Maite Larburu.
LAUHAZKA

Soken teoria

2016ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
«Musika gara», esan dit Mauk, «musika ere bizirik dago, gu bezalaxe».

Mau Ziemkiewicz Artabe izen exotikodun euskal musikaria da. Biolin eta biola jotzaile bezala, antzinako musikan espezializatu zen, eta freelance moduan egiten du lan Europa mailan, nire antzera. Musikoterapeuta ere bada, hala ere, eta horretan ere badihardu Londrestik Euskal Herrirako itzulera bidea hartu zuenetik.

Nire azken Lauhazka-ko berriketa kreatibitatearen onuren inguruan izan zela-eta, Maurekin solasean aritu naiz, Musikoterapia zertan datzan eta ez datzan ikasteko asmoz.

Aristoteles eta Platonen idatzien garaitik jakina da soinuek, isiluneek eta erritmoek osasunean eta jokabidean eragiteko ahalmena dutela. Horiek baino sendabide musikal antzinagokoak dira Mongoliako kantu tradizionala, txamanismoaren kantu eta danbor jotzea, meditaziorako erabili izan ohi diren ontzi tibetarrak, Japoniako banbu shakuhachi flauta eta ekialdean auskalo noiztik kantatzen den OM soinu sakroa...

Farinelli castratoaren kontua ere harira dator: XVIII. mendean fama ikaragarria lortu zuela-eta da ezagun opera kantari hori, baina, horretaz gain, 22 urte pasatu zituen Espainiako Felipe V.ak sufritzen zuen depresioa arintze lanetan: Farinelliren sendagaia gauero —eta 3.000 gau izan omen ziren!— erregeari ohera joan aurretik kantatzea zen.

Gaur egun Musikoterapia bezala ezagutzen dena, ordea, lehen eta bigarren gerren ostean sortu zen, Estatu Batuetan, musikak gerra-beteranoengan zuen eragin fisiko eta emozional onuragarria kontuan hartzen hasi zirenean. Arrakasta haren ondorioz, boluntario modura ospitaleetara musika jotzera joaten ziren musikari haiek aurre prestakuntza bat jasotzen hasi ziren. Terapiari eta medikuntzari buruzko nozioak behar zituzten haien musikagintza sendagarria indartzeko: Musikoterapia jaioa zen.

Eta zer da, bada, Musikoterapia zehazki?

Musika bitartez erlazio terapeutiko bat sortu, eta kasuan kasuko pazientearen arlo fisiko, sozial, emozional eta kognitiboa musika bidez garatzea. Mauren hitzetan, hizkuntzak eskaintzen ez dituen baliabideak ditu musikak: «Terapia normal batean, txandaka hitz egiten da: zuk esan, nik entzun; nik esan, zuk entzun. Baina, musikaren kasuan, musikoterapeuta eta pazientea aldi berean ari dira emozioa bizitzen, musika joz, entzunez ala sortuz. Komunikazio modu oinarrizkoagoa da hau, eta lana sinplifikatu egiten du».

Musikoterapeutaren betebeharra ez da makala, hala ere: pazientearen sintonia berean jarri behar du bere burua, eta haren presentzia musikala ulertu eta estimulatu. Gaixoaren musika izan liteke arnas hotsa, hasperen bat, ahotsaren doinua, mugimendu errepikatu baten erritmoa edota isiltasunik sakonena. Kontua da pazienteak beste modu batera adierazi ezin dituenak kanporatzea, eta komunikazio musikal horretaz jabetu eta eguneroko bizitzan dituen ezintasunei aurre egiteko tresna bihurtzea.

«Musika gara, musika ere bizirik dagoelako, gu bezalaxe».

Materiaren parte diren partikulak, horien artean gu osatzen gaituztenak, atsedenik gabe ari dira bibratzen, biolin baten soken antzera: soinua, isiltasuna eta erritmoa gara. Eta, akaso, ez gaude soka izatetik hain urrun, fisikan ezagun den string theory edota soken teorian pentsatuz gero; partikula subatomikoak bibrazio energia sokez osaturik daudela baitio teoria horrek. Edonola ere, den materia guztia dar-dar konstantean dago.

Baita ura ere. Ezagunak dira oso Masaru Emoto (1943-2014) japoniarrak ur gardenari musika jarri ondoren eginiko argazkiak. Irudiak txundigarriak dira: jarritako musika motaren araberako marrazkiak osatzen ditu urak; musika heavyarekin kaotikoagoa, musika kontsonanteagoarekin simetrikoagoa...

Eta hori ere badago gure baitan, %65 ur ere bai baikara.

Blokeo bat dagoenean, ordea, traumaren bat, azpigarapenen bat, depresioren bat, minen bat, guregan diren bibrazio horiek ezin dira libreki mugitu; ezin musikarik sortu.

Musikoterapiak musika bidez, konfiantzaz, motibazioz, soinu ito horiek askatzen laguntzen du. Mauk dio ondorioak izan ditzaketen pilulen alternatiba on bat izan litekeela, aukera hurbil eta holistikoa. Pribatua da Musikoterapia penintsulan, hori bai; nahiz eta Ingalaterra eta Herbehereetan gizarte-segurantzak eskaintzen dituen terapien artean den!

Terapia hori jasotzeko ez dago musika jakin beharrik, ez dago instrumentu bat jotzen jakin beharrik. Hori bai: edozein musikari ez da musikoterapeuta, eta profesional egokiarengana jo behar da, terapia aldea landu eta ikasketa egokiak jaso dituenarengana.

Ikusi al duzu noizbait The Story of The Weeping Camel (Negar egiten zuen gameluaren istorioa) deitzen den filma? Ez? Bada... idatzi honek zugan oihartzun egin badu eta zure baitako sokak dar-dar bortitzean jarri badira... ez galdu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.