Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Lorategi amestuak

2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Bideozaintzaren baitan bizi direla atzeman berri dute neohippyek. Egunerokotasuna aztarnategi arkeologiko baten barnean kokatua dutela frogatu orduko jabetu dira benetako egoeraz. Akuri pribilegiatuak besterik ez dira: gerra nuklear anker baten ondoren, lurralde zabaletik ihes migratu eta metropolietan birmoldatu da munduko populazio murriztua. Behin gerra amaitutzat emanda, hirian multzotu da jendea, gaixotasunak jota, hautsitako ordena naturala hala nola berregin duenean lurrazalaren ekosistemak. Faltsifikatutako telebista informazioaz baliatzen da elite aristokratikoa, bizitza baldintza berriak menpean hartu eta maneiatzeko. Eguzki sistemaren baitan populazioaren berezko hazkundea kontrolatu beharra dago, botere grinak itsututa. Motibo ilunak dira tartean, eta justifikazio moralik ere aurkituko zaio erabakiari: biztanleriak gora egingo balu, oreka ekologiko hauskorra suntsituko ei luke gainpopulazioak, gerra katastrofiko berri bat piztuz. Inondik ere, klase dominatzailearen seme-alabak dira neohippyak. Gizakiaren eta munduaren arteko gatazka eternoan oinarrituta gurasoek ezarri dieten misioaren parte dira. Oskol erraldoietan babestutako natura artifizialeko erreserbetara bidaliak izan dira, bolizko dorrea balitz bezala. Bitartean, beste planeta baten bila abiatu dira gurasoak, biziraupen luzeago baten esperantzan, ataka makur eta ilunean, heriotzaren muga gainditzeko bidean.

Parke tematiko babestutik kanpo, eremu gordin eta soilean sakabanatutako masa zanpatuen existentziaren berri jasotzeak kolokan jarriko du neohippyek garatutako utopia berriaren fedea. Erru sentipenak jango ditu. Ondorioz, erritual dekadenteen jokoan eroriko da zenbait, Warholen pinturatan inspiratutako hala moduzko joko esoteriko eta atsegingarriak tarteko. 60ko hamarkadan Vietnameko gerraren ondoren hippyek beren buruei egotzitako bekatuaren antzekoa izango da erruduntza berria, parekatze bertsuan, autosuntsitu edota betirako galdu eta etxera bueltan etortzerik izan ez zutenen patuaren gainean eraiki zen orduan ongizateak babestutako gazte pribilegiatuen plazer obsesiboa. Antzeko jomuga irudikatzen du Nicolas Poussin pintorearen koadroak: hilobiaren gainean idatzitako mezua aurkitu dute ezustean gazte artzain galduek, Et in Arcadia Ego dio inskripzioak; heriotzak ez du, baina, ihesbiderik Arkadia neohippyan. Hilerri batean bizi dira gazteak, ezinbestean. Eta beren buruari izaki humanoak direla sinetsarazteko programaturik, hainbat zantzuren ondoren ulertu dute erakunde zientifiko batek diseinatutako esperimentu zientifiko baten subjektu besterik ez direla, horrenbestean. Zahartze biologikoaren narriadurarik ez dute igartzen, eta beraien gorputz garapenean izoztuak izan dira, gerra nuklearraren ondorioz edota jazarpenezko bizitza subterraneoetatik etor litezkeen gaitzen aurrean babes neurriak hartzeko. Parke tematiko eta bizilekuak Strawberry Fields eta Elysian Fields gisako izen melankolikoak ditu, Marc-Antoine Laugier eta Rousseau filosofo modernoen Natura eta Gizaki Natural kontzeptuetan oinarritutako ereduetatik ekarritako deiturak batez beste, biak ere hiri burgesaren kontramodeloak errepresentatzen zituztenak hasiera historiko haietan. Hilerrien gainean lorategi tankerako formaz izan ziren eraikiak. Gaixotasunen ikerketa aurrerakoi eta higiene neurri berrien premiazko egituren arabera diseinatu zituzten urbanistek hiri burges ordenatuak. Ordura arte, elizari itsatsita ezagutu ziren hilerriak, hiriaren mugaz kanpo izan ziren barreiatuak, eta harrizko hormaz inguratuak. Hilerriotan atondutako lorategiek paradisuaren promesazko paisaia irudikatzea zuten helburu. Horrela, leku laiotzok bestelako harreraz bisitatu ahal izango zituen jendarteak, hildako senide eta lagunen izpirituari gorazarre eginaz bat naturarekiko harremana proposatuz. Honela, utopiazko keinu bat ere izan zitekeen hilerrietako Arkadia. Orain, etxola primitiboen antzeko arkitektura antolakuntzan bizi dira neohippyak; dagoeneko ez dute Rousseauren naturara itzultzearen idealismoa islatzen; lengoaiaren ustelkeriak lardastu gabeko forma garbiak, noizbait hiri kutsatuaren kritika gisa eraikitako egitura hutsak dira. Estatu Batuetan ezarritako lehenbiziko komunitate utopista haien jatorrizko ideiak nahi izan dituzte bereganatu neohippyok; Amerika zen nonbait orduan Eden berria: bertan hutsetik has zitekeen berriro gizakia, tabula rasa baten araberako esperimentua burutzea posible zen, mito modernoa, etengabeko promesa, denboraz bere horretan galdua, Mormoi eta bestelako komunitateen saiakeraz proban jarritako biziera estilo funtsezkoak, betirako egonkortuak.

Zientzia fikziozko narrazio eta dokumental hezitzaile baten arteko film baten gidoi posiblearen lagina da idatzitakoa. Hiri modernoaren eta Arkadiazko ametsaren arteko erlazioa, hiria eta bere bestearen baitako alegoria. Dagoeneko atzean geratutako, ahatutako irudikapen mistiko eta eskuragaitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.