Juanjo Olasagarre.
LAUHAZKA

Kinkan

2017ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Euskaraz idazteko, ez beharbada bizitzeko, beharrezkoa da euskararen egoeraz ahaztea, ez haren egoera diglosikoak hizkuntzaren gainean eragindako higatzeaz —hori oso aurrean izan behar da hitzen eta joskerak aurreko euskararekiko duten ezberdintasunari erreparatzeko—, baina bai haren egoera soziolinguistiko orokorraren harira sorturiko Kixmi Sindromeaz. Kixmi Sindromea azkenekotan izatearen sindromea da, eta, ondorioz, antsiak hartua. Euskaraz idazteko ez adituarena egin behar zaio sindrome horri, eta hizkuntza normaldu eta literatura arrunt batean ari bazina bezalako itxurak egin. Salbu eta, hori bai, diglosia hori agerrarazi nahi bada gaitzat; orduan, hor sartu eta mundu fantastikoz jantzitako ukroniak sortu behar dira, Iban Zalduaren Hipermerkatuan ipuinean bezala, zeinetan protagonista supermerkatuan gelditzen baita bizitzen ohartzeko argiak itzali ondoren bera bezala jende pila bizi dela bertan, hainbeste kanpoko mundua bilakatzen dela fantastiko. Joseba Gabilondok seinalatu zuen hizkuntzaren egoera diglosikoaren metaforarako ipuina, metafora eraiki behar baita askotan, Bilbon, esaterako, bat euskararen lurraldean bizi dela sinesteko.

Zentzu horretan pozez hartu nituen Bingen Zupiriaren adierazpenak kargua hartu zuenean, eta pozik hartu dut aurten Kontseiluak egindako 11 egun euskaraz, eta pozik datorren urteari begira antolatu nahi den Euskaraldia.

Lehen, nire bizitza Arbizu inguruan zenean, friki batzuk —barka, ez dut iraindu nahi, deskribatu baizik— iruditzen zitzaizkidan Euskal Herrian Euskaraz bezalako erakundeetan militatzen zutenak; gero, sinplifikatzen ari naiz, Hernani nire bizitzan sartu zenean, ohartzen hasi nintzen euskara jakitea ez zela nahiko, erabili ere egin behar zela, nire ingurukoek, ikastoletakoetako bigarren belaunaldikoak, han 70eko hamarkadan jaioak, ez zirela euskaraz mintzatzen elkarrekin, eta nahigabeko hizkuntza komisarioa bilakatu nahi nindutela. Nik, jakina, pixka bat tentatu ondoren gaztelera perfektuan erantzuten nien.

Orain, Bilbon nabilela, iruditzen zait euskaldunok elkar ezagutzeko erakusgarri bat eraman beharko genukeela lagun horrekin euskaraz egitea ahalbide dezakeelako. Hizkuntzaren sarritasunaren eremuetatik ateratzen garelarik, euskaldun guztiok gara frikiak, egoera diglosikoak friki egiten gaituelako. Friki izatea da bizitzeko modu bakarra, ongi dakit, gay izan baino lehen marikoia izan bainaiz urte askoan.

Argi dago hizkuntza politikak fruitu ugari eta on eman duela, baina denok daukagu buruan ezagutzaz harantz erabilerara jauzi egin behar dela, zenbat garen eta zer egiteko gai garen frogatzeko besterik ez bada ere.

Hezkuntzak badirudi bete duela hizkuntzaren ezagutzaren helburua —ez horrenbeste mundu sinboliko eta erreferentziala sortzearena, euskara desideologizatuegia irakatsi delako euskara desideologizatzeko?—, baina argi dago ez duela bete erabilerarena; osasunaren arloan dezente falta da ezagutza aldetik, eta are gehiago erabileraren aldetik Bilbo inguruan behintzat; eta administrazioan, berdintsu.

Nik argi ikusten dut osasunaren arloan, esaterako, erabilera bultzatu beharko litzatekeela ezagutzaren gainetik, izan ere, nire gelatik pasatu diren mediku, zeladore eta erizainek titulua lortu eta zerrendetan gora egin eta lan egiteko aukera gehiago izango dutelako datoz euskara ikastera, eta ondorioz, titulua lortzera; eta, behin lortuta, ahanzturaren kutxan sartzen dute, medikutara datozenen 0,3 bat mintzatuko zaielakoz euskaraz, eta, gainera, irakaslea izango da, neu bezala.

Erabilera saritzeko moduren bat aurkitu beharko litzateke, etahorretarako osasun langile euskaldunen—berdin da ze euskaldun, trakets, on, borondatezko, ari naiztar— identifikazio sistema eraginkor bat diseinatu. Txapa bat paparrean, kolore ezberdineko uniformea, lehengo galdera euskaraz edo dena delako sistema, eta hortik aurrerako neurgailu bat euskaraz egiten duen langilea diruz edo oporrez saritzeko.

Baina, guztiaren gainetik, eskolak euskaldundu dituen euskaldun horiek erabiltzera bultzarazi beharko genituzke. Esan bezala, arazoa, ikastolen bigarren belaunalditik dator, Hernani bezalako herri batean haien arteko harreman asko jada ez zirelako euskaraz.

Euskararen egoeraren metafora birpentsatzen hasteak, ordea, badauka arriskua. Eztabaida irekitzen den unetik hortxe agertuko dira segarekin PSE, PP eta Nafarroako Izquierda-Ezkerra bezalakoren bat orain artekoa gehiegizkoa izan dela aldarrika. Zerbait egin behar da eskakizunen kontsentsua apurtu eta harantzago joateko. Neure aldetik inozoa izan naizela aitortuz bukatuko dut artikulu hau, Bilbo Arbizu bezalakoa zela uste bainuen. Eta ez da. Beharrik frikismorako prestaturik nengoen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.