Abarizketako zaldi arabiarra

Aritz Aranburu beasaindarraren Anubis zaldiak hainbat edertasun sari irabazi ditu. Abarizketa baserrian zaindu eta aterpetzen dute. Arraza bereko beste lau zaldi ere badituzte han.

Lehiaketa. Zaldi arabiarrek berezkoa dute dotorezia. Edertasun lehiaketetan parte hartzen dute. Anubis da argazkikoa. BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
Beasain
2022ko ekainaren 30a
00:00
Entzun

Hankafin deitzen omen die halakoei haren aitak. «Eta niri hankafinak gustatzen», azaldu du Aritz Aranburuk: «Hemen, baserrian, beti izan ditu aitak behorrak, baina mendikoak. Ez dakit kontra egiteagatik edo zergatik... niri hankafinak sartzen zitzaizkidan begietatik. Agian izango zen etxean ez genituelako sekula izan, eta horrek erakarri ninduen». Zaldi arabiarrei buruz ari da Aranburu «hankafinak» dioenean, eta Beasainmendiko (Gipuzkoa) Abarizketa baserriari buruz «etxea» dioenean.

Usurbe mendiaren magalean, gain eder bat: Txindoki ertz batean, herria parez pare behean, eta Aizkorriko lerroa beste ertzean. Bi zakur bikain zaunkaka etxe aurrean, zintzarri hotsa belazean, eta enaren akrobaziak intxaurrondo artean. Zaldi baten irrintzia ukuiluan. Lizar erraldoi baten azpian ari da Aranburu azalpenak ematen. Nola hasi zen erabat zaletzen 16-17 urte zituela —31 ditu orain—, eta nola «konbentzitu» zuen aita, Miranda de Ebroko (Burgos, Espainia) feriara egindako bidaia hartan. «Handik ekarri nuen lehenengoa, gainean ibiltzeko ideiarekin, baina baserrian beti izaten da lana, eta ez nuen hala egin. Thor zuen izena. Ez zen arabiar purua, mestizoa zen».

Baina orduan hasi zen «saltsa» horretan. «Aitona eta aita beti ibili izan dira tratuan ganaduarekin, eta horretan hasi nintzen ni ere zaldi arabiarrekin». Lazkaon (Gipuzkoa) erosi zuen aurreneko arabiarra. 2016a zen. «Orduan piztutakoa da grina», azaldu du Aranburuk. 2021eko otsailean erosi zuen Anubis. Galizian zegoen, Lalin izeneko herri batean. Ordurako bazituen mundu horretan «kontaktuak», eta eskaini egin zioten: «Hasieran, apur bat atzera bota ninduen arra izateak —urduriagoak izaten dira—, baina begietatik sartu zitzaidan. Aurrez aurre ikusi gabe erosi nuen. Bideoak ikusita, argazkiak ikusita... Txapelketa batean ere parte hartuta zegoen —sei hilabetetik aurrerakoak has daitezke lehiatzen—, eta irabazi egin zuen».

Abarizketara ekarri zuen, eta han egin zituen lehen hilabeteak. Galizian dago orain —han pasatzen ditu udaberria eta uda, Santiago Garcia Calviño prestatzailearekin—, eta Beasainmendin udazkena eta negua. «Ondo moldatzen dira zaldi hauek hemen. Jaten ongi eman, aterpe on bat jarri, zaindu...». Baditu beste lau: behor bat, bi moxal eta beste zaldi bat. Guztiak dira arabiarrak.

Anubis da, oraingoz, lehiatzen den bakarra. «Besteek ez dute haren lerrorik», dio Aranburuk. Edertasun lehiaketak dira, eta horregatik aipatzen du «lerroa». Edertasun lehiaketetan bi epaile egoten dira normalean, eta aintzat hartzen dituzte itxura, burua eta lepoa, enborra, gorputz adarrak eta mugimendua. Hogei puntu lor daitezke gehienera arlo bakoitzean; ehun puntu guztira. Estradako (93 puntu), Lugoko (92,25), Silledako (90,75) eta Lalingo (92) lehiaketetan gailendu da Anubis azken hiru hilabeteotan. «Bi urte egin zituen otsailean, eta bi eta hiru urte artekoekin lehiatzen ari da aurten. Beraz, urtebete zaharragoekin ere bai».

Galiziakoak dira lehiaketa horiek guztiak, inguruan ez baitago tradiziorik. Aberastu ote den galdetuta, barre egiten du Aranburuk: «Aberastu? Bai, zera! Hau bizioa da. Pandemiarekin sortu zen. Ez zegoen parrandarik, ez zegoen gastu estrarik... Betidanik nuen kapritxoa, eta pentsatu nuen hura zela garaia. Hasieratik, banekien ikuspuntu ekonomikotik honekin zuloa egingo nuela».

Egia dena da dirutzak ordaintzen direla halako zaldien truke. «Hasi 3.000 euroan, eta segi: 20.000, 50.000, 100.000...». Gastuaren parte bat ordaintzeko, Anubis zaldiak estaltzeko ere erabili nahi luke: «Txapelketetan-eta izena hartzen badu, eskariak sortzen dira. Aurten izan dut lehen eskaria».

Urrian Kordoban jokatuko den Espainiako Txapelketari begira jarrita daude orain. Aranburu saiatzen da txapelketetara joaten, baina aita izan berria da, eta zaildu egin zaizkie bidaiak. «June alaba 2022ko otsailaren 22an jaio zen. Eta hara non Anubis bera 2020ko otsailaren 22an. Bikotekideak dio hori seinale bat dela».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.