Maite Larburu.
LAUHAZKA

Musikarion droga gogorrak

2016ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Behin, estres gehien sortzen duten lanen artean zirujauarena eta musikariena zegoela entzun nuen.Orain, taxistak, militarrak, suhiltzaileak, pilotuak, berriemaileak, poliziak daude estresa lanean sufritzen dutenen rankingetan. Musikarien arrastorik ez dago inon. Banengoen, bada, ni... zirujaua eta musikaria maila berean jartzea harrigarria iruditzen zitzaidan!

Musikariok kontzertu garaian akatsen bat egiten badugu, belarriko minen bat ala beste sor genezake. Asko jota, entzuleren baten keinua eta nerbio sistema okertu genitzake une txiki baterako... (hori guztia, sarreraren truke ordaindu den prezioaren arabera, noski; desafinatzeak ordaindutako pezetak baino gehiago izan badira... trauma!).

Hala ere, konparaziorik ez zirujauak operazio mahaian hutsegiteren bat burutzearekin.

Egia da oraindik bizirik den konpositorea bere pieza nola jotzen duzun entzutera etortzen bazaizu ikara ez dela txikia! Lagun batek kontatu zidan, Stockhausen konpositore alemaniarraren pieza bat kontzertu batean jo ondoren, konpositoreak berak esan ziola: «Nire obra asko gorrotatu behar da horrela jotzeko!». A zer-nolako bajoia. Akaso bai, akaso pieza gorroto zuen nire lagunak eta bere interpretazioarekin konposizioa suntsitu egin nahi izan zuen... baina inor ez da hiltzen interpretazio txar bat entzunda gero. Nik dakidala behintzat ez... eta hala izan bada, nahiago ez jakin!

Zorteduna sentitzen naiz musikarion talde honetan: antzinako musika jotzen dut gehienbat; beraz, ezin Mozart eta Beethovenen kritikarik jaso.

Irakasle tirano, tribunal zorrotz, ikusle jakintsuen aurrean jo izan dut, hori bai. Eta beldurra pasatu dut, bai, bai, bai! Baina bular bat bisturiarekin ebakitzea... pfffff!

Ebakuntza batekin antz handiena duen musikari-egoera entzunaldiak dira.

Entzunaldi bat oposizio moduko zerbait da. Eman dezagun orkestra sinfoniko batek tronboilari plaza hutsik duela; bada, orduan, entzunaldi batera deituko da. Tronboilariak, derrigorrezko musika pieza batzuk prestatu beharko ditu, eta, ondoren, kasuan kasuko orkestrako epaimahaiaren aurrean jo beharko du. Gortina baten atzean joko du gainera, entxufismoa bistatik ezkuta dadin. Musikarengandik ezin urrunago dagoen egoera surreal eta nazkagarriena da entzunaldiena, benetan. Imajina ezazu: entzunaldiaren eguna, 106 tronboilari zure pieza berbera jo eta jo... zure txanda da, fa sostenidoan desafinatu duzu, kaka!, entzun ote dute? Bat-batean kanpai bat: klin, klin, klin, campana y se acabó! Etxera, hurrengo orkestra entzunaldia prestatzera.

Hamabost urte nituen, eta nire lehendabiziko entzunaldia prestatzen ari nintzen, bat-bateko azterketa guztiak gainditzen laguntzen duen magoaren izena entzun nuenean: Sumial, beta-blokeatzaileen medizinen artean sailkatzen den pilulatxoa. Ez da baleriana, ez da tila: errezeta behar da Sumial lortzeko. Eta nahiz eta urduritasunik uxatzen ez duen, bihotzaren taupadak mantsotzen ditu, eta dardara kentzen du: entzunaldian ondo jotzeko garantia! Nik ere proba gainditu nahi nuen eta... astearte buruzuri batean, entzunaldirik gabeko egun trixte batean, Sumial irentsi nuen, entzunaldi garaian sentituko nuena aurre-esperimentatu nahian. Han bukatu ziren nire beta-blokeatzaileak: zein gaizki! Bai, onartzen dut: nire bihotzak iritzi propioa du, eta askotan ez dator nire arrazoiarekin bat, baina hura ez zen normala! Zangoek Hernanitik barrena ninderamaten bitartean, bihotza supermerkatuko sardina lata barrura joan zitzaidan bizitzera. Enuen Sumialik hartu entzunaldirako.

Hala ere, ezagutu izan ditut Sumial gabe entzunaldi, kontzertu edota klase batean jotzeko gai ez diren musikariak. Adiktiboa da droga hori, guztiak bezalaxe. Psikologikoki, batez ere.

Azken egun hauetan, artikulu honekin bueltaka nenbilela, nire adiskide musikariei galdezka aritu naiz ea beldur eszenikorik sufritzen duten. Erantzunak kolore guztietakoak izan dira, baina urduri jartzen ez denik ez dut topatu; denok sufritzen ditugu nerbioak. Davidek esan dit berak Sumial beste batzuek whiskia erabiltzen duten bezala erabiltzen duela; Judith Mariak esan dit, kontzertu zail baten aurrean, agertokira igo aurretik, bere buruarekin ringera doala pentsatzen duela (ideia horrek asko inspiratzen du, nonbait). Baina erantzunik politena Milosena iruditu zait. Beta-blokeatzailerik noizbait behar izan duen galdetu diodanean, zera esan dit: «Pastillarik ez dut behar nik jotzeko; nik, jotzeko, biolina behar dut! Estresa, kontzertura biolinik gabe azaldu naizela konturatutakoan sortzen zait».

Bai, jauna, estresaren kontrako sendagairik eraginkorrena, barrea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.