Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Suntsiketaren liturgia

2014ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Miliziak dinamitaz birrindu du Erdi Aroko tenplu sakratua. Jada desagertutakoari zeruranzko kea dario irudietan, izandakoaren aurak artean airean eutsiko balio bezala. Bertan zenaren arrasto isila besterik ez zaigu ageri begi bistan. Suntsitutako estatuaren hutsuneak goratu egingo du ausentziazko eitea. Mainstream telebistak berehala erakutsi ditu irudiak, basakeriaren errepresentazio gisa, intentzioz eraikitako erretransmisioan. Leherketa gertatu bezain pronto, han dira kamerak, aurrez iragarritako gidoia balitz bezala. Izan ere gerra kazetaritzan hildako gorpuak eta odola irudikatzea desegoki jotzen denean, ondo dator balio ezabatuaren fotogenia. Ondare suntsiketa bilakatu da gerraren errepresentazio ikus-entzunezkoa, informatiboetan mikrofonoz ari den korrespontsalaren denbora eta espazioa beteko duen fondoko paisaia.

Misio teologikoa ei zuen suntsiketak, heresiazko garbiketa. Aurreko erregimenaren zantzuak desegiteko mandatua eman du aginte etorri berriak. Politeismo tentazioak ekidinez ikur eta lekuak lehertuko ditu edota bere federa eraldatu, hortik aurrera erreinu berriaren zeinu gisa birziklatuz. Gerraren berezko bitartekoa izaten da monumentuen suntsiketa, ordena aldaketaren adierazgarri, iraganaren eta orainaren arteko marra. Behin botere ikurren jabe eginda gailentasun balizkoaren errepresentazioa erdietsiko du irabazleak.

Ondare sakratutzat jotako monumentuaren ezabaketak asaldatu egingo du ikuslearen kontzientzia sentsiblea pantaila aurrean. Behin galbidera eman denean izango dugu haren balio kulturalaren berri, eta beldurgarri iritziko diogu ezagutzen ez genuen altxorra betirako hondatzeari, etika unibertsalaren kontrako mehatxu. Ankerkeria mamuak gure ongizate hauskorra astinduko du une batez. Galdutakoaren errepresentazioak irudikatuko du lehendik ezagutzen ez duena eta ondoren faltan sumatu beharko genukeena. Hitzik gabeko semantika. Ezabatze sinbolikoa, tragedia gisa.

Unescok, aldiz, zeharkako kaltetzat jo ohi du ondarearen galera, ezinbesteko patua, gatazka egoeran ez direnez errespetatzen nazioarteko legediaren babes neurriak. Ondarea katalogatu eta errekuperatzean du bere zerbitzua, eta su-etena iristean joango dira delegatuak aurrekontua eskainiz berreskurapen plangintzaren izenean. Sinesmen sinbolikoko loturak erlatibizatuz balio historikoa razionalizatuko du Unescok, ariketa didaktikoan irakurketa globalizatua baimenduz. Izan ere, gure begirada, turista kosmopolitarena da honezkero. Galdua dugu historiaren geruza eta hausturak bereizteko gaitasuna, gainazalaren logika didaktikoa nahikoa dugu jakin-min iragankorra asetzeko.

Behin izaera sakratua ezabatuta, haren arrastoa abstraktu bihurtuko da. Izandakoaren bertsio negatibo traza hartuko du. Eta abstrakzioak erraztuko du izaera profanoa, kodifikazio unibertsal eta kontsumigarri gisa ezarriz. Modernismoaren eragiketa klasikoan, abstrakzioak lehendik zenari gainezarriko dio forma berria. Laua da abstrakzioa, narrazio etena. Bigarren aukera semantikoa, edota balio erantsiaren transakzioa. Ondarea zena, bataila zelaia da orain. Ez da aztarnarik agerian, landaretza baino ez, eta ohorezko plaka edo monumenturen bat, hizkuntza desberdinetan bisitarientzat paratua.

Erlijiozko ikur, monumentu sakratu eta irudien suntsiketari deitu zaio ikonoklastia. Baina suntsitzerakoan birsortu eta eraldatu ere egingo da ikurra, historia kulturalaren barne korapiloa errepikatuz. Frantziar Iraultzan, Antzinako Erregimenaren ordena hautsi beharra zegoen, eta haren errepresentazioak ezabatu, ordena berriari leku eginez, fisikoki zein metaforikoki. Motibazio teokratikoak gaindituta, paradigma berrian ekintza politikotzat hartuko dira eraldakuntza hauek. Gertakizunen ilustrazio komunikatibo ez ezik, joera estetiko ere bilakatu zen horrenbestean ikurron suntsiketa, ordura bitartean imajinatu ez bezala, hainbat ilustrazio iraultzailetan ikusiko dugunez. Kanon konposatua baino haren haustura edo ezak hartuko du lilura.

Ikonoklastia izan da tresna politikoa, adibidez iragan erlijiosoarekiko haustura keinua, anarkisten ekintzetan. Ikonoklastia publizitate estrategia bilakatu da, bai marketin komertzialetan, zein gerra propagandan. Eragiketa politikoak boterea eta autonomia bilatuko ditu, fedearen defentsa sakratua baino gehiago. Suntsiketa bera da propaganda arma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.