SOSLAIA. Albert Rivera

Etekin elektorala non, bera han egongo da

Igor Susaeta.
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Espainian PPk eta PSOEk gorpuztutako bipartidismoa kritikatzen du Albert Riverak (Bartzelona, 1979). «PP eta PSOE dekadentzian daude», adierazi izan du Ciudadanoseko presidenteak. Baina 2016ko lehen zortzi hilabeteetan, inbestidura itun bana sinatu zuen bi alderdiekin. Izan ere, diskurtsoa unean uneko abagunera egokitzen du Riverak. Botoak eta etekin elektorala non, han egongo da.

Ciudadanos 2006an sortu zuten, Katalunian, «nazionalismo nahitaezkoari» erantzuteko. Orduz geroztik da Rivera alderdiaren presidentea. Eta Katalunian independentismoak gora egin ahala, nazionalismo espainiarraz Riverak egindako aldarria haziz joan da. Bazekien horrek botoak emango zizkiola Katalunian, eta bazekien horrek, bipartidismoari egindako kritikekin batera, Kataluniatik kanpo ere boto saldoa arrantzatzea ahalbidetuko ziola.

Garaiok eta, batez ere, mugimendu populista ustez ideologiarik gabekoek eskatutakoa betetzen du, gainera, Ciudadanosen liderrak. Haren mezuak laburrak dira; auzi konplexuentzako irtenbide sinpleak planteatzen ditu, eta hizkera arrunta erabili ohi du, izan sare sozialetan, izan mitin batean, edo izan Espainiako Kongresuko hemizikloan.

Beste buruzagiekiko ezberdintasunak azpimarratzen saiatzen da. Adibidez, azaltzen duenean langileria klasekoak zirela bere gurasoak —Andaluziatik Kataluniara migratu zutenak—, etxetresna elektrikoen denda bat zutela... Igeriketara zaletu zen Rivera, eta, nerabe zenean, Kataluniako txapelduna izan zen bular estiloan. Hori ere bulartsu aipatzen du, ezberdintasunak nabarmentze aldera.

Konplexurik gabekoa delako itxura ematea gogoko du. Ez da aztoratzen gogorarazten badiote Nuevas Generaciones PPren gazte erakundearen militantea izan zela, baita UGTkoa ere, eta aitortzen du zein alderdiri eman zien botoa, alderdi laranjako presidente bihurtu aurretik: PPri, PSCri,eta CiUri.

Badaki, gainera, efektista izaten. Ciudadanos aurrenekoz aurkeztu zenean Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetara, 2006an, alderdiak kanpainarako erabili zuen kartelean hura azaltzen zen, biluzik, eta bi eskuekin genitalak estaltzen. «Pertsonak bakarrik inporta zaizkigu» zen alderdiaren mezua. Kanpaina haren ondoren aukeratu zuten parlamentari Kataluniako Legebiltzarrean, eta 2015era arte eduki zuen diputatu akta. Gardentasuna aldarrikatzen zuen mezu harekin. Baina Ciudadanosen kide izan eta alderditik atera direnek boterekeria eta alderdiaren barne arauak haustea aurpegiratu izan diote.

Espainiako politikan «erregenerazioa» hauspotuko duela dio. Halere, esan izan du «dena» aldatu nahi duela «ezer hautsi gabe». Horregatik da elite ekonomikoen hain gustukoa. Josep Oliu Sabadell bankuaren presidenteak 2014an adierazi zuenez —La Caixan lan egin zuen Riverak, zuzenbideko lizentzia atera eta gero—, «beharrezkoa» zen «eskuineko Podemos bat» sortzea. Mezu hori aintzat hartu zuen Riverak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.