Ondare bat ahotsez betea

Jesus Mari Olano zenak magnetofono batekin grabatu zituen euskal kulturako hainbat ekitaldi, 1964tik 1972ra eginak. Joxan Goikoetxea musikariari eman zion ondarea. Gordailu digital bat osatzen ari da Goikoetxea, eta Jesus Mari Olano Fondoa deitu dio. Laguntza eskatu die erakunde publikoei.

Joxan Goikoetxea. Ordu ugari pasatu ditu materialak digitalizatzen eta sailkatzen. ANDONI CANELLADA / @FOKU.
urtzi urkizu
Hernani
2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Aitorren hizkuntza zaharrean joeraberritzaileak entzun ziren Hernaniko (Gipuzkoa) Aitor antzokian, 1966ko urtarrilaren 9an. Izena oraindik izan gabe, Ez dok Amairu taldeak sorrerako jaialdia izan zuen egun hartan: Julen Lekuona, Mikel Laboa, Kemen taldea, Benito Lertxundi Elvis Presleyren eta Cliff Richarden bertsio euskaratuak abesten... Ramon Saizarbitoria eta Arantxa Gurmendi ziren jaialdiaren aurkezleak. Hala esan zien entzuleei Saizarbitoriak: «Gazteok, izan zaitezte ye-ye edo nahi duzuena, baina lehenen eta beti euskaldunak». Ye-ye talde bat ere bazen jaialdian: Biurriak. Arantxa, Ixiar eta Juan Mari Gurmendi, Iñaki Araizekin eta Juanin Iturralderekin batera kantuan, ye-ye eta euskaraz.

Jaialdi hura Jarrai antzerki taldeak antolatu zuen —Zeruko Argia-n hitzez hitz, «oso gogozkoa izan tzan jendearentzat»—, eta Jesus Mari Olanok magnetofono batekin grabatu zuen —iazko maiatzean hil zen—. 1964tik 1972ra Hernani inguruan egin ziren kultur ekitaldiak grabatu zituen, historikoak asko. Ondare hori —zintekin batera argazkiak, agiriak, antzerki gidoiak eta eskuko programak— Joxan Goikoetxea musikari eta Izura kultur elkarteko lehendakariari eman zizkion. Goikoetxeak denbora luzea darama ondare hori digitalizatzen eta sailkatzen, eta Jesus Mari Olano Fondoa deitu dio gordailuari. «Baina ez gordetzeko, munduari zabaltzeko, baizik».

1960ko euskal kulturan Hernanik izan zuen garrantzia nabarmendu du Goikoetxeak. Eugenio Arozenak Gabriel Aresti Euskal antzertian. Biola eta mailuarekin liburuan hala idatzi zuen: «1950eko eta 1960ko hamarkadan, Tolosatik Hondarribira, Zarauztik Oiartzunera, eta Leitzatik Donostiara, sortu zen kultur gurpilaren ardatz izan zen Hernani». Arozenak Ez dok Amairuren lehen urrats gisa aipatzen du 1966ko jaialdi hura.

«Euskal kultur mugimendu horien guztien kudeatzailea Juanito Olano izan zen; haren akolitoa Jesus Mari Olano iloba izan zen», idatzi zuen Arozenak. «Adiskidetasun estua zuten Gabriel Arestirekin». Goikoetxearen arabera, Juanito Olano «herrigintzako bultzatzaile handi bat» izan zen.

Arestiren hitzaldi historiko bat iritsi zaio Goikoetxeari Olanoren harribitxien artean. Euskal literaturako izen poetikoak izenburupean, Bilboko idazleak hitzaldia eman zuen 1967ko uztailaren 29an, Hernaniko udal areto nagusian. Zenbait entzuleren eta hizlariaren artean iritzi truke sutsuak izan ziren. Saizarbitoria ere han zen, eta ordena jartzen ahalegindu zen. Herriko Goialde antzerki taldea Arestik idatzitako Tobera antzezlana prestatzen ari zen sasoi hartan, baina azkenean ez zuten oholtzaratu, eta taldea desegin egin zen. Mikel Martinez antzerkigileak hitzaldi haren irakurketa dramatizatua egin du hainbatetan, eta Maskarada taldearen Kaio luma zikina antzezlanaren gidoiak hitzaldi hartatik edan zuen —Patxo Telleriak idatzi zuen, eta aktoreak Telleria eta Martinez izan ziren—. Orduko hartan Arestik gaztelaniaz abestu zituen bertso batzuetan oinarrituz, Xabier Letek Euskalerri nerea abestia kantatu zuen.

Arestiren Mailu batekin: Biola batekin olerki liburuaren original bat ere jaso zuen Goikoetxeak Olanoren eskuetatik —1962an idatzia da, Harri eta Herri argitaratu aurrekoa, eta berriki plazaratu du Bilboko Udalak—.

Goikoetxea laguntza eske

Arestiren bisitaren hurrengo egunean, 1967ko uztailaren 30ean, bertsoak izan ziren protagonista Hernanin. Jose Mari Satrustegi euskaltzainak hitzaldi bat eman zuen; gero, omenaldia egin zioten Xalbadorri. Kantuan aritu ziren Xalbador bera, Mattin eta Xanpun. Goikoetxeak nabarmendu duenez, egunaren hasieran «gozo» kantatu zuen Xalbadorrek, baina egunaren bukaeran «zorrotz», 40 egun lehenago Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean Donostian txistu egin ziotenen inguruan. Egun osoko bertsoak daude jasoak Jesus Mari Olano Fondoan —tartean dira Tturko bertsolariarenak ere—.

Kultur gurpil haren erakusgarri, Arestiren hitzaldia eta Xalbadorren omenaldia egin ziren hilabete berean; Joxan Artzek txalapartari buruzko hitzaldia eman eta txalaparta jo zuen Jesus Mari anaiarekin batera, txalaparta desagertzeko arriskuan zen garaian; «Letek aurkeztu zuen, eta jendearen lilura sekulakoa izan zen», esan du Goikoetxeak. Egun haietan, halaber, antzerkiari buruzko hitzaldi bat eman zuen Iñaki Beobidek. Ezkorra zen: pastoralak desagertu egingo zirela esan zuen.

Goikoetxeak 150 ordu inguru soinu erregistro digitalizatu ditu. Gogoratu duenez, Xabier Leterengatik sortu zen Olanoren eta haren arteko harremana. «1960ko hamarkadan, Olano Hernaniko Goialde antzerki taldean zebilen, eta Lete Donostiako Jarrai taldean. Bi taldeek harreman estua zuten, eta Jarrai taldeak Hernaniko Aitor antzokian egiten zituen antzezpen asko». Gerora, Goikoetxea musikari gisa aritu zen Leterekin lanean, eta olerkaria gaixo zegoen garaian Olano galdezka aritzen zitzaion Goikoetxeari. «Sinbiosi bat gertatu zen Olanoren eta nire artean. Lehenbizi,poltsa zahar bat ekarri zidan hogei zintarekin; hitza eman nion material horrekin zerbait egingo nuela. Altxor bat deskubritzea izan da, piratek uharte batean altxor bat deskubritzen duten bezala. Baina kofrea arakatzea egokitu zait».

Goikoetxearen xedea da Olanoren ondarea webgune batean biltzea. «1999an, saiakera bat egin nuen Hernanin, Entzuna proiektuarekin, herriko udalarekin, eta disko bat atera genuen. Hura lehen pausoa zen, baina Hernaniko ondarea handiagoa da». Goikoetxeak eskertuko luke laguntza Olanoren gordailua osatzeko, sailkatzeko eta zabaltzeko. «Erakunde publikoek ondare hori guztia garrantzitsua dela ikusten duten neurrian, beharko diote ekin. Herri baten proiektua da: bere historia eta ondarea zaintzea». Adibidez, ikertzaileentzako material baliotsua izan daitekeela iruditzen zaio musikariari.

Ez dok Amairuren Baga, Biga, Higa sentikariaren 1972ko urriko emanaldi bat dago grabaketen artean. Harribitxi gehiago ere bai: Patxi Altuna euskaltzainak Ereñotzuko elizan (Hernani) euskara batuari buruz emandako hitzaldi bat, Gabriel Olaizolak sortutako Schola Cantorum abesbatza Donostiako Viktoria Eugenian Francisco Escuderoren Illeta obra ematen... Goikoetxeak nabarmendu du kultur ekitaldi horiek guztiak Francoren diktadura bete-betean zela antolatu zirela. «Testuinguru historikoa aintzat hartu gabe ezin da ulertu». Olanoren etxean Radio Paris entzuten zuten, eta irrati emankizun haiek ere grabatu zituen. Grabaketa batzuk baditu Goikoetxeak. «Parisetik jasotzen zituzten Euskal Herriko eta Espainiako politikako berriak». Hernaniko Musika Eskolako zuzendaria bestelako materialak ere ari da aztertzen: tartean dira Olanok euskal presoen bisitak antolatzeko idazteko makinaz ondutako paperak—Amnistiaren Aldeko Batzordeak oraindik ez zeuden garaikoak—.

Goikoetxeak Antonio Machado poetaren esaldi bat hartu du lelotzat Olano Fondoa aurkezteko: «Kultura eta jakintza gaietan, gordetzen dena da soilik galtzen, ematen dena irabazten». Goikoetxearen nahia argia da: «Ondarea erakutsi egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.