Telesailak

Telebistako arrakastaren ur nahasiak

Pandemiak desitxuraturiko ekoizpen handiak, autore zinemako harribitxiak eta euskal telesailen hutsunea izan dira aurtengo gakoak

The Underground Railroad telesailak esklabo afro-amerikarren istorioak kontatzen ditu. AMAZON PRIME VIDEO.
Mikel Yarza Artola.
2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
2021ak susperraldiaren urtea behar zuen, COVID-19ak geldiarazitako nobedade uzta oparoaren itzulerarako garaia. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Telesail andana ilargian dago oraindik, eta sektorea, berriz, pandemia aurreko sasoitik urrun, oraindik ere jokaleku berrian nola lurreratu jakin gabe. Nostalgia zukutzen ahalegindu dira Dexter eta Scenes from a Marriage klasiko eraberrituak. Foundation eta The Wheel of Time literatur sagen egokitzapenek, berriz, porrot egin dute, eta Stephen Kingek eta Pablo Larrainek elkarlanean moldaturiko Lysey's Story ahazteko modukoa izan da.

Txanponaren beste aldean daude autoreak, begiradarik pertsonalena findu duten ikus-entzunezko sortzaileak. Su geldoan eta aparteko zaratarik egin gabe irabazi diete telebista garaikidearen pusketa esanguratsu bat streaming plataformei. Janari lasterraren pareko telesailen alternatiba dira, eta bazterreko proposamenen eskaintza eta eskaria egonkortu dituzte.

Zinematik telesailen mundura igaro diren zuzendari esanguratsu horien artean, nabarmentzeko modukoak dira Barry Jenkins (Moonlight) eta Steve McQueen (12 Years a Slave). Film onenaren Oscar saria irabazi duten artista beltz bakarrak dira, eta arrazismoari loturiko harribitxiak telebistarako sortu dituzte orain.

The Underground Railroad da urteko maisulana: Jenkinsek ikusleen barrenak mugitu ditu XIX. mendean AEBetako iparraldera eta Kanadara ihes egitea lortu zuten esklabo afro-amerikarren istorioarekin. McQueenek, berriz, Small Axe proiektu antologikoa baliatu du Erresuma Batuko arrazismo instituzional garaikidearen ertzak ukitzeko; zapalkuntza salatu, eta kultura beltza ospatu du, aldi berean.

Beldurrezko generoaren prismatik, 2021eko onenen artean sartu da komunitate beltzari buruzko beste bat: Them, azalaren koloreak eragindako izugarrikeriei loturikoa. Kasik profetikoa dirudi, urtea AEBetako Kapitolioko istiluei begira abiatu zela kontuan izanez gero.

Plataforma masiboak

Udazkenean, txipiroiaren jokoak milioika lagun liluratu zituen munduan. Squid Game berehala bilakatu zen Netflixen historian gehien ikusitako telesaila. Aurrez, The White Lotus izan zen udako fikziorik goratuenetako bat, aberastasun ekonomikoaren eta emozionalaren arteko desorekari tiraka. Bata eta bestea, ordea, istorio hutsak izan dira: ikusleengan inpaktu adiktiboa sortzea dute helburu, beste edozeren gainetik.

AEBetako plataforma handien estandarizazio prozesua berresten du honek. Urtez urte, inoizko ekoizpenik garestienak egiten ari dira, garestienak eta arrisku gutxien hartzen dituztenak. Tokitan geratu dira Hannibal, The Leftovers eta Mindhunter probokatzaileak.

AEBetatik harago begiratuz gero topatuko ditu telesailen zaleak urteko proposamenik berezienak. Erresuma Batuan, bi erreferentzia: It's a Sin telesailak gizatasunez josi du 1980ko Londresko askatasun sexualaren eta hiesaren inguruko kronika, gaixotasuna zabaltzen hasi zenetik 40 urte bete diren honetan. The North Water itogarriak, berriz, Artikoa esploratu zuten balea ehiztarien tragedia jaso du. Are iparralderago, Islandiako Ra?herrann telesailak erretratu ezin inspiratuagoa egin du utopia demokratikoez eta politika populistez.

Ekialdetik beste bi proiektu seinalatu: Israelgo Losing Alice urteko thriller psikologiko interesgarrienetako bat bilakatu da, narrazioaren artea eta sexuaren indarra modu jostalarian uztartuz. DAU proiektu erraldoiak aparteko aipamena merezi du. Hamabi urtez, 700 ordutik gora filmatu ditu Errusiako lantalde batek, Sobietar Batasunaren dekadentzia sorberritu nahian. Diziplinarteko hamabost ataleko obra bat da azken emaitza.

Euskal basamortua

Duela urtebete, historikotzat jo genuen euskal telesailgintzak emandako aurrerapausoa, baita ETBk Alardea, Hondar Ahoak eta Altsasu telesailekin egindako apustua ere. Distantzia hartuta, ordea, esan liteke 2020 oasi izan zela basamortuan. Aurten, euskal telebista publikoak ez du estreinatu helduentzako fikzio bakar bat ere, eta uzta Serieslanden tankerako jaialdietan eta zirkuitu independenteetan gelditu da. Disney Plusena da, gaur-gaurkoz, zeruertzeko proiekturik erakargarriena. Plataformak iragarri duenez, Cristobal Balentziaga diseinatzaile getariarraren ingurukoa izango da Espainiako Estatuan egingo duen jatorrizko lehen proiektua, eta Moriarti ekoiztetxeak gidatuko du (Arregi, GaraƱo eta Goenaga).

Bestetik, Euskal Herritik kanpo, Alejandro Amenabarren La Fortuna estreinatu bezain laster hondoratu zen, Donostiako Zinemaldian. Enrique Urbizu bilbotarraren Libertad ausartari borobiltasuna falta zaio, eta Historias para no dormir eraberritua urrun geratu da obra klasikoaren handitasunetik. Giro honetan, Filminen Doctor Portuondo da urteko nobedaderik aipagarriena. Kataluniako plataformak psikoanalisia, drama eta umorea trebetasunez uztartu ditu lehen ekoizpen propioan. Ez da lorpen makala, buruko osasuna lehen lerrora itzuli den urte zail honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.