ainara arratibel gascon
Tokio 2020. KEN ZAZPI [ORDU]

Podiumik gazteena

2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Momiji Nishyia, Raysa Leal eta Funa Nakayamak Olinpiar Jokoetako inoizko podiumik gazteena osatu zuten herenegun, skateboarding proban. Nishyiak 13 urte ditu, eta beste horrenbeste Lealek. Zer pentsatua ematen du horrek. Hain kirolari gaztetxoek parte hartu behar al dute Olinpiar Joko batzuetan? Eredu ona al da hori harrobiko lanerako?

Gero eta gehiago dira nerabezaroan kirolari izatea amesten dutenak. Hori ondo dago. Akatsa, gurasoek eta ingurukoek amets hori hauspotzen dutenean dator, euren seme-alabak edo ilobak diren baino hobeak direla pentsatuz, eta haiei eta ingurukoei hori sinetsaraziz.

Adin horretan, kirolak ondo pasatzeko, zenbait balio ikasteko eta fisikoki garatzen jarraitzeko tresna izan behar du. Ez besterik. Denborarekin ikusiko da kirolari nerabe bat goi mailara iristen den edo ez. Hasieratik ikusarazi behar zaio gutxi direla horra iristen direnak, eta bidean ahalegin handia dagoela. Dohain batzuk izateagatik ez da lortzen. Egunero egin behar da lana: fisikoa eta mentala. Diziplina bat izan behar da, eta gauza askori egin behar zaie uko. Eta, noski, hori guztia ikasketekin jarraituz. Izan ere, goi mailako kirolari izateakez dizu bermatzen kasu askotan etorkizuna. Puntan egoteak dakarren presioaz ere hitz egin behar da.

Hain zuzen ere, ametsa hauspotzen duten horiek dira oinak lurrean izan eta errealitate hori azaltzeko ahalegina egin behar dutenak. Haiek dakitelako benetan zein den errealitatea, eta, iritsi ezean, kolpea handiagoa izango baita hori guztia jakiten ez badu.

Olinpiar Jokoek eredu izan behar dute kirolaren inguruko balioak transmititzen. Bada, ez dirudi egokiena denik nerabeak lehiatzen jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.