Maitane Segurola. ETBko aurkezlea

«Baserri eta Txankarra oso ausartak dira: zubi jauzia ere egin dugu»

'Baserri eta Txankarra' saioaren atal berriak emango ditu ETB1ek bihartik aurrera (22:00). Segurolak egingo ditu aurkezle lanak, eta egoera dibertigarrietan jarriko ditu Lekeitioko bi arrantzale ohiak.

EITB.
urtzi urkizu
2016ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
ETBko haur programazioan ohiko aurkezlea izan zen urte luzez Maitane Segurola (Errenteria, Gipuzkoa, 1979). Txirri, Mirri eta Txiribitonekin aritu eta gero, bestelako lanetan aritu da bolada batean, baina bueltan da ikus-entzunezko lanetan, bai youtuber gisa, bai ETBko saioetan ere. Noizbehinka ETB2ko ¿Que me estás contando? arratsaldeko magazinean kolaboratzen du.

Baserri eta Txankarra saioan azalduko zara bihartik aurrera. Zein izango da zure zeregina?

Bi arrantzale ohi protagonistei jarduerak egiteko gonbita egingo diet programan. Jardueretako batzuk nahiko arriskutsuak izango dira.

Denetarik bizitakoak dira bi arrantzale ohiak. Zer ikasten ari zara haiengandik?

Batez ere, haien jarrera da ikasten ari naizena. Bizitzarekiko duten umorea. Sasoian daude, jatorrak dira, eta oso ausartak. Jartzen ari naizen jarduera batzuetan oso animatuak ikusten ditut. Zenbaitetan, gehiegi, akaso; beldurra ematen didate. Zubi jauzia egitera ere joan gara.

Saioak reality kutsua izango du aurrerantzean ere?

Aurretik eman zituzten hiru saioen tankerakoa izango da. Kontua da aurrenekoetan fikziozko pertsonaia bat zegoela, Txankarraren koinatua. Hari buruz esaten zituztenak desagertuko dira, eta nik beteko dut haren lekua. Bestalde, Txankarra eta Baserri joaten diren toki guztietan denek ez dakite euskaraz, eta nik aurkezle zubigilearen lanak beteko ditut.

Ondo pasatzeko saioa izango dela iruditzen zaizu?

Gu, behintzat, oso ondo pasatzen ari gara grabazioetan. Guk ondo pasatzen badugu, hori pantailara transmititu egiten da, eta ikusleek oso-oso ondo pasatuko dutela uste dut. Gure artean kimika ona sortu da. Ordu bat irauten du saioak, eta denetarik egingo dugu. Batetik bestera ibiliko gara, eta ikusleak ez dira aspertuko.

Bestetik, Youtubeko zure kanal propioa sortu zenuen duela bi urte. Ez doa gaizki, ezta?

Ondo doa. Euskarazko bideo dezente jarri ditut jada. Iaz, gainera, Gaztearen euskarazko youtuber onenaren saria irabazi genuen anaiak eta biok. Sare sozialetan eta begi bistan egotetik sortu da ETBren eskaintza berria. Haurren saioetako erregistroa alde batera utzi, eta birziklatu egin naiz.

Webgunea ere badaukazu: maitanesegurola.com. Nolakoa da?

Youtubeko kanaleko edukiak eta webgunekoak ia berdinak dira. Webgunean beste modu batean aurkeztu ditut. Bideoek bisita asko dituzte oraingoz, eta ezustekoa hartu dut. Xabi Alonso futbolariaren emazte Nagore Aranbururi egin nion elkarrizketak sarrerak dauzka egunero, eta Alemanian, Australian eta Amerikan ari dira ikusten. Azpidatziak jartzeak lagundu du. AEKtik eta HABEtik deitu naute euskara irakasteko sistema batzuetan nire bideo batzuk sartzeko.

Bideo batean, Donostian azaltzen zara, eguna 20 eurorekin pasatzen. Ostalari batzuk haserretuko zaizkizu, agian?

Horregatik, konpentsatzeko, Donostiako bost pintxorekin egin dut beste bat. Donostiak garesti fama du, eta hori kendu nahi nuen, planak egin daitezkeelako.

ETBk aukera emango balizu saio bat nahi moduan egiteko, nolakoa egingo zenuke?

Ameriketan America's next top modelizeneko lehiaketa dago, eta jarraitzaile asko ditu. Horren moduko bat egingo nuke, ETBn estetika gaietan hutsuneak ikusten baititut. Sukaldaritza saio bat ere oso gustura egingo nuke. Kamera asko gustatzen zait. Euskararekin lotutako kontuekin ikusi dut beti neure burua. Erosoago sentitzen naiz euskaraz, gaztelaniaz baino.

Ikus-entzunezkoen ikusle gisa, zer duzu gustuko?

Oso telebista gutxi ikusten dut. Askoz gehiago ibiltzen naiz Youtuben bideoak ikusten. Youtube kontsumitzaile amorratua naiz. Etxean Netflix daukagu, eta telesail dezente ikusten ditut, jatorrizko bertsioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.