Maite Larburu.
LAUHAZKA

SPM

2017ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
—Nola nahi duzu makillatzea?

—Ahal duzun gutxien, ez dut makillajea erabiltzeko ohiturarik —erantzun diot.

Ingelesez izan da elkarrizketa, baina Krakovian nago.

Begiak itxi ditut. Aurpegia laztantzen ari zaidana katu baten isatsa dela irudikatzen saiatu naiz. Baina betazalak altxatzerako, ez dut nire aurpegia ikusi, talo haragi koloredun maskara bat baino.

Poloniar makillatzaileak ez du esan diodana ulertu, antza.

Eta aldageletarantz abiatu naiz, triste.

Birako laugarren ala bosgarren kontzertua da hau? Ez dakit. Egunero hiri ezberdin batean jo dugu. Denak nahastu egin zaizkit eta laino eraikindun bat osatu, nire baitan. Varsovia? Czeczin? Breslavia? Denbora tunel bat da, horrelakoetan. Eta gu denok, kezturiko tunelean barrena goazen artaldea. Tunelaren bestaldean argia dago; argi artifiziala, fokuak, eta agertoki bat, ikuslegoa. Hara iristea da musikarion eguneko helburua. Eta kontzertua ematea.

SPMak jota nago (sindrome pre menstruala). Sindrome Post Makillajea ere izan zitekeela otu zait. Gurin beroa naiz, ur koipetsua bihurtzeko zorian. Aldagelan, nire aurpegiari ispiluan berriro ere begiratu eta negargura jarri zait. Nor da mapa-plastifikatu-buru hori? Betazalak rimel beltzez beterik ditudala eta negarrez ez hasteko esan dit taldeko kide batek. Noski, herbeheretarra izango da bera, eta oso pragmatikoa. Baina negargura ez da pragmatikoa. Ezta hilekoa eta SPMa ere. Eta ni... ni ez naiz herbeheretarra: bi malko bidali ditut aurpegian behera eta ahoan hiltzen diren bi bideren arrastoa geratu zait masailetan. Horrela. Horrela gehiago gustatzen zait musu-hule urratu hau.

Telebistarako jo behar dugu gaur. Eta zerbait arraroa dabil airean. Musikarion eta musikaren artean infiltratzen den zerbait. Makillajearen antzerako zerbait. Gazteago, ederrago, distiratsuago, perfektuago izan beharreko obligazioa. Baina sekretuki, badakigu rimel eta ezpainetakoak, latazko alaitasunak, nire alboan eseri den cameraman-ak, musikari enbarazu egiten diona. Espresioari enbarazu. Aurpegian lifting-a egin eta irribarrearen ordez keinu makarronikoa egiten duen aktorearen espresio katatonikoa bezalaxe.

Ondo jo behar da, telebistarako delako. Akatsik ez da egin behar. Baina hutsegiterik gabe jo beharrak, grabatzeak... musika makillatuarazi egiten dizu... ez duzu azpiko azal gordina erakusten; kontuz-kontuz tapatzen dituzu orbanak, etenak, ospelak, zauriak.

Bai nagoela ezkor!

Ala nire perspektiba SPMa da?

Ederki gabiltza biran, egia esan; luxuzkoa da tour hau. Leszek Mozdzer piano jotzaile poloniarrarekin batera grabaturiko diskoa ari baikara aurkezten. Diskoa Herbehereetan grabatu genuen, duela hilabete batzuk, hark idatziriko (eta hain ondo idatziriko!) musikarekin. Jazzetik, klasikotik, dodekafonikotik dute zerbait Leszeken doinuek. Eta hura pianoan inprobisatzen ikustea da benetan zoragarriena. Ez nuen ondo ezagutzen gizon honek bere herrialde propioan duen entzutea norainokoa den. Zenbat jende ekartzen duen kontzertuetara! Kontzertu bakoitzaren ostean, ordubete pasatzen dugu diskoak sinatzen, gutxienez.

Krakovian ez dugu diskorik sinatu, ordea.

Kontzertua amaitu denean, (eta bai, ondo joan da, akats kopurua onargarria izan da), gure txelistaren atzetik abiatu gara korrika musikarietako batzuk. Dovzhenkok 1930ean zuzenduriko Lurra film mutua musikaz janztera doa, Bastarda hirukotearekin batera: klarinete, klarinete-kontrabaxu eta txeloaren laguntzaz. Hoteletik pasatu naiz lehendabizi: aurpegiko pastela nahi dut kendu. Olioz baliatuta ahal dudana egin dut, baina ezin izan dut guztiz begietako ikatza ezabatu. Berandu sartu gara zinema aretora. Lurrean eseri behar izan dugu: ez dago lekurik. Pantailan gizon bat ageri da, pasaia bat gurutzatzen duen bide gainean dantzan. Arratsa da eta ingurunea ez da guztiz ikusten, lausoturik ageri da, koadro inpresionista bat balitz bezala. Oinek dantza egitean altxariko hautsa, hauts gori-distiratsua da ikusgarriena.

Esne bidea da oinak hausten ari direna.

Eta gizonak ez dakit, baina heriotza da bidearen amaieran zain duena.

Hautsa doinu miragarri bihurtu da, Bastardakoen tresnetan.

Eta sendagarri egin zaigu irudi eta hotsen baltsamoa: telebistak ezarri digun burmuin makillaje borragoma.

Gaurtik begiratuta, Belgikako hotel honetatik, zera esan dezaket: Krakoviako biharamuneko azken kontzertua izan zela gure bira poloniarrean ederrena. 1.700 pertsona biltzen dituen Katowiceko auditoriuma ia beterik agertu zitzaigun.

Kamerarik, makillajerik gabe.

Ginena izan ginen; akastun arrisku hauskor bat.

Sindrome Post Makillajeak emandako indarrak bultzatuta, paraxutik gabe salto egin bagenu bezala.

Gure aurpegi margotua garbitu ondoren agertu zena ez zen akaso hain alai eta gaztea izan. Baina bai benetakoa.

Bidearen amaieran zain dagoena zer den jakinda, dantzan doan musikari taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.