Elena Martinez Rubio.
LAUHAZKA

Emazteen kaltez

2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Erraza da —ia-ia errazegia, zoritxarrez— filosofo ospetsu gehienak barregarri uztea, emakumeei buruz idatzi dutena gogora ekarriz. Hari horretara, Annegret Stopczyk idazleak 1980an Zer pentsatzen duten filosofoek emakumeez izeneko bilduma argitaratu zuen, gizonezko filosofoen gogoetek osatua. Bertan agertzen da auzo lotsa sortzeko moduko burutapen eta zentzugabekeria anitz, jantzi arranditsuetan mozorrotua. Nola liteke buruargi horiek horren burumotz izatea emakumeen gaineko iritzietan?

Filosofoek eta zientzialariek, oro har, maiz hartu dute ezaugarri biologikotzat gizartearen bilakaeraren emaitza baino ez zena; hots, andreen ahulguneak hainbat arlotan. Jakina, zail da garatzen debeku eta orotariko eragozpenengatik trebatu ezin daitekeena. Alabaina, ongi frogatu da honezkero, emakume askoren berebiziko ahalegin eta lorpenei esker, emakumeek ez dutela berezko edo jaiotzetiko inongo ezinkizunik, ez ezaguerari dagokionez, ez eta gainerako ahalmenei dagokienez ere.

Filosofoen jarrera makala zuritzea xede duten batzuek, berriz, testuinguru historikoa baliatzen dute zertzelada aringarri gisa. Dena den, ez al lirateke, hain zuzen, pentsalariak gauza izan beharko halako mugak hausteko arrazoimen askearen eta irudimenaren bidez? Marka da gero unibertsaltasunaren izenean mintzatzea eta garaian garaiko nahiz tokian tokikoaren sareetan harrapaturik jardutea, zuzeneko esperientziatik harago joan gabe.

Gizonezko pentsalari gehienak, azken batez, saiatu dira praktika bat baizik ez zenari zilegitasuna ematen, teoriaren bitartez. Eta, harrigarria bada ere, haien argudioek emakumeak etxekoak ez ziren zereginetatik baztertzeko edozein burugabek errepikatzen dakien Pernandoren egiaren antza dute. Bestalde, gutxietsi eta isilarazi dituzte emakumezko filosofoen lanak, behin eta berriz, hain neurri handian, non duela gutxi arte —hobeto esanda, XX. mendeko 80ko hamarkadatik aurrera feministek ikerketari ekin zioten arte— Filosofiako ikasleek ere ez duten izan andre filosofoen berri.

Era berean, Filosofiaren Historian egon da, Antzinarotik egon ere, bestelako hausnarketa egitera ausartu den gizonik, nahiz eta «emazteen fabore»-koen joera ez den gailendu. Besteak beste, Epikurok eta Pitagorasek emakumezko ikasleak onartzen zituzten beren taldeetan. Izan ere, filosofo gutxi horien ikuspegiak erakusten du, argi eta garbi, nonahi eta noiznahi izan dela aukera emakumeen gaitasunak aintzat hartu eta haize kontra aritzeko. Hortaz, ez dugu zertan leundu sexismoak liluratutakoen burugogorkeria: zalantzarik gabe, onura bereziei eusteko asmoak lelotu ditu gizon buru-jantzi franko.

XVI. mendean (Bernart Etxeparerena!) bizi izan zen Nettesheimeko Agrippa filosofo, teologo, osagile eta legelariak, esaterako, emakumeen alde egin zuen; haren ustetan, gizonezkoek andreei ikastea galarazten diete beldur direlako ez ote dieten, egunen batean, esparru guztietan aurrea hartuko. Halaber, John Stuart Millek Emakumezkoen mendekotasuna (1869) izeneko idazlanean aldarrikatu zuenez, de facto-ko bidegabekeria bati lege izaera aitortu zaio mendeetan zehar; eta emakumeen azpiratzea helburu duten erakundeak, ohiturak zein aburuak «basakeriaren aztarrenak» besterik ez dira.

Beldurra aipatu dugularik, jostailuari datxekion xarma galtzekoa ere dago tartean: makina bat filosofo «andren gaiz errailek» emakumeen hezkuntzari uko egin diote, ikasi nahiak edertasunari kalte egiten diolakoan. Friedrich Nietszchek —hamaikaren artean bakar bat hautatzearren— akastun eta susmagarri zeritzon emakume kulturazaleen sexualitateari.

Ildo beretik, gizonezko pentsalariek beti jo izan dute beren burua arrazional eta adimenduntzat, eta andreak, aldiz, natura hutsaren adierazgarritzat. Halere, soil-soilik gizonezkoen gutxiengo bat lotu zaio egiatan jakintsuen bizitza ereduari, hau da, bakardadeari. Aitzitik, gizonezko filosofoek —homosexualek izan ezik— andreekiko harremanen beharra izan ohi dute, beheragoko mailan kokatu dituzten arren. Zentzu horretan, ez diote kontraesanari buru egin. Areago, gaitzesten duen harexekin bizi eta oheratzen direnak ez dira beren buruaren jabe.

Bada, ilea lazteko adina gertaera bortitz eta pasadizo makur aurkitzen da filosofoen ibilbideetan. Aski da zenbaiten biografiei begirada bat ematea. Horra hor, adibidez, urrutira joan gabe, 1980an emaztea hil zuen Luis Althusser pentsalari ezkertiarra... Beraz, badirudi ogibideak ez daukala funtsezko eraginik jokabide misoginoan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.