HIRUKO (H)ITZA

Mugei eustetik mugak haustera

EIDER EIBAR

Anjel Lertxundi -

2018ko ekainak 3
Horra heriotza, bizirik geratzen direnen auzi.

1968ko udaberri dontsua. William A. Douglass antropologo gaztea azken zuzenketak egiten ari zaio Renoko bere etxean “Death in Murelaga— saio antropologikoari. Azken ukituak dira. 1969an liburuak kalean behar du.

Heriotzaren nolakoak bizitzaren halakoa irudikatzen badu, Murelagan egin zituen egonaldietan Douglassek zorrotz aztertu zuen bertako bizitza, eta baita ikusi ere zenbat ari zen aldatzen. Liburuan jaso dituen euskal familia tradizionala eta mundu-ikuskera itzaltzen ari dira, bertan ageri den mosaikoa iraganekoa izango da laster.

Fortunatutzat dauka bere burua, aldaketa sozial sakon baten lekuko sentitzen da. Unibertsitateko irakasleei zenbat aldiz ez ote zien entzun antropologiak baduela zerikusirik notario lanarekin, iraganaren argazkiarekin, denboraren hilobietan fosilizatzen utzi behar ez liratekeen metaforekin! Beharbada, forma sozialen hari mehe ezkutuenen eraginkortasuna argitara ekartzea da antropologiaren zentzurik behinena. Bai, Douglass puntuan iritsi zen Murelagara. Euskal Herria ez al da ba bizitzen ari sekulako konbultsio erlijiosoa? Douglassek berak ez al du ba bere begiekin ikusi zein brastakoan ari diren sekularizatzen jendearen barne-pertzepzioa eta bizitza bera? Ez da guztia: Euskal Herrian egin dituen adiskideei esker, antropologoak informazio zuzena du bertako aldaketa kulturalez, Euskaltzaindia urrian Arantzazun egitekotan den bilkuraz, kasu: senak esaten dio euskaldunek hil ala bizikoa dutela euskara batzea. Bestalde, hedabideetan dauzka Parisko gertakariak ere, eta pozik jakingo luke hango haizeteek nolako arnasa ekarriko dieten euskal kulturari eta politikari.

Irrika kezkatu batek hartua du antropologoaren barrua: idazten ari den liburuak balioko ahal du itzaltzen ari den garaia ulertzeko, datozen berrietan argi egiteko? Suspirio bat atera zaio: balioko ahal du...

Hartan, aipu egoki baten bila hasi da liburuaren atari gisa jartzeko. Zein, ordea? Hainbat baztertu ondoren, Kierkegaarden bat darabil buruan: «Aurrera eginez bizi dugu bizitza, baina atzera begiratuz aztertzen dugu haren zentzua». Douglassek badarabil buruan Thomas Mannen aipu bat ere: «Bizirik gelditzen direnen auzia da heriotza, ez hil direnena».

Biak jarriko ditu? Oso esparru berekoak iruditzen zaizkio, hurbilegiak elkarren. Baina bakarra jartzekotan, zein? Dilemaren erdian, demagun adiskide baten telefono-deia, Tolosako Benta-Haundin tragedia gertatu berriaren albiste emanez. Kezkaz pausatu du telefonoa: beldur da albiste jaso berria ez ote den tragedia berrien lehen katebegia izango, mugei eustetik (bizitzaren errespetutik) mugak haustearen (heriotza hutsaltzearen) arteko zanga ez ote den amildegi bihurtuko.

Mannen aipua hautatu du azkenean: bizirik gelditzen direnen auzia da heriotza, ez hil direnena.

Zutitu eta Mikel Laboaren single bat jarri du tokadiskoan. «Goiti zazu burua, ene arreba Juana...». Baladaren oihartzunek Murelagako hainbat baserritako hil-oihal zuri-zuriak ekarri dizkiote gogora. Antropologoak ilun du kopeta. Izara haietako batean bilduak behar dute haren burutazioek.

Deskuidu baten fortuna.

Lizentzia handiz irudikatu dudan eszena luze horren garaian, 1968an, nik ez nuen artean Douglass ezagutzen, ezta ere haren ezer. Handik hiruzpalau urtera, liburuz betetako erakusleiho bati begira nengoen haietako baten izenburuak erakarrita. «Horra beste trama beltz bat, oraingoan Bizkaiko auzo batean kokatua!», hori edo horren antzeko zerbait pentsatuko nuen nik, Piarres Lartzabalen Senperen gertatua drama irakurri berria gogoan. Pauso adoretsuarekin sartu nintzen Donostiako Internacional liburu-dendan. «Muerte en Murélaga» liburua besapean nuela irten nintzen bertatik.

Arratsalde hartan bertan ekin nion irakurketari, eta hasierako dezepzioaren ostean (liburua ez zen nobela bat, inozoa ni!, saio antropologiko bat baizik), puntako nobela beltz bat balitz bezalako intentsitatearekin egin nuen hasi eta buka. Urte batzuk lehenago antropologiako beste liburu bat, Oscar Lewisen «Los hijos de Sánchez», agertu zen gure etxean, ez dakit zein senidek ekarrita: pobrezia sistemikoa bizi zuen Mexikoko familia erreal bateko senideen historia kontatzen zuen. Nobela bat balitz bezala irakurri nuen nik. Urte batzuk geroago, horixe bera gertatu zitzaidan Joseba Zulaikaren «Ehiztariaren erotika» liburuarekin ere. Antropologo askok idazle bat darama zainetan.

Nobela bat ematen du, esaten dugu historia erreal askorengatik. Nobela bat ematen du antropologiaren emaitza goren askok ere. Idazkuntza da giltza. Baina ahaztu egiten zaigu liburu guztiek, zientifikoek ere barne, hitza dutela oinarri, idazkuntza baldar batek jakituria baldartzen duela.

Agertzen, argitzen.

Etxean bezala elizan, gizartean bezala eguneroko errutinan erdi susmatutako heriotzaren inguruko hainbat hari mehe ari zitzaidan agertzen, argitzen. Txikitatik ikusi eta bizi izan nuena ari nintzen ulertzen: gure baserrietako heriotza-erritu tradizionalen muinean, esplizitatzen ez ziren ohitura zahar ia atabiko haien araberako filigrana familiarren atzean, heriotzaren errespetua eta bizitzaren defentsa zeuden, humanitatearen lorpen gorenak. Baina apenas aztertu den, ez antropologiaren aldetik ezta beste diziplina sozialetatik ere, sekularizazioa bere osoan; apenas aztertu den heriotzaren pertzepzioak gurean izan duen bilakaera ere Douglassek marraztutako hartatik gaurdaino. Analisia horren barruan joan behar lukete indarkeriaren eraginak eta eragin horren nolakoak: bizi-filosofia krisian dagoenean, bizitzeko forma zaharkituak eta bizitzaren muina nahastea izaten da tamala. Halaxe gurean. Nahiko berandu hasi ziren etikaren apelazioak, hasieran ia sotto voce. Laster, ordea, etikaren zeregin politikoa ukatzen zuten arrazoiketak hasi ziren han-hemen, etikak gure kontzientzietan eragin zezakeena desaktibatzeko asmoarekin sarri. Baina etikak, sakratuetan sakratuena inoren bizitza dela esaten digun barne-ahots konpartituak, duintzen ditu gizakia eta gizartea, bai Douglassek deskribatu zuen mundu hartan, baita gure gaurko honetan ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna