jakes goikoetxea
Tokio 2020. SURIMIA

Garaipenaren zama

2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Lerro hauetan bertan esan zuen Maialen Chourrautek, Tokioko Olinpiar Jokoetan lehiatzen hasi aurretik: «Batzuetan, lehiaketa bat oso ondo ateratzen denean, oso gogorrak izaten dira hurrengo lehiaketak eta garaipenak ekartzen duen guztia. Badirudi dena errazagoa dela, baina kostatzen da hori guztia kudeatzea». Atentzioa emateko moduko adierazpenak dira, ezohikoak txapeldun olinpiko baten ahotan.

2016an Rioko Olinpiar Jokoetan lortutako urrezko dominaz ari zen. Urte askotan lan asko egin eta gero, ametsa bete zuenekoaz. Ordurako bazeukan brontzezko domina bat, 2012an Londresen lortua. Rion ametsa bete zuen, bai, baina, berak nabarmendu zuenez, dominak lasta bat ere jarri zion lepotik zintzilik, halako lorpen batek eragiten dituen konpromisoengatik, besteak beste. Etena egitea, erronka berriei heltzea eta aurrera jotzea zailtzen duen lasta.

Eta gero, jarraian, zer pentsatu asko ematen duen baieztapen gordina egin zuen: «[Ametsa] Lortu eta gero, damutu ere egiten zara». Olinpiar Joko batzuetan urrezko domina irabazi duen kirolari batek hori esaten duenerako, zerbaitengatik izango da.

Harrigarria da, normalean jende gehienak garaipena eta zorion betea uztarri berean jartzen dituelako; baina batak ez du zertan bestea ekarri.

Kirolarien prestakuntzan zabalduago dago emaitza txarrei eta frustrazioari aurre egiteko moduen lanketa. Chourrautek, ordea, garaipenen osteko egoerei aurre egiteko moduak ere landu behar direla zioen. Dena ez baita gozoa eta samurra izaten. Piraguatik kanpo gertatzen diren kontuez ari zen. Garaipenaren osteko ur bizietan, ur-lasterretan, zurrunbiloetan eta ateetan piragua gobernatzeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.