Literatura. 'Lurra eta dardara'

Memoria ariketa bat

Egileak: Askoren artean. Argitaletxea: Balea Zuria.

Irati Majuelo.
2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Izan zitezkeen beste idazle batzuk, izan zitezkeen beste poema batzuk. Amaia Lasa, Itxaro Borda, Tere Irastortza, Amaia Iturbide, Miren Agur Meabe, Aintzane Galardi, Castillo Suarez eta Leire Bilbao dira, ordea, Balea Zuriak hautatu dituen zortzi emakumezko ahotsak kanon izan nahi ez duen antologia osatzeko, osotasun izan nahi ez duen dastatzeko menua eskaintzeko. Baina aukeraketa ez denez inoiz ausazkoa, antologia honek badauka kanon hegemonikoaren bazterrean geratu direnei aitorpena egiteko interesa, emakumezko poetei euren ahotsa erreibindikatzeko espazio bat emateko helburua.

Zentzu horretan, memoria ariketatzat har daiteke liburua, hein handi batean, hamarkadak pasatu ahala ahanzturan geratzeko arriskuan zeuden poemak berreskuratzen baititu, eta idazleek denboran zehar izandako bilakaera sumatzeko egokia izan baitaiteke. Deskubrimendurako akuilu izan daiteke beste hein batean, akaso horren ezagunak ez diren poetei leku egiten baitie, eta gure apaletara izen berriak ekartzeko aukera zabaldu. Horrez gain, parte hartzaile guztien poema argitaragabeak oparitzen dizkio irakurleari: antologia hau izan zitezkeen beste batzuetatik bereizten du horrek. Emakume poeten begirada eta estilo desberdinak agerian jartzen ditu zinez, baina, hala ere, deskubrimenduaren bide horretatik tira eginez gero, belaunaldi gazteagoen ekarpena suma daiteke faltan, dastatzeko menua 70eko hamarkadan jaiotakoetan geratu baita kateatuta; 2020an gaude dagoeneko, batzuetan ahazten zaigun arren.

Antologia honek, beraz, idazleon norabidea zein izan den argitzen digu, bakoitzaren muina erakutsi, gogoa piztu eta gehiago sakontzeko atea irekitzen digu. Hala, argi antzeman daiteke Amaia Lasak poesiaren bidez arrazionaltasunari ihes egiteko darabilen saiakera, barne unibertsoan bilatu eta bere ni-a poemen hondoan aurkitzekoa. Bordaren ironia eta begirada zorrotzak ere ezin hobeto islatzen dira. Duela hamarkada batzuetako bertsoek ez dute gaurkotasunik galdu, eta arestian idatzitakoek kolpea jotzen dute mahai gainean: «no future outside: ahantzi dezatela./ Ene poesia/ a-soziala/ gure amen izerdiak/ ahantzi diren bezala./ Amen». Askatasunaren aldarri ederra dakar bere poema argitaragabeak: «Maite dugu nehork baimentzen/ Ez digun askatasun betegarri hori,/ Tren batetik bestera/ Eta gauez gau/ Bortxari irabazia...».

Bere ondotik datoz Irastortza eta Iturbide, gaztetatik hasitako ibilbidearen ispilu lehena eta, pintura-kodeez lagundurik, indar handia erakusten duena bigarrena. Meabek gorputza eta egunerokotasuna jartzen ditu erdigunean, eta hari horri segitzen diote Suarezen eta Bilbaoren poemek ere, nahiz eta bakoitzak nabarmenki estilo desberdina izan. Hiruon poema bikainak daude antologia honetan. Aintzane Galardik ihes egiten dio bide horri, munduan zehar eginiko bidaien usaiak eta koloreak zizelkatzen baititu bere hitzetan, sentsibilitate berezi batez.

Kuriosoa da, idazleak eta poesia gehienak hurrenkera kronologikoan emanagatik, lehendabizikoak nahastuta daudela eta salto handiak ematen dituztela denboran. Horrek hasierako ildoa apur bat aldrebestu arren, antologia interesgarria argitaratu du Balea Zuriak, eta, bereziki, beharrezkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.