Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Jatorrizko izena

2015eko irailaren 6a
00:00
Entzun
Mendi ezagunak lehendik zeukan izen ofiziala aldatzeko bidean dira, arduradunek hala adostuta. Kontinenteko tontorrik garaiena paisaia-ikur bat da, amaigabe erreproduzitua fotografia eta marrazki gisa, bat datozkio izena eta irudia. Jendartearen kondairan txertatuta dago aspalditik. Bertan izan ez direnek ere berdin maite dute. Bestelako argibiderik ezean, izen berriaren oihartzunak aproposagoa dirudi rock banda bat bataiatzeko, 70 hamarkadako progressive kutsukoa akaso, beste talderen batek bere buruari Kilimanjaro izena jarri zion antzeko handitasunean.

Izen berria ez omen da izatez berria, lehendik zegokiona baizik. Natiboen berezko modutik hartua da, hala deitu izan diote orain arte. Garaiarekiko politikoki zuzen izan behar horretatik ei dator mendiaren jatorrizko izena berreskuratzea. Erabaki ideologikoa izan daiteke, gaur egungo jendartearen aldarrikapen berdintzailea asetzen duen hautu iaioa. Behin, mendi tontor nazionala berrizendatzen ausartuta, zer ez ote da etorriko hurrengo...

Beste batean, politikari liberalak penintsula osoari jarri zion bere izena, protestarik jaso gabe. Jakina, gaur egun ez litzateke horrelakorik onartuko. Mapa geografikoa begiratuz, non-nahi ageri dira presidente eta errege izenak. Izan ere, betidanikoa da izen eta hitzak jartzearekiko obsesioa, eta irrazionala bere horretan. Izenek lilura dute eta gure irudikaria itxuratzen dute.

Leku izenak aldatuz doaz, jabetzak eta autoritateak aldatuz doazen heinean. Enparantza, ibai, mendi eta planetak. Gobernu eredugarrien joera da pixkanaka jatorrizko izenak errekuperatzea, kolonoek jarritakoen gainetik, nazio aurrerakoien adierazpen molde gisa, esaterako. Iraganeko akats inperialistei gaur egungo adostasunen baitako esanahi bidezkoarekin erremedioa jartzea tentagarria da agintari trebearentzat. Marketing tresna orokorrak.

Izen berrituak ez dira gero hain erraz herrikoitzen, asko dira mapa eta seinale gaineko aldaketatik harago joan ez direnak. Horregatik, iraganeko izenak orainera egokitzeko saiakerak alferrikako gertatu dira sarri, erabilera ohitura aldaketak ez direlako erritmo berean joan, edota itsusi geratu dira, bere horretan.

Antzinako izenek badute, ordea, halako kako berezkoa, nolabaiteko benetakotasun sakratua, keinu modernoen kutsaduratik salbu. Horiek adostasun zabalekoak izan ohi dira, jendarte xaloaren gustuko. Lurrarekiko eta iraganarekiko loturak biltzen gaitu, ertz zorrotzez jositako aro berrien konplikaziotik aldentzen gara horrela, eragiketa interesatuan. Jakinekoa da —edo hala diote— lehenaldiko izendegi eta mapak gaur eguneko balore eta irizpideekiko berrikustea alferrikakoa dela. Egungo antolaketak ere iraungo ez duten bezala etorkizunean.

EI eta talibanen demoniozko obsesioa da, adibidez, iragana berritxuratzea, komenentziazko balio sinbolikoaren araberako sailkapenean. Izenak aldatzearen burutazioa izan daiteke ondare arkeologikoa lehergailuz birrintzearen parekoa, emaitzak emaitza. Garai eta hierarkia berri bakoitzak ezarriko du bere obsesio sistema eta nahiko du arrastoa utzi. Izen eta ikur bakoitza delako botere forma, maila batean. Pluralismoak atzera begirako eskaera historikoak dakartza, lehendik datozkigun kateak eta unean unekoak. Mendi tontorrean bezala metropoliko kaleetan.

Iraganarekiko egoskorkeria atzerakoiak eta erraz konpontzekoak bereiz ditzakegu. Antzinako izen natiboa oztoporik gabe emango du ontzat gehiengoak, kontra jarriko dira beste batzuk, tokian-tokiko interesen arabera, nahiz eta batzuk eta besteak sekula ez diren izan mendian bertan. Mendia lehenegoz begiratu eta maitatu zuen gizakiaren ohoretan ari gara, lau urtez gobernatu zuen presidentearen merezimendu arinaren gainetik.

Izen geografikoak aldatzen diren bezela aldatzen dira paperezko diruaren irudiak, txanponak, edota eskola liburuak. Ezer ez da izenen menpe, harkaitzak ez du bere izaera fisikoa edo barne konposizioa eraldatuko deituraren arabera. Larrosa loreak, bestelako edozein izenekin ere izango luke usain gozo bera. Mendi tontorra, izen desberdin batekin ere maila berean da garaia. Ez gara gure mingainen esklabu, baina izen bati edo besteari izaera desberdina emango diogu geure buruan, erreferentzia konkretuz ez ezik, hitzaren soinuak eta joskerak era desberdinean eraiki ohi duelako irudia. Hitzaren emozioa izan daiteke, ez besterik, baina emozioetan sinisten dugu, eta hitz eta izenen bidez egituratzen dugu gure inguru fisikoarekiko harremana eta irudia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.