Mikel Etxebarria. Radiokultura irratiko esataria

«Mikro aurrean jartzen ditugu elkarrizketatu guztiak, kalitatearen bila»

Radiokulturak Hazparnen du egoitza, eta saioak euskaraz eta frantsesez egiten ditu. Etxebarriak gidatzen duen 'Kultur Kuboa' magazina Euskal Herriko beste zortzi irratitan ere ematen dute astero.

BOB EDME.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
2005. urtetik ari da Radiokultura irratian Mikel Etxebarria (Baiona, 1967). Askotariko elkarrizketaketa erreportajeak egin ditu hamahiru urteotan. Kultur Kuboa irratsaioa, Radiokulturaren webgunean jartzeaz gain, Bilbo Hiria irratian, Hala Bedin, Euskal Irratietan, Eguzki irratian eta Info7n entzuten da astero.

Kultur Kuboa irratsaioan euskal kulturaz aritzen zarete. Sortzaileei ahotsa ematea al da helburu nagusia? Zein modutan?

Xedea zen, alde batetik, formatu bat lantzea, aurretik lantzeko ohiturarik ez genuena. Orain arte bereziki erreportajeak landu ditugu, animaziorik gabe eta zuzeneko formatuetako osagairik gabe. Kultur magazin bat lantzea pentsatu genuen, irekia izan zedila: ez bakarrik aktualitateko gaiei heltzeko, baizik eta pertsona batzuen ibilbidea edo lanaren aurkezpena egiteko. Bi esatarik aurkezten dugu saioa: zerbait dinamikoa egin nahi dugu. Gainera, aintzat hartu behar dugu Arrosa sareko beste irrati batzuekin partekatu nahi genuela saioa. 55 minutu eskasekoa behar du izan, beste irratiek erabil dezaten.

Musikarekin ere jokatzen duzue saioaren edukietan. Nola?

Bai. Batzuetan, zuzenean sartzen dira gonbidatuak, eta, beste batzuetan, aurrez grabatuta. Berri bitxiekin hasten gara; gero, lehen erreportajea iristen da; hizkuntza gutxiagotuetako kantak aukeratzen ditu Elorri esatariak; bigarren erreportajea dator gero, nik beste kanturen bat aukeratzen dut, eta kultur agendarekin amaitzen dugu. Erreportajeetan musika nabarmen entzuten da.

Irratsaioetan gaien aniztasuna bilatzen saiatzen zarete, ezta?

Bai, hala da. Esaterako, musikako elkarrizketa asko baldin baditugu grabatuak, lehen partean musika talde bat entzun daiteke, baina saiatzen gara bigarren elkarrizketa ez izaten musikari lotua. Bigarren hori izan ahal da literaturako, arte grafikoetako edo arte eszenikoetako sortzaile batekin.

Zergatik kuboaren kontzeptua?

Emankizun karratu bat egin nahi genuen, denbora neurtuekin.Duela urte batzuk bazen telebista saio bat, Culture cube izenekoa: hortik hartu genuen ideia. Gainera, hasieran saioa euskaraz eta frantsesez egiten genuen.

Nolakoa da saioko entzuleen erantzuna?

Euskal Irratietako entzule askok esaten digute maite dituztela gure elkarrizketak, gonbidatua dagoen tokian eginak direlako, telefonoz egin beharrean. Mikro aurrean jartzen ditugu elkarrizketatuak, kalitatearen bila. Bestetik, duela gutxi, Bizkaiko Armintza inguruan entzule batek esan zidan Info7n entzun zuela gure irratsaioa. Halakoak pozgarriak dira. Oro har, gure formatuak gustuko dituzte entzuleek.

Pentsatzen den baino aukera gehiago daude euskarazko sorkuntzari eta sortzaileei tartea egiteko uhinetan?

Bai. Hamahiru urte hauetan beti saiatu naiz aurretik elkarrizketatu gabeko pertsonaiak elkarrizketatzen. Lehen urteetan zalantzak nituen, noizbait gaiak agortuko zitzaizkidalako. Baina ez da hala: ez naiz denetara iristen, proposamen asko daudelako. Zaila da dena segitzea.

Zein erronka dituzue datozen hilabeteetarako Radiokulturan?

Ez dakit uda ondoren edo aurretik izango den, baina webguneari beste itxura bat emango diogu: sare sozialekin interakzio gehiago lortu nahiko genuke. Beharbada, orain arte landu ez ditugun beste formatu batzuk integratzen saiatuko gara. Kanpoan emanaldiak grabatzen ere ahaleginduko gara. Adibidez, datorren hilean Sarako Idazleen Biltzarrean [Lapurdi] izango gara.

Nola ikusten duzu irratiaren etorkizuna komunikabide gisa?

Irratia ez da desagertuko. Egia da irudiaren menpe gaudela, bideo laburrak asko zabaldu direla, baina irratiak jarraituko du. Agian, dibertsifikazio gehiago egongo da. Internetek ahalbidetzen du irrati egitura txikiak planteatzea, eta hori aukera bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.