Maite Larburu.
LAUHAZKA

Zaindu ditzagun haurrak!

2016ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Herbehereetako aste santuak soinu-bandarik baldin badu, soinu-banda hori Johan Sebastian Bachen Pasioa San Mateoren arabera-rena da; Bachen pieza erraldoi hau, aste santuko ospakizunak eta holandarrak, Sevilla eta prozesioak bezain bereizezinak dira.

Zer du, bada, pieza honek hain maitatua izateko?

Pasioa San Mateoren arabera, Bachek 1727ko ostiral santurako sortu zuen opera moduko pieza bat da: oratorio sakro bat. Jesusen azken afaritik gurutzean hiltzen denera arte gertaturikoa kantatu eta errezitatzen da.

Ez dago hala ere erlijiosoa izan beharrik Pasioa San Mateoren arabera estimatzeko; ezta testu alemana ulertu beharrik ere! Joan zen astean Paul Witteman kazetariak bere telebistako programan esanda bezala: «Urtean behin elizak bete-beterik ageri dira Holandan; ez Jainkoarekiko sinesmenagatik, Bachekiko sinesmenagatik baizik». Mikel Laboaren Komunikazio-inkomunikazioa dabilkit gogoan: San Mateoren azken mugimenduko korua eta Laboa, elkarrekin kantuan.

Pasioa, benetan da monumentala: musikalki, teknikoki, jenialtasuna baina harantzago doa (Bachek beste dimentsio batekoa behar zuen izan!). Eta piezak giza kondizioaz, gorputz eta arimaren min eta maitasunaz transmititzen duenarekin, edonoren bihotzean den humanitateak, musikarenean etxea aurkitzen du, galduriko bi adiskide zaharrek elkar topatuko balute bezala.

Bachek bere bizitzan zehar hiru aldiz interpretatu zuen Pasioa: azkena, 1742an. Orduz geroztik, eskuizkribua armairu batean gorderik egon zen, Felix Mendelssohn konpositoreak 1829an berriro ere berreskuratu zuen arte.

Eta niri, hainbeste aldiz jo izan dudala pentsatzen dudanean, nolabaiteko nahigabea sortzen zait urdailean; produktu bihurtzearen ondorioz, sakratua dena zikindu izan banu bezala. Pasio sukarra muturrekoa baita Holandan. Sinestezina irudituko zaizuen arren, karaoke moduko pasioak ere eskaintzen dira: orkestrak pieza jo eta ikuslegoak kantatu egiten du! Entzulegoa pozik eta musikariak frustraturik... baina babarrunak ordaindu beharra daude!

Aurtengoan, ordea, zorioneko gaude. Reinbert De Leeuw musikaria etorri baitzaigu Pasioa zuzentzera, gure Holland Baroque taldera. Holandan ikono den pianista eta musika garaikidean jakitun den gizon honek oilo ipurdi bihurtu gaitu.

De Leeuw, munduan zehar, 80ko hamarkadan eginiko Satieren piano piezen grabazioak egin zuten famatu. 78 urte ditu baina bigarren aldiz zuzentzen duen Pasioa da gurea. Elkarrizketa batean esan zuen ez zuela hil nahi behin ere Pasioa zuzendu gabe. Eta Holland Baroquek bere burua eskaini zion horretarako. Konbinazio berezia: antzinako musikan espezializaturiko talde bat, musika garaikidean espezializaturiko gizonaren zuzendaritzapean.

Musika, musika da ordea.

Noizbait Satieren disko horrekin topo egiten baduzue, ez iezaiozue ihes egiten utzi. Reinbertek beste edozein bertsiotan baino tempo mantsoagoak erabiltzen ditu (Itxaron dezala munduak!). Mistikotasunetik zerbait badu haren pianoa jotzeko moduak. Reinbert eta Bach: lehena ateoa eta bigarrena luterano sutsua, baina... dimentsio bera.

Eta dimentsio horretara eraman gaitu, bai orkestra, eta baita Nederlands Kamerkoor korua ere. Reinberten piano bihurtu gara, hauskor baina indartsu.

San Mateoren hasierako korua jotzen ari ginela esan zigun zerbait datorkit burura: lehendabiziko mugimendu horren erdialdera, haurren koru txiki bat kulparik gabeko arkume hitzak kantatuz sartzen da. Bachek, haurrek kantatzen dituzten hitzak, beltzez ez eta gorriz idatzi zituen eskuizkribuan. Eta koral honek duen garrantzia indartzeko asmoz, publikoaren atzeko podium batean jarri ditu posizionaturik haurrak Reinbertek, han goian, bakar-bakarrik. Haurrak kantuan hasi aurretik, gure bolumena ia entzunezineraino jaitsarazi zigun lehen entseguan: «Haurrak, haurrak; zaindu ditzagun haurrak!», esan zuen. Behin eta berriro errepikatu digu haurrak entzungarri egin behar horren kontua.

Publiko arteko norbaitek lehendabiziko kontzertuaren ostean, momentu hori honela deskribatu zigun: «Hasierako nota horietan barrena, Bachek humanitate osoa oinez darama, eta haurren ahotsei orkestraren bolumen baxuak eginiko lekuak, bihotz inuzenteek munduan duten garrantziaren ikaragarritasuna agerian utzi du...».

Hitzak besterik ez dira hauek, noski.

Baina Bachek haurren hitzak gorriz idatzi zituen.

Eta Reinbertek guri isiltzeko eta haurren hitza entzuteko esan zigun.

Hainbeste gerrate eta min mundu honetan.

Eta gu, bihotz inuzentedunen ahotsari zor diogun arreta eta errespetuari entzungor.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.