jasaten dituzten giza eskubide urraketak salatzeko. Bada, Athleticeko eta Atletico Madrileko jokalariek entzungor egin zioten gobernuz kanpoko erakunde horren eskaerari, Real Madrileko eta Bartzelonako jokalariek egin zuten bezalaxe. Lehen finalerdiarekin alderatuta, futbolzale dezente gutxiago bertaratu ziren atzo estadiora. Giro hotza zen nagusi.

Hasi eta berehala, Atletico Madrileko Joao Felixek lehen ukituan baloi luze bat jaso, eta gola sartu zuen, baina epaileak jokoz kanpokoa adierazi zuen. Diego Pablo Simeonerenak txinpartarekin irten ziren zelaira. Espainiako taldeak goian presioa egin zion Athletici, eta zuri-gorriek galtzak bete lan izan zuten baloia atzetik aurrera barreiatzeko. Madrildarrek baloia azkar berreskuratzen zuten, baita lehen abaguneak eduki ere; aurrelari portugaldarrarena eta Correarena, kasurako.

Minutuak pasatu ahala, dema gehiago orekatu zen, eta Athleticek partidaren hastapenean izan zuen itoaldia leuntzea lortu zuen. Leundu bakarrik ez, zuri-gorriak aurkariaren areara ere oldarkorrago heltzen hasi ziren. Iñaki Williamsek, esaterako, aukera paregabea izan zuen bere taldea aurretik jartzeko. Oihan Sancetek egindako pase loratua bikain kontrolatu ondoren, indartsu jaurti zuen, baina Oblakek sekulako erantzuna eman zion. Nahiz eta ate aurrean ez asmatu, aukera hark konfiantza eman zion talde zuri-gorriari.

Halere, espero zen gidoia bete zen lehen zatian: bi harresi indartsuen arteko dema gogorra eta aukera gutxikoa. Madrildarrak bitan heldu ziren Unai Simonen atera; behin bakarrik bizkaitarrak Oblakenera. Bi entrenatzaileek garrantzi handiagoa ematen zioten atzeko lanari, aurrekoari baino.

Behetik gora

Bigarren zatiko lehen hamabost minutuetan, lehengo lepotik izan zuen burua partidak, harik eta Joao Felixek izotza hautsi zuen arte, zuri-gorrien zorigaiztorako. Lemarrek egindako korner baten ostean, portugaldarrak buruz ongi errematatu zuen. Yerayk baloia babestu zuen Unai Simonek heldu zezan, baina gaizki-ulertua izan, baloiak zutoinean jo, eta, atezainaren bizkarrean emanda, marra zuria gainditu zuen. Kolpe galanta Athleticentzat.

Zuri-gorriek, ordea, ez zuten azken hitza esan. 76. minutuan, Yerayk berdinketaren gola egin zuen, Muniainek kornerra egin ondotik. Gol horri esker, hauspotu egin ziren Marcelinorenak. Nico Williams bigarrena sartzeko zorian izan zen, baina Oblak zaindariarekin egin zuen topo. Bigarrengoan, ordea, ez zuen barkatu aurrelari gazteak. 80. minutuan, aldaratze baten ostean, ezkerrez azpitik lehor-lehor eman zion baloiari, eta atezain esloveniarra gainditu zuen. Azken hamar minutuetan, Athleticek indartsu eutsi zion Atletico Madrilen joaldiari. Zuri-gorriak Superkopa bigarrenez jarraian irabazteko urrats bakarrera daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.