jakes goikoetxea
TOKIO 2020. SURIMIA

Kirol kazetaria

2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Ez, ez naiz kirol kazetaria. Kirolei, kirolariei buruz idazten ari naiz egunotan, baina ez naiz kirol kazetaria. Kazetariok, normalean, ibilbide profesionala hasten dugunetik, sail ezberdinetan lan egiten dugu. Lehenengo urteetan, gehiago: hutsunea non, bekaduna edo kazetari hasiberria han. Baina gero ere izaten dira aldaketak, eskatutakoak eta behartuak. Oro har, uste dut ona dela zenbait urtetik behin interesak aldatzea, erronka berriei aurre egitea eta ganbara egurastea.

Kategoria berezitzat hartu ohi da kirol kazetaritza. Fauna edo espezie arrarotzat, era berean, kirol kazetariak. Beste lan mota bat egingo balute bezala.

Kazetaritzaren barruan, bigarren mailako kazetaritzatzat ere jo izan da, kazetaritza arinagotzat, axalekotzat, garrantzi eta prestigio gutxiagokotzat. Nola izango du, bada, sail informatiboen eta gogorragoen kategoria bera, titulu horiek jarrita, surik gabeko kea albiste bihurtuta eta kirolarien erretolika hutsalari hainbesteko lekua emanda? Kirol kazetaritza gutxiesteko ohiko argudioak dira.

Gutxieste horretan zerikusia du, Hego Euskal Herrian behintzat, Espainiako kirol kazetaritzaren eredua jaso izanak. Norberekoia. Pertsonalista. Kazetari izarretan oinarritua. Karrankaria. Abertzalea. Kazetariaren eta zalearen arteko mugarik gabea. Taberna girokoa. Eta matxista.

Lan arlo ederra eta interesgarria da, ordea, kirol kazetaritza. Emaitzez edo jada mundu guztiak dakienaz hitz egiten ez duenean batez ere. Kirol kazetariek idatzitakoak izango dira, ziurrenik, urteotan irakurritako pieza ederrenetako asko. Gozatu galanta. Oso denbora gutxian idatzita sarritan. Zorionez, eredu onak dauzkagu inguruan.

Ez, ez naiz kirol kazetaria. Baina kirol kazetaritza eta kirol kazetariak estimatzen ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.