Juanjo Olasagarre.
LAUHAZKA

Tropelekoak metonimia gisa

2017ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Zer egin dezake 54 urteko idazle tropelero batek Euskal Sistemaren eremuaren barruan? Hiru aukera ditu, bueno, lau, baina laugarrena...

Lehenengoa, Aingeru Epaltzarenak esan; bigarrena, Jokin Muñozenak isildu; hirugarrena, Gil Berarenak jo. Lehenengoa argitzeko eskatu ditut etxe honetan 2003. urtearen inguruan idazle nafarrak egindako adierazpenak, baina garzonkeriak zio, ez daude; buruz ariko naiz, beraz, interesatuak eta irakurleak barkatuko didalakoan. Epaltza, irakurleak eta, orohar, sistema literarioak eskaintzen zion arreta gutxiaz kexatzen zen adierazpen haietan. Bigarrena, Jokin Muñoz, isildu egin zen, eta pribatuki soilik adierazi du isildu dela. Gil Berak danbatekoa joz alde egin zuen hautsak harrotu ondoren.

54 urteko idazle tropeleroari batetik bestera ibiltzen zaio gogoa, epaltzatik muñozera, muñozetik gilberara eta buelta, ordenadorearen aurrean kateaturik egiten ari denaren hutsaltasun eta absurdoa tartekatzen zaiola, Etxepareren izpiritu Institutuan haragituak salbatuko duelako esperantzatan.

Tropelekoak, gizonak denak, emakumeek ezin baitute definizioz emakume baino ezer gehiago izan, larrutik pagatzen ari dira aita hil ez izana, aitak, Atxaga-Saizarbitoriaren belaunaldiak, ez baitu aita izateari uzteko eta semeekin erreleboa txandakatzeko batere asmorik. Esanen genuke euskal literaturaren Charles printzeak direla; erresuma hortxe dute, baina aitak, Elisabeth erreginak ez du erretiratzeko asmorik. Emanen zuen Edipo konplexu konpondu gabeko hori hemengo sistema literarioaren ezaugarria zela, baina Rafael Rey edo Antonio Orejudok aurreko belaunaldiarekiko duten harremana ikusirik, areago iruditzen zait Estatu Espainiarra Trantsizioan modernitatearekin lehiatzeak eragindako arazoa. Zer-nola kendu aginte makila modernitatea ekarri zuten horiei, tropelekoen asmorik behinena modernoak izatea baitzen?

2000. urtearen inguruan jada ikus zitekeen historiak tropelekoen gainetik jauzi eginen zuela. El relevo ha llegado erreportajeak (Deia, Ana Ramos Bilbao; barkatu hemen ere ez dut datarik) zera erakusten zuen: Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Urtzi Urrutikoetxea, Julen Gabiria eta Unai Elorriagaren argazki dotorea; eta Atxaga, Izagirre, Lertxundiren ondorengoak zirela zehazten zuen. Euskal Literaturaren sisteman, horrela, gizon idazle belaunaldi bat astolana egitera kondenaturik dago, aspirante eternoak izatera, idazten dutena idazten dutela.

Linbo horretan galduta, tropeleko idazleak bere buruari galdetzen dio zergatik jarraitzen duen ordenadoreari kateaturik; gaztetan nartzisismoa eta esperantza zituen akuilu, baina 50 urteen inguruan nartzisismoa ergelkeria da, eta esperantza iragana. Diruagatik, behintzat ez da (badakit euskaldun progreen artean diru kontuak aipatzea ez dela pollita). Izan ere, Euskadi Saria irabazitakoek kenduta —gutxi dira— 6.000 eurora ez da ailegatuko bi poema liburu, nobela bi eta saio bat idatzitako tropelero batek irabazitako kopurua. Horretan ere erreleboek aurrea hartu diete; adibidez, Asier Serranok, Lubaki Bandako batek, 50.000 euro adina erauzi dizkio Euskal Sistema literarioari hiru poema libururekin, tropelari batek amestu ere egingo ez lukeena.

Arazoa areagotzen da munduaren eta euskararen martxa ikusita. Gaur egun Proust argitaratzea ezinezkoa litzateke; zer esanik ez Berlin Alexanderplatz. Literatura, jakina da, arte izateari utzi eta entretenimendu bilakatu da munduan eta hemen; irakurleek gauza errazak nahi dituzte, utikan beraz, abangoardietatik eratorritako teknika literarioak; istorioa zuzena izan behar da, ordena kronologikoan kontaturik; eta hizkuntza erraza, eta sintaxia esaldi laburrekoa. Euskal idazleak bi ezaugarri horiek zaildu nahi baditu, esaterako istorioa aurrera atzera kontatuz eta sintaxian, demagun, pentsamenduaren sigi-sagak imitatuz, hieroglifiko bihurtzeko arrisku handia du. Are gehiago tropelekoa bada, tropeleroak izan ez baitu normaltasunetik at dauden ezaugarri literario horiek ezartzeko autoritaterik.

Charles horiek guztiek galdetzen diete beren buruari aparretan dabiltzanak, Atxagak, Canok, Uribek ez ote dieten galdetzen beren buruari zer egiten duten euskal literaturan. Galdera horiek eurenak bakarrik ote diren. Eta hartara, tropeleroak daukan kokapen subsidiarioa baliatuz erabakitzen du Euskal Literatura osoa dela tropela Munduko Letren Errepublikan, zeina, bestalde, gainbehera etorria dagoen.

Zer egin? Epaltzarenak esan? Muñozenak isildu? Gil Berarenak jo? Laugarren aukera Montoiarena da. Baina Montoia musikoa ere bada, eta agertokiek asko betetzen dute bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.