Koronabirusa

Urkulluk maiatzaren 14rako deitu ditu berriro taldeak bozei buruz hitz egiteko

Hauteskundeak uztailerako deitzeko epeen barruan segitzen du Jaurlaritzako lehendakariak

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria eta talde politikoetako ordezkariak, atzo, Gasteizen, Lehendakaritzan egindako bileran. BERRIA.
Enekoitz Esnaola - Jon O. Urain
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak maiatzaren 14rako deitu ditu berriro talde politikoak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeez hitz egiteko, eta, beraz,segitzen du bozak uztailean egiteko marjinarekin. Hauteskundeen deialditik bozak egin arte 54 eguneko epea behar da legez, eta, EAEkoen deialdia maiatzaren hirugarren edo laugarren astean eginda, egin ahalko dira uztailean —19an edo 26an—. Dena dela, BERRIAk kontsultatutako iturri juridikoek aitortu dute lege hutsune bat dagoela atzeratutako bozen inguruan, eta, agian, epeak murriztu ahal direla. Ikusteko dago. Oraingoz, bederen, EAEko Hauteskunde Batzordearen mahaiak ez dauka Urkulluren txostenik. Segurutzat jotzen dena da hautesleen errolda apirilaren 5eko hitzorduaren aldean berria izango dela eta talde politikoek hautagai berriak aurkeztu ahalko dituztela.

COVID-19a dela-eta Urkulluk eta taldeek martxoaren 16an egindako bileran adostu zuten apirileko hauteskundeak atzeratzea, eta Jaurlaritzako lehendakariak biharamunean sinatu zuen dekretua, EAEko Hauteskunde Batzordean txostena aurkeztu eta haren balekoa jaso ondoren. Batzordea harrezkero ez da berriro bildu, eta hango kideek agendan ez daukate hurrengo bileraren hitzordurik zehaztuta.

Urkulluk joan den ostiralean finkatu zien atzoko bilera taldeei, «[EAEko] Osasun Larrialdiko Adierazpena eta hauteskundeetara hiru hilabeteko epean deitzeko aukera aztertzeko». Gasteizen batzartu dira, Lehendakaritzan, eta, hura ez ezik, han izan dira Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea (EAJ), Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte (EH Bildu), Miren Gorrotxategi eta Isabel Salud (Elkarrekin Podemos), Idoia Mendia eta Miguel Angel Morales (PSE-EE), Amaia Fernandez eta Carlos Iturgaiz (PP+C's) eta Jose Ramon Becerra (Equo-Berdeak).

Lehendakariak gogorarazi du datorren urriaren 25a dela hauteskundeak «legez» deitzeko azkeneko eguna, eta «premiazkoa» deritzo gogoeta egitea.

Osasun aurreikuspenak

Taldeei bi aukera jarri dizkie mahai gainean: hauteskundeak uztailean egitea, edo irailean edo urrian —aurrekoak, 2016ko irailaren 25ean izan ziren—. Uztaileko aukerari dagokionez, azaldu die osasunaren ikuspegitik egindako aurreikuspenak adierazten duela«kutsatze arriskua egonkortzeko eta murrizteko fasea» dela oraingoa, eta udako hiru hilabeteak kutsatze maila txikienekoak izan daitezkeela. Irail-urriko aukeraz, Urkulluk dio osasun talde adituen arabera arriskua dagoela udazken hasieratik aurrera «gaixotasuna berriro sortzeko». «Gainera, urtaroko gripearekin konplika liteke, eta ziurra da udazkenean ez dugula [COVID-19aren] txertorik jarriko».

Bilerara hainbat dokumentu eraman du: koronabirusaren egoerari buruzkoa, aurreikuspenak eta «normaltasunerako» plana; edota Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek bozez egindako txostena.

Batzarraren ondoren, EAJk esan du botoa ematea herritarren «funtsezko eskubideetako bat» dela, eta, beraz, boza eman ahal izatea bermatu beharra dagoela: «Ezin da eskubide hori eperik gabe, sine die, bertan behera utzi edo bahitu. Eta eskubide horren epemuga urrian amaituko da». Hala, EAJk uste du uztaila dela horretarako une egokia, «osasun arloko adituek egin dituzten aurreikuspenak aintzat hartuta».

Beste taldeenerreakzioak

EH Bildu ez du uste hau denik unea bozak egiteko; «herri honi irtenbideak emateko unea da». Arnaldo Otegik azaldu du konfinamenduaren arintzea «zuhurtzia handiz» egin behar dela, eta eboluzioa aztertu, «edozein erabaki hartu baino lehen». Jakinarazi du Urkulluk baztertu egin duela mahai zabal bat sortzeko EH Bilduk egindako proposamena. «Agerian utzi du berak bestelako gobernantza eredua duela».

Elkarrekin Podemosen iritziz, «ezin da krisia kudeatu eta, aldi berean, kanpaina egin». Miren Gorrotxategik Urkullu egin du «ziurgabetasun politikoaren» erantzule. PSE-EEren arabera, «osasun eta parte hartze politikorako berme guztiak» eduki behar dira bozak deitzeko. PP+C's koalizioarentzat, Urkullu «tematuta» dago gaiarekin, eta «EAJren premiak ez dira herritarrenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.