Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Kuartel berriak digitalak dira

2014ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Lehendik ezaguna zitzaigun ingurumaria birmarraztuta aurkezten digu Google Maps ahalguztidunak, begi bakarreko erreinuak lurrazala mendean hartu izan balu bezala. Mapak ez dira-eta inoiz izan munduaren leiho neutralak, eremua irudikatzeaz gain egilearen optika ere txertatzen digute: koloreztatu, azpimarratu eta itxuraldatuta dator deskribatutako atala. Adostutako kode kulturalen emaitza da zehaztasunez irudikatutako geografia.

Egokituak eta pertsonalizatuak dira mapak; dagoeneko publizitateak bat egin du trama fisikoarekin. Informaziozko geruza gainezartzen zaigu begiaren kornean, filtro subjektibo baten arabera sailkatuz ikuspegia. Ekonomia berriaren gidoiari jarraiki eremu naturala antolatu beharra zegoen, merkantzia bihurtu, zuzenki kontsumitu ahal izateko. Seinalatzen denaren eta saihesten denaren bitartez moldatuko du espazioaren esperientzia gure begiradak. Begirada lausoa hiperrealismoz ordezkatuko du teknologiak, irudiaren industriak estali du irudiaren politika. Hala, lurraldeak eta mapak bat egingo dute, gauza bera izango dira aurrerantzean.

Irudiarenak egin duenean dena da mapa, dena da informazio numeriko. Behin mundua digitalizatuta osatu da misioa, eta maparen zerbitzua eta zaintza datoz ondoren. Honela sortu dira kuartel berriak. Konpainia digital nagusiek egoitza berrien proiektuak aurkeztu dituzte: neurrira irudikatutako eraikuntza galantak. Irudiaren korporazioak hartu du materialtasuna. Ekosistema digitalak barnean hartuko dituzten ekosistema fisikoak dira, eta konpainia teknologikoen auto-irudia islatzeko anbizioa adierazten dute, egokierazko arkitektura zehatzaz kalkulatuak, hizkuntza digitalak sortzen digun laino efektua berdintzeko, agian. Ez dute bandera edo ikur nabarmenik, abstraktuak dira kanpotik.

Batean basoz inguratuta ageri da superegitura zirkular eskerga, Pentagono biribildua. Unibertso digitalaren eran, haren formak ez du ez atze ez aurre, bat da barne eta kanpotik, muzin egiten dio ordena urbano tradizionalari. Zero luze bat da, loop perfektua, barnean ezer ez balu bezala. Eraikuntza hiperteknologiko eta natura idealizatuzko haluzinazio azeleratua dirudi.

Beste batek mendixka dirudi urrunetik, inon ezagutzen den trenkada gabeko bulego zabalena du azpian, milaka langilerentzat aurreikusia, elkarren ondoan eta elkarrekiko gertu lan egiteko. Natura ulertzeko era berritzailea eman nahi da aditzera. Paisaian desagertzen da lana, garden bilakatzen da, bereizezin forma organikoekiko, izan zuhaitz, belar edo haitz.

Kupula geodesikorik ezin falta, Biosphere 2 esperimentu haren itxurako unitate esferikoak. Ingurune naturala lan esparru gisa simulatzen dute bere barnean. Mikroklimadun habitat isolatuak, egurats aldaketazko erretorikaz jantziak. Teknologiak ahalbideratutako ekosistema artifizialak, erradikalitate neoliberalen ikur berri.

Belar zelaiz estalitako teilatu zabalak ere bai. Milaka metro karratu barnean, erabat konektatuta, edozein gune eta edozein langile minutu gutxiren buruan elkarganatzeko moduan, aldibereko antolamendua du. Hurbiltasuna eta hierarkiarik eza dira, antza, kuartelon ikur. Batean zein bestean, naturaren sena dago present, naturaren sen artifiziala. Beira eta belar bilakatutako dogmak. 1960ko hamarkadako tekno-utopia hippy bukolikoaren oihartzun argia dute, management teoria eta marketin lege agresiboz atondua.

Hippy komuna aitzindariek espazioa zuten sinesbide; dimentsio espazialaren baitan jabetza, familia edo energiaren erabilera alternatiboak imajinatu zitezkeen gizarte arruntaren bizkar. Idealizatutako komunitate haien gaur egungo bertsio sintetizatu erraldoiok jendartetik aldentzen joan dira era berean. Haiek bezala gune autonomoak bilatu dituzte, fede bera partekatu eta eredu generikoak gorpuztu ahal izateko munduarekiko distantzian. Esperimentu zarpail haietan bezalaxe, ideia urbanoekiko nolabaiteko deskonexioa ematen da. Berezko mundu bilakatzen da konpainia bakoitza, naturarekiko ikuspegi propioan oinarritua, ideia eta lege zorrotzez eratua.

Ideologia kaliforniarreko gotorleku inperialak dira, segurtasun geruzaren babesean entseatzen dira diseinuzko prozesu holistiko eta totalitarioak. Kanpoko munduak pairatuko du berrantolaketa digitalaren efektu sakona, eraginkorki ezarriak dira trikimailurik ilunenak. Kuartel horietatik gure bazterrak digitalki kolonizatuak izan dira, behinola ihesbide eta bakardaderako paraje izandako baso, ibai eta muinoak lokalizazio kodifikatuak dira orain, ez dute izen eta memoriarik, koordentu soil dira mapa koloretsuaren gainean. Halako administrazio ikusezina ekiditea ia ezinezko bilakatu zaigu; zerbait egitekotan muturreko eskemak beharko lituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.