Albistea entzun

Buelta bat Elkanoren itzuliari

Prime Videok eta RTVEk 'Sin límites' telesaila estreinatuko dute hilaren 10ean. Elkanoren mundu birari buruzkoa da, eta akzioz betea
Alvaro Morte aktorea, Juan Sebastian Elkanoren paperean.
Alvaro Morte aktorea, Juan Sebastian Elkanoren paperean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2022ko ekainak 4

Itzulirik ezagunenari emandako buelta ezezagun bat da. Superprodukzio bat, akzioan eta efektuetan duena oinarria, istorioan bertan baino gehiago. Hala diote lana aurkeztu dutenek, eta hala diote lan horretan parte hartu dutenek. Prime Videok eta RTVEk sortu dute 'Sin límites. La expedición que cambió el mundo telesail laburra (Mugarik gabe. Mundua aldatu zuen espedizioa), eta hilaren 10ean estreinatuko dute.

Ikusi gehiago: 'Borgen' Danimarkako kultuko telesail politikoa itzuli da Netflixen, laugarren denboraldiarekin

Fernando Magallaes eta Juan Sebastian Elkano dira telesailaren protagonistak, Rodrigo Santoro eta Alvaro Morte aktoreek antzeztuak, hurrenez hurren. Aurreneko mundu bira hura dago oinarrian, horrenbestez, baina «hainbat lizentzia» hartu dituztela azaldu du Patxi Amezkua gidoilari nafarrak: «Lizentzia narratibo eta dramatikoak, istorioak funtziona dezan. Hiru urteko bidaia bat da, Magallaes eta Elkano dira protagonista nagusiak, baina haiek ez ziren sekula elkarrekin egon. Guk, telesailean, elkartu egin ditugu, eta itsasontzi berean sartu, gainera. Bi gizon ameslari eta nortasun handikoak ziren. Horrek joko handiagoa ematen zigun, nahiz eta jakin errealitatean ez zela hala gertatu».

Amezkuak dio istorio «txundigarria» iruditu izan zaiola beti haiena: «Hiru urteko bidaia bat; bost itsasontzi abiatu 250 marinelekin, eta bakarra bueltatu, hemezortzirekin. Sekulakoa da hori. Baina gurea ez da dokumentala: gurea fikzioa da, eta egin ditugu moldaketa batzuk jendearengana hobeto iristeko».

Grabazioak Euskal Herrian

Sei kapituluko telesail laburra da, eta 40 minutu irauten du bakoitzak. Zatirik handiena Dominikar Errepublikan grabatu dute, baina egin dituzte grabazioak Euskal Herrian ere: Azkoitian eta Lazkaon (Gipuzkoa), Getxon (Bizkaia), eta Erriberrin eta Iruñeko katedralean (Nafarroa), besteak beste .

Eta aktore nagusien zerrendan badago euskal herritar bat: Barbara Goenaga. Beatrizena egin du donostiarrak: Magallaesen emaztea da bera. «Espedizio hartan ez zen emakumezkorik egon, baina sekulako inpresioa egiten du haiek bizi izan zutena horren gertutik bizitzeak», azaldu du.

Goenagak dio Elkanoren figuraren eta haren bidaiaren inguruan askok egin dutela euren «pelikula», eta serieak ematen dituela haien historia ulertzeko «gako» batzuk: «Haiek egin zutena Martera joan-etorria egitea bezala litzateke gaur egun. Oso pertsonaia bereziak ziren, oso ausartak... eta ez zekitenak oso ondo zertara eta nora zihoazen ere. Aldi berean, oso istorio gogorra ere bada, eta polita, eta telesailak ematen ditu gako batzuk garai hura ulertzeko».

Trailerra ikusi besterik ez dago akzioak eta efektuek duten pisuaz jabetzeko. Ez dute alferrik Simon West Erresuma Batuko zuzendaria aukeratu gidari lanetarako. Akziozko eta abenturazko makina bat film zuzendu ditu Westek: besteak beste, Con Air, LaraCroft: Tomb Raider, The General's Daughter eta The Expendables 2.

«Pertsona oso lasaia eta jatorra da. Eta horrelako grabazio bat aurrera eramateko, izan behar da, bai, lasaia, oso grabazio gogorrak eta zailak izaten baitira. Esan behar da bete-betean asmatu dutela. Historia lehendik zegoen nolabait, akzioa eman behar zitzaion, eta berak eman dio», nabarmendu du Goenagak.

Beste horrenbeste esan du Amezkuak ere: Westen «eskua» asko nabaritzen dela. «Akzioa, efektuak... behar zen Magallaesen pareko kapitain bat, eta bera izan da hori», berretsi du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Berdea nola berdatu

Berdea nola berdatu

Enekoitz Telleria Sarriegi

Hosto berdeko barazki eta landareak ohikoak dira entsaladetan. Gero eta aniztasun handiagoa dago: tonu, forma, testura eta propietate ezberdinak dituzte.

Rafa Gorrotxategi, Tolosako Txokolatearen Museoan. ©JON URBE / FOKU

Bisita gozoa Tolosako museoan

Iraia Irazusta Mujika

Tolosako Txokolatearen Museoa 2020tik dago zabalik. Bisita gidatu zein birtualen bidez ezagutu daiteke, eta hainbat tailer egiteko aukera ematen du, txokolatearekin jolasteko

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Jaiak gasteiztarron topagune dira»

Unai Etxenausia

Kazetari eta parrandazale moduan ezagutu ditu Fiestrasek Andre Maria Zuriaren festak urteetan. Bizitza osoan bi urtez baino ez du huts egin, eta datozen guztiez «gozatzeko asmoa» daukala iragarri du.
2 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Jana eta edana azkenera arte

Eider Etxeberria Soria

Zeledonen igoerarekin amaitu dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak. Gasteiztarrek azkenera arte zukutu dituzte festa egunak. Txorizoa eta patatak banatu dituzte kuadrillek, eta buruhandi eta erraldoien konpartsak kalejiran ibili dira. Tabernariak gustura daude jaiekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...