Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Arrazoi teknikoa

2016ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Sistema bere hartan mantentzen duen baliabidetzat har daiteke arrazoi teknikoa, helburuen araberako ekintza arrazionalaren aitzakian ezarria. Tresna ikusezina balitz bezala moldatzen da dominazio politikorako, teknologiaren erabilera egokiz eta prozesuen eraikuntzaz sostengatua. Arrazoi teknikoak berekin dakar teknikaren indarra, natura ez ezik, gizartea ere kudeatzeko. Egitura kapitalista aurreratuei atxikita doan doktrina berria da, dominazioa razionalizatzen duena, dominazio aparatu bera mantendu eta hedatzeko. Gauzak horrela, dominazioaren zilegitzeak giza baliabideen eta naturaren ustiaketa eskatzen du, beti ere bizimodu erosoago eta eraginkorragoak hornituz gizakiarentzat.

Mendebaldearen nagusitasunaren oinarria pentsamolde zientifikotik eratorritako arazotzat har daiteke. Natura eta kulturaren arteko banaketa irudikatzen den unetik sortuko litzateke naturarekiko gailentasun jokaera okzidentala. Horrekin batera etorriko lirateke zientzia diziplina desberdinetan zatikatzea, gauza guztien izendatzea eta jakintza naturalen salerosketa kontrol forma bezala.

Subjektu eta naturaren arteko harreman mota bereiztu honetatik abiatuta, hizkuntza eta sinboloak lirateke prozesu naturalen jazarpenerako tresnak mendebaldeko ekonomian. Sinbolo eta hizkuntza bidez sortzen da subjektu pentsalari eta objektuaren arteko bereizketa, distantziaz banatuz geure burua eta arrotza zaigun bestea. Sailkapenak egiterakoan, izenak jartzerakoan eta kodeak sortzerakoan, natura arriskutsu eta berezko baten domestikazio logikoa bilakatzen da kultura horrela. Zientziak dakartza ezagutza eta boterea, eta zientifikoki finkatzen da gizakiak naturan eta historian duen lekua, gorputzaren eta komunitatearen kontrolerako tresnak eskaintzen ditu.

Pentsamendu moldeen arteko lehiaren ondoriotzat dugu oraina. Molde batzuek besteei gainditu zaizkie, zientziaren ideologia nagusi bilakatzeraino azken mendeetan. Horren emaitza litzateke europar tradiziotik eraikitako naturarekiko harremana: baliabide naturalen ideia bera, esate baterako. Guk ustiatu eta baliatzeko hor dagoen hori batetik, eta jatorrizko herrien komunitarismoa eta lurrarekiko lotura, bestetik, ziklo naturalei so, giza bizitzaren parte gisa.

Mendebaldeko gizartearen ikuspuntutik, energia berriztagarriak, ingeniaritza sozialak eta bioteknologia dira etorkizuneko munduaren iragarpen. Diseinua da bizitza iraunarazteko arloa, guztion ongizatea ekarriko diguna, zientzia eta teknologiaren defentsaz oparotasuna ekoiztuz, kultura ezarriz emantzipazio eta inspirazio mugarri, eta bizitza eraginkorragoa bilakatzeko plangintza gisa ulertuz teknologia. Testuinguru honetan, teknologiaren erabilera eta harreman sozialen artifizializazioak aukeren askatasuna, demokrazia eta zoriontasunaren promesak dituzte barnean. Baina ideologia honek atzematen digun zoriontasunak artifiziala dirudi, mamirik gabea eta ingurumen suntsitzailea.

Zientzia eta teknologiak gizartea emantzipatu behar zueneko promesa utopiko hark jakineko ondorio historikoak izan ditu: ekosistemen desagertzea, gizakiaren existentzia bera mehatxupean jartzeraino. Mundu ikuskerazkoa ei da arazoa hemen, izan ere suntsiketa edo tabula rasa berezkoa du modernitateak, garapenari aurrea hartzeko forma gisa.

Iragan zaharkitu, geldo eta itogarri batekiko askapena zekarren berarekin, izatez, modernismoak. Iragana eta geroa bereizten zituen gezi baten aurrean kokatzeko modua zatekeen, honela, ekintza modernoa, iraganarekiko haustura zeharokoa aldarrikatzen zuena, alegia. Hortik, zientzia eta kultura lirateke gaur egun lehendik datorkiguna hautsi eta aurrerabidea prestatzen duen suntsipenaren ondorioak arintzeko gailuak.

Kritika bera da hobekuntza eta garapenaren beste osagaietako bat, modernitatearen jokoa dantzarazten duen estrategia garaikide nagusia. Izan ere, kritikaz loratzen da modernitatea, asmatzeko, molde eta paradoxa berriak sortzeko, leku berrietara iristeko grina pizteko, munduari begiratzeko, edota iraganarekiko gure harremana eraikitzeko modu propioak aurkitzeko.

Teoria kritikoak esaten du modernismoak jartzen dizkigula eskura giza askapenerako baliabide sozial, ekonomiko eta kognitiboak; baina gizartearen eta naturaren dominazioen baitan, betiere. Modu honetan irauten dute nolabaiteko aurkakotasunek: natura/ kultura; garapena/ azpigarapena; desazelerazioa/ azelerazionismoa; jatorrizko herrien lurraren borroka/ lehengaien ustiaketaren kapitalismoa.

Gizartea goiargitu eta burujabetzeko modernitateak antolatutako bitartekoa da kultura. Horren adierazle dira ekoizpen kulturalerako azpiegitura berriak, erakunde neoliberalek aurrekontu eskergaz finantzatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.