Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Distira

2015eko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Garaian garaiko tristura boladak jo du hiritar modernoa, eta ez da gizarte ekintzarako gai. Bere buruaz ihesi hurreneko hipermerkatura saltoan jo eta 150 pulgadako LED telebista zapal distiratia erosiz egingo du aurrera. Aparailua piztu bezain pronto joan dira penak. Eskuko mandoa hartu eta hiru segundora, etorri da bere onera, halaxe. Mediku errezetak iragartzen duen eran hiru segundotan antzeman da onura. Pantailatik datorren egitaraua baino pantaila beraren distira da erremedio homeopatikoa.

***

Bizileku berriak salgai dira inmobiliarian. Merkatua geldo baldin badabil, hiru puntutako programa ezarriko da, salmentak bizkortzeko. Lehenik eta behin sasoiko lore multzoa landatuko da jabegoaren inguruan —petuniak dira ikusgarrien— kolore bizi eta zuriak txandakatuz. Xarma eta alaitasuna emango die esparruari. Bigarren, luxuzko automobil bat aparkatuko dute jabegoaren ondoan, saldu bitartean geldirik, argazkirako, zein bisitarien begietarako. Autoaren distiraren bitartez beste begiekin begiratuko diogu ingurumariari. Pelikuletako izarren arteko amodio eszenaren bat asmatzea litzateke hirugarren neurria, bertan jazo izan balitz bezala. Famatuen arima ustezkoak balioa erantsiko dio.

***

Dubaiko berrogeita hamazazpi solairuko etxe-orratzak su hartu du. CNN telebista katean, behin eta berriro errepikatzen da irudi sekuentzia, amaigabeko zirimola bailitzan, pantailaren fondo hipnotiko bat bezala. Eraikuntzaren beira iluna suaren garrarekin nahasten da kolorearen bizitasunean. Irudi mota berria eraikitzen digu. Jada ez da giza tragediarik, ikus-entzunezko erretransmisio gertakizun sortzailea baino. Hala dio gero telebistako esatariak: «eraikuntza kelartu horrek presiodun ur mangera ez du nahikoa izango berriro distiratsu jartzeko».

***

Bitxi denda eskaparate garestia ondo atontzeak badu hainbat sekretu eta trikimailu. Esate baterako: kutxatila batean antzeko bi objektu, hiru edo gehiago jartzen badira ilaran, jendeak ezkerrekoa joko du baliotsuen, hala ez baldin bada ere. Irudituko zaigu erdikoa litzatekeela irabazle, baina ez, itxuraz. Luxu eta desio arauak inork baino hobeto menderatzen ditu diamante dendariak.

***

Garbiketa produktuak supermerkatuko pasilloan alderik alde daude jarrita. Lixiba eta bainugelarako likidoak, kolore, ontzi eta marka kolekzio amaigabea. Distira saltzen digute eta distiratsuak dira. Apalaren ilaran elkar sabotatzen dute, bata bestearen aurkako konpetizioan nolabaiteko ilusio optiko amaigabea eraginez, ostadar kimiko bat irudikatzen da. Kolore arrosa eta turkesak, letra lodi urdin eta laranjak. Kontsumo-soziologiaz harago doa, eta eraketa biologikoa dirudi. Petunia lorategia izan edo plastikozko ontzi sekuentzia, ez da alde handirik. Ontziak beteta edo hutsik, berdintsu dio apalaren gainean. Barruko likidorik gabe ere objektuak bere izaera kulturalaz eutsiko dio zentzuari. Osagaia bera bezainbat da estimulu ikusmen informazioa. Kontzientzia ekologikodun ipuinean arriskutsutzat sailkatuak dira sedukziozko distira tranpatiaren ondorioak.

***

Antzeko pasadizoek zuzenean gure DNAn txertatutako balio eta edertasun nozioak xedatzen laguntzen digute. Distira gaztea da. Distirak emankortasuna dakar. Distirak ez du ustelkeriarik. Erosketa berri garestiaren usaina du distirak. Distira gogoko dugu, hainbatetan, erakarpen ilunaren tentazioa piztuko digu, badaezpadako abisua bailitzan.

Arte munduak errezeloz hartu ohi ditu objektu eta gainazal distiratsuak, beldurra ere badie, maila psikologikoan. Norbere desesperazio existentzialean irribarrea pizteko ahamena baldin bada sofistikazioa, orduan distira printzari diogun mesfidantza izango litzateke estalkiak mamiari gain hartzearen beldurra. Sakontasuna eta axala bat direla ikusteak beldurtzen gaitu, edertasuna eta hutsalkeria bat eginda ikusteak. Irudi ekonomiaren gorpuzte iragankorra besterik ez da objektuaren distira, doia bezain garbia. Distiratsu, Warholek arrazoi zuen seinale. Kritiko berriak egoskor ageri badira ere.

Distira ukatzeak adierazten du zenbateraino den gaur egungo artea gaur egungo artearen ispilu. Tautologia soila. Hor dira arte azokak, gero eta distiratsuago. Informazio etiketak objektuaren ahalmena irentzen du, diferentziak moztuz. Erakusketa alternatiboan ere, seinale deigarriegirik ez bada ere, era berean goratuko du objektua estandarki itsatsitako etiketak. Objektuen inguruan antolatzen da jendea. Batzuek eta besteek festa berbera dute jomuga egunaren amaieran, jasotakoa partekatzeko para izan liteke, gero inor ez da eroso sentituko ordea bertan. Hondoa jotako aurpegi keinua agerraraziko dute gonbidatuek, halabeharrez, eta grinarik gabe dira, izan. Nahiago lukete hotelera goiz erretiratu, norbere desirak distiraz eranzteko irrikaz. Hurrengo egunean ere cocktailera joango dira, gogoz kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.