Realak garaipenaren bidera itzuli nahi du

Txuri-urdinek Celta hartuko dute Anoetan. Ligako bolada makurra eten eta Europara lotu nahi dute. Baliteke Rafinhak jokatzea, lehenengoz; Illarramendi, Guridi, Aihen eta Turrientes osatu dira

Adnan Januzaj Realeko jokalaria eta Ruben Duarte Alavesekoa, lehian, Mendizorrotzan. JAIZKI FONTANEDA / AGENTZIA.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Datuak argigarriak dira: Realak ez du irabazi ligako azken sei partidetan, eta jokoan izandako hemezortzi puntuetatik bi soilik eskuratu ditu. Alarmismora jo beharrik gabe, suspertzeko premian dira txuri-urdinak. Joan diren jardunaldietako beheraldiari amaiera emateko asmoa dute, lehenbailehen, Europara sailkatzeko postuei berriz heltzeko. Galdutako puntuek zazpigarren tokian utzi dute taldea; gorabidean jarri nahi dute berriz, gaur Celtari irabazita. Hiru puntuak dira abenduko kolpea sendatzeko antidotorik onena.

Imanol Alguacil entrenatzaileak aho bizarrik gabe onartu du hori: «Datuak hor daude, eta ez naiz ezkutatuko. Uste dut puntu gutxi direla, merezi genituenekin alderatuta. Errealitatea hori da, ordea. Halere, hirugarrenetik hiru puntura gaude».

Puntu gutxiren aldearekin daude talde ugari, eta haien artean onenak izateko xedea dute donostiarrek. Sailkapen on baten berme izango da hori. Celtaren aurka irabazteko, ordea, gogotik lan egin behar da, teknikari oriotarrak azpimarratu duenez: «Kontrario ona da. Jokalari trebeak ditu, kalitate handikoak. Baloia galdu ostean, izugarrizko presioa egiten dute, eta jokoan ere onak dira. Ez da erraza izango, eta gauza asko ondo egin beharko ditugu partida aurrera ateratzeko». Galiziako taldea hamabigarrena da sailkapenean, azken bost partidetatik hiru irabazita.

Haiei aurre egiteko zenbait jokalari berreskuratuko ditu Imanolek. Mikel Oiartzabalek bete du zigorra, eta jokatu dezake. Baita Asier Illarramendik, Beñat Turrientesek, Aihen Muñozek eta Jon Guridik ere. Futbolari horiek gainditu dituzte arazo fisikoak, eta prest daude.

Zer esanik ez Rafinhak. Baliteke brasildarra estreinakoz aritzea Realarekin. Hain justu, Celta izugarri ondo ezagutzen du jokalariak. Han aritutakoa da, eta hantxe egin zuen distirarik handiena. Kontrara, Alex Sorlothen parte hartzea kolokan dago: «Printzipioz, 24 lagun daude jokatzeko moduan», aurreratu zuen entrenatzaileak.

Aurrekariak, aldeko

Realak eta Celtak 58 aldiz jokatu dute elkarren aurka Donostian, eta etxekoak nagusitu dira gehienetan: 35 aldiz. Bisitariek zortzi aldiz soilik lortu dute nagusitzea, eta berdindu egin dute gainontzeko hamabost partidetan.

REALA-CELTA
Reala. Ryan; Zaldua, Aritz, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino, Silva; Oiartzabal, Portu, eta Isak.
Celta. Matias Dituro; Aidoo, Galan, Kevin Vazquez, Araujo; Brais, Denis Suarez, Beltran, Cervi; Aspas, eta Santi Mina.
Epailea. Cuadra Fernandez.
Ordua. 16:15 (Movistar).
Lekua. Anoeta (39. 500 ikusle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.