Maite Larburu.
LAUHAZKA

Baklava

2017ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Astelehen arratsaldea zen.«Musika nondik dator?», galdetu zidan Baykal ikasle ohiak.Maite (izerditan): «Nondik? Nola? Zer esan nahi duzu?».

Mutikoak orduan: «Bai, biolinetik kanpora ateratzen da, baina non dago gorputzean?».

Zur eta lur uzten ninduen. Irakasleak ikaslearengandik gehiago ikasten du, dudarik ez, eta aukera aprobetxatu beharra neukan:

«Zuk non sumatzen duzu? Behatzetan?».

Eta hark: «Bai... baina, aurretik, hasieran, kilima bat hemen [bularra ukituz] eta, ondoren, elektrizitatea bezala joaten zait gorputz osora... orduan korri egin nezake nahi badut. Edo, kantatu, biolina jo, bestela». Buda txiki hari ahuspez agur egiteko zorian nengoen: «Orduan, igual, bularrean sortuko dela esango dugu; bihotzean? Zer iruditzen zaizu?».

«Ez dakit», esan zidan; «horra nola sartzen da orduan?».

Ez nintzen erantzunik eman gabe hain erraz libratuko; nire irakasle estatusa jokoan zegoen: «Tristura edota poza sartzen diren leku beretik», bota nion, «begietatik, belarritik, ahotik, azaletik... bularrean gordeta geratzen dira sentimendu horiek; ondoren, zopa musikal baten antzerako zerbait egiten dugu, eta berriro ere kanpora botatzen». Puffffff, ez zen sekulako azalpena, baina bai zerbait!

«Aaaahhh... nik baklavak egiten ditut!», esan zuen Baykalek.

Barrez hasi nintzen orduan: «Mmmmm, ze goxoa... emadazu baklava bat, Baykal!». Eta han hasi zen mutikoa arkuari eraginez... ezti, pistatxo, gurin, haginkada... denetarik jaurtitzen zidan.

Halakoxea zen Baykal.

Gauzak ulertzeko modu zoragarria zuen. Ez dakit non dabilen orain, zenbat urte dituen... baina nola ahaztu mutiko hura?

«Juffrouw, andereño», esaten zidan: «arraro hitz egiten duzu; ez da eeeestok esaten... sssssstok esaten da».

Eta nik: «Ssstok? Ados, eskerrik asko, Baykal».

Baykal: «Nongoa zara, juffrouw?».

Maite: «Frantzia eta Espainia artean den herri txiki batekoa».

Baykal: «Ni ere bai, ia-ia».

Maite: «Nola, zu ere bai ia-ia?».

Baykal: «Aita eta ama Turkiakoak dira, baina ni Amsterdamen jaio nintzen, beraz, Turkia eta Herbehereen artean den herri batekoa naiz. Baina nire herria handia da. Tamainagatik ez balitz, ia-ia leku beretik gatoz, juffrouw».

Aiiiii ama... gora Baykal!

Lan egiten nuen musika eskola hura gizon kurdu batek zuzentzen zuen; eta nahiz eta ni Amsterdamera iritsi berria zen biolin ikaslea izan, eta nederlanderaz bost hitz besterik ez egin... biolin eskolak emateko hartu egin ninduen: «Lasai», esan zidan, «ikasiko duzu».

Turkiako instrumentu tradizionalak eta Turkiako dantza ere irakasten ziren, biolina, pianoa, gitarra... eta beste tresna klasikoez gain.

Oso giro koloretsu-internazionala sortzen zen bertan, irakasle, guraso eta haurren artean. Sekulako arrakasta zuen eskolak, baita oraindik ere!

Haurren gurasoek beti opariz betetzen ninduten. Baklavak egiten zituen Baykalen amak, nola ez (ekialdeko zenbait herritan eta Asian egiten diren hojaldretxo gozo-gozoak...). Uste dut apirila zela baklava kaxatxoa hartuta etorri zitzaidanean; nik bezain gaizki egiten zuen nederlanderaz emakume hark, baina elkar ulertzen genuen. Baykalek ez omen zuela kurtso amaierako kontzertuan jo nahi, baina ez zela niri esatera ausartzen.

«Bale, lasai, hitz egingo dut berarekin», nik.

Ez zen harritzekoa jo nahi ez izatea; antzoki oso bat alokatzen zuen musika eskolak, eta goraino beteta egon ohi zen: hiru orduko kontzertu haietan ikasle eta irakasleek, denok jotzen genuen; eta guraso eta familiakide amaigabeen ilarak izan ohi ziren ikusle zaratatsu subjektiboak.

Maite: «Baykal, ez al duzu kontzertuan jo nahi? Gaizki joko duzun beldur zara?», irakasle pedante ahotsez jarraitu nuen: «Gaizki eta ondo elkarrengandik hain gertu daude, batzuetan nahastu egiten ditugu... ez dakigu zer den zer».

Baykal: «Niri ondo ala gaizki ez zait axola... baina lotsa ematen dit jendeari nire barruko baklavak erakusteak...».

Maite (flipa-flipa eginda): «Aaaah... orduan ez duzu jo nahi?».

Baykal: «Bai eta ez...».

Maite (erdi brometan): «Eta maskara bat jantziko bazenu?».

Baykal: «Norena?».

Maite: «Ez dakit... zer iruditzen?».

Baykal: «E.T.-ren kareta bat badu nire arrebak etxean...».

Maite: «Bale!».

Urte hartako nire lau ikasleak mozorrotuta irten ziren kontzertura: E.T., Mickey Mouse, Winnie de Poo eta ezagutzen ez nuen munstro urdin bat: a zer-nolako orkestra!

Uda pasata, Baykal amarekin etorri zen klasera: Baykalek deskantsua hartu nahi zuela lehenengo hiru hilabeteko hartan, baina gero klasera bueltatuko zela azaldu zidaten. Pena hartu nuen. Baina handik hiru hilabetetara bueltan etorri zenean, poza! Segituan aspertu zen ordea, eta ihes egin zidan handik gutxira.

Baykal: «Juffrouw, ez zara nirekin haserretuko, ezta?».

Maite: «Ez, motel, zergatik?».

Baykal: «Niri zopa ez zait gustatzen...».

Eta muxu eman zidan azkenekoz.

Hurrengo eguna asteartea izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.