Euskararen zokoak

Sanferminik gabe, euskarak zenbait eremu galdu ditu Iruñean: ez da Oinez Txokorik eta IKAk ez du Zaldiko Maldiko ostatua ireki. Horrek kalte ekonomikoa ere izanen du bi proiektu horiengan, baita Karrikirin ere, nahiz eta denda irekita dagoen egunotan.

Boluntarioak lanean, Vistabellako Oinez Txokoan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Udaletxeak argi uzten du egunotan Iruñeko Udalaren hizkuntza politika zein den. Zapi erraldoi bat paratu dute balkoitik behera zintzilik, gaztelerazko testu handi batekin. Euskarazkoa askoz ere txikiago ageri da, frantsesaren eta ingelesaren pare. Hori da hainbeste urtez Iruñeko Udalean agindu dutenen helburua: euskara zokoratzea. Noski, sanferminetan ere bai. Eta zoko horietan lanean aritzen dira euskaltzaleak, Iruñeko bestetan euskarak arnasa har dezan. Aurten sanferminik ez denez, zokorik ere ez.

Nafarroa Oinez-ek urte anitz daramatza Oinez Txokoa antolatzen. Yanguas y Miranda kaleko txosnetan egon ziren, Santa Ana plazan bi urtez eta Tres Reyes hotelaren atzealdean 2000. urtean. 2001etik Vistabellan muntatu dute txokoa, 2002an izan ezik, udalak ez baitzien utzi. «Vistabellara bidali gintuztenean erbesteraturik sentitu ginen. Txoko ederra da, gertu dago, Alde Zaharrera bertatik sartzen baitzara, baina ezkutuan dago, era berean. Bertakoa ez bazara, kosta egiten da txokoa aurkitzea», kontatu du Marta Igoak. Uneotan gaixoaldian badago ere, Nafarroa Oinez-en koordinazio talde iraunkorreko kidea da duela hamabi urtetik.

Orain maite dute leku hori: «Ikastolek sekulako lana egin dute jarduerak antolatzen eta, nolabait ere, txokoa gizarteratzen. Horri esker, gaur egun erreferentziazko gunea da sanferminetan. Gainera, peñek ere lagundu digute, bisita egiten baitute». Aurten, noski, ez da muntatu halako gunerik. Igoak esan duenez, bi helburu nagusi ditu txokoak: sanferminetan euskarak eta euskal kulturak tokia izatea, baina baita dirua biltzea ere: «Ekarpen polita da lortzen dena. Nolabait ere Oinez eguneko gune bat bezalakoa da, baina bederatzi egunez duzuna. Beraz, ekonomikoki bultzada handia da ikastolarentzat, guzi-guzia auzolanean egiten dugulako».

Euskaldunen erreferentziazko beste gune bat Zaldiko Maldiko elkartea da sanferminetan. Txosnekin hasi aurretik ere paratzen zuten ostatua IKAko euskaltegiek bestetan, eta urte anitz daramate jada Zaldiko Maldiko guziei irekitzen. Aurten, ez. «Diru aldetik sarrera iturri garrantzitsua da Zaldiko, baina hori gabe ere eutsiko diogu», azaldu du Xabier Martinez de Lezea irakasleak. IKAk ez du diru iturri anitz: Nafarroako Gobernuaren diru laguntza eta ikasleen kuotak dira nagusiak. Aparteko iturrien artean, bestetakoa da garrantzitsuena.

Baina dena ez da sosa. «Batez ere, penatuak gaude sanferminik ez delako, eta Zaldiko Maldikon jartzen dugun ostatua erreferentzia garrantzitsua delako, euskaldunak biltzeko tokia baita». Izan ere, horretarako ere paratzen dute ostatua: «Euskara nagusi den toki bat egon dadin. Gure helburua jendea euskalduntzea, euskara bultzatzea eta euskaraz aritzeko tokiak egoteko lan egitea da». Martinez de Lezeak uste du sanferminetan ez dela erraza halako guneak bermatzea; ostatu askok urte osoan duten giroa aldatzen dutela. Haiek ez.

Karrikiri irekita

Xabier karrikan behera, kamiseta zuriak eta maskarak ageri dira marko gorri batek inguratzen duen erakusleihoan. Karrikiri elkartearen denda da. Sanferminik ez bada ere, kamiseta zuriak saltzen ari dira egunotan. Are, aurtengo kamiseta berria salgai dute: Jota Ke, kantatzen duen herria ez da hiltzen leloduna. «Dezente saldu dugu, nahiz eta gutxi egin ditugun; sorpresa izan da. Noski, sanferminetan askoz ere gehiago saltzen da», azaldu du Izaskun Barber Karrikiriko dinamizatzaileak. Sanferminetakoa diru sarrera «garrantzitsua» dela esan du, eta, noski, aurten «sekulako beherakada» nabaritu dute. «Baina beste arropa eta liburuen salmenta igo da», gehitu du Barberrek.

Sanferminak erakusleiho bat dira Karrikirirentzat: «Erakusleiho oso erakargarria jartzen dugu urtero, gure proiektua zabaltzeko, eta jendea gerturatzen da». Aurten ez dute beste batzuetan bezain sanferminzale paratu, baina bertaratzeko deia egin dute, denda zabalik baita. Bestela, Internet bidez ere saltzen ari dira.

Sanferminik gabe bada ere, moldatuko dira euskalgintzako kideak, lokatzetan ibiltzera ohiturik baitaude. Eta zokotik bada ere, beti lekua egiten, beti lekua aldarrikatzen. Heldu den urtean euskararen zokoak txoko bihurtzeko aukera izatea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.