Aitor Zabaletaren hilketaren 20. urteurrena

Urte askoko min baten kolpea

Gaur bete dira hogei urte Bastion 1903 talde faxistak Aitor Zabaleta hil zuenetik. Haren gertukoen ustez, «ez da justiziarik egin»; hezkuntzan jarri dute halakorik berriz ez gertatzeko gakoa

Aitor Zabaletari egindako omenaldietako bat, Anoeta futbol zelaiaren atarian. REALA.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2018ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Euskal gizarte osoa astindu zuen kolpea izan zen. Madrildik iristen ziren berri nahasien zurrunbiloak ez zuen etenik, baina, azkenerako, bete egin zen iragarpenik okerrena: Realeko zale bat sastakatu zuten Vicente Calderon estadioaren kanpoaldean. Handik ordu gutxira, goizaldeko hirurak inguruan, hil egin zen, Madrilgo La Paz ospitalean. Aitor Zabaleta Kortazar zuen izena, 28 urteko donostiar bat zen. UEFAko kanporaketa batean bere talde kutuna animatzera joan, eta faxista talde batek hil zuen, 1998ko abenduaren 8an, gaur 20 urte direla. Luzaroan irauten ari den min baten kolpe ankerra izan zen.

«Egun gogorrak dira». Esaldi horrekin bat datoz Xabier Zabaleta Kortazar, Maider Gorostidi Carrera eta Aitor Lopez Rekarte. Hirurek ondo gogoan dute Frente Atletico ultra taldearekin lotutako Bastion 1903 talde ultraeskuindarrak realzalea hil zuen eguna, eta ez da gutxiagorako. Aitorren anaia da Zabaleta, eta erasoa jazo zenean Vicente Calderon estadioan ziren Gorostidi eta Lopez Rekarte. Aitorrekin bidaiatu zuen Gorostidik, Izar zale taldearen autobusean —taldeko presidentea zen—. Lopez Rekarte, aldiz, Realeko jokalaria.

Bi hamarkada igaro arren, oroimenean iltzatua du egun hura Zabaletak: «Egunero oroitzen gara Aitorrez, eta egun hau berezia da». Gorostidik azpimarratu du «tristura eta min sentipena» izaten dituela hilketaren urtemuga gerturatzen den aldiro: «Egun hauetan mugituta ditut barrenak. Egunero gogoratzen dut, baina bereziki egun hauetan tristura handia sartzen zait». Gorostidik «negargura» izaten du Madrilen jazo zena oroitzen duenean, oso gertutik bizi izan baitzuen. «Oso egun latza izan zen, inflexio puntu bat nire bizitzan».

Egun-pasa polita egin, eta Reala animatzea. Horixe zuten xede Izar taldeko kideek eta haiekin bidaiatu zutenek. Haien artean zen Aitor. «Madrilgo kanpoaldean dagoen merkataritza gune batean bazkaldu genuen. Han geunden Aitor, haren neska laguna, Vero, eta gainontzeko guztiok». Esana zieten kontuz aritzeko, eta segurtasun kontuengatik Espainiako Poliziari deitzeko estadiora gerturatu aurretik.

Halaxe egin zuten: «Denbora genuen, eta udaltzainei galdetu genien non igaro genezakeen partida ordura arteko denbora. Neronek galdetu nien», gogoratu du Gorostidik. Taberna jakin batera bidali zituzten, eta komunera joaterakoan kontuz ibiltzeko ohartarazi zioten realzale bati: «Onena joatea genuela esan ziguten, ez zela toki segurua».

Tabernatik irten berritan realzaleak iraintzen hasi ziren Atletico Madrilen jarraitzaile ultraeskuindarrak, eta jarraika gero: «Gu hil nahian zebiltzan. Ez zen liskar bat izan, gure atzetik zetozen, eta, harrapatzen bagintuzten, hil egingo gintuzten. Guztiok izan genuen sentsazio hori». Aurrez antolatutako erasoa izan zela nabarmendu du Gorostidik, geroz eta jende gehiago gerturatu baitzen autoetan: «Haiek bazekiten norbait agertzen bazen haiengana joko zutela, eta Aitor harrapatu zuten». Erasoaren ostean, berriz elkartu, eta Aitor falta zela ohartu ziren: «Jendearen esamesak besterik ez genekizkien. Zauri txikia zuela, eta segituan etorriko zela, eta halakoak». Aitor, baina, ez zen sekula itzuli.

Haren bi anaia eta gurasoak ezagutzen zituen Lopez Rekartek: «Oso gertutik bizi izan nuen». Egun, atzera begiratu eta «tristuraz» ikusten du egun hura: «Atsedenaldian esan ziguten zerbait larria gertatu zela, baina ez genekien konkretuki zer zen. Partidaren ostean ospitalera joan ginenzenbait jokalari. Gutxi genuen egiteko, familiaren alboan egon, eta ez askoz gehiago». Gertaeren larritasunaren jakitun, partidaren ostean Atletico Madrileko zuzendaritzarekin zuen afaria bertan behera utzi zuen Realak. Gerora iritsi zen jaso zitekeen albisterik txarrena.

Epaiketa, «oso gogorra»

Gorostidiren esanetan, «ez dago egun hura eta ondorengoak deskribatuko dituen hitzik». Halaber, esan du «oso gogorra» izan zela ikerketa aldia, baita epaiketa ere: «Ez nintzen inoiz epaitegi batean izan, eta bisita asko egin genituen Madrilera, deklaratzera, errekonozimendu saioak egitera...mundu irreal batean geunden». Hainbesterainokoa zen egoera gogorra, ezen Madrilgo kaleetan ere ezin ziren ibili: «Ertzainek eramaten gintuzten, eta babes handia eman ziguten. Komunera ere haiekin joan behar izaten genuen, arriskutsua izan zitekeelako. Pelikula baten modukoa izan zen guztia».

Xabier Zabaletak eta Maider Gorostidik uste dute ez zela Aitorrekiko justiziarik egin, eta Ricardo Guerra soilik zigortu izanaren adibidea jarri du Izar taldeko kideak: «Nik ez dakit labankada Ricardok eman zuen ala ez, baina, nolanahi ere, Ricardo asko zeuden han. Jende gehiago egon zen inplikatuta, eta aske geratu ziren haiek». Zabaletaren arabera, giroa aurrez berotua zegoen, eta zale euskaldunen zain zeuden bere anaiaren hiltzaileak: «Poliziak ere izugarrizko okerra egin zen, okerra deitzea baldin badago. Zuzenean haiengana bidali zituzten». Halaber, Zabaletak dio talde bat izan arren bakarra sartu zutela espetxera: «Besteek ere parte hartu zuten. Bat polizia zen, bestea militarra... Betikoan gaude. Horrelako jendea estali egiten dute, eta horrela geratzen da justizia».

Berriro gerta ez dadin

Zabaletaren ustez, bere anaiaren izena daraman harmaila «erronka» bat da gisa horretako gertaera bat berriro gerta ez dadin: «Haren izena jartzeak balio du ez ahazteko futbola kirol bat dela, eta horrela hartu behar dela». Zabaletak azpimarratu du indarkeria sobera dagoela futbolean, eta baita hitzezko indarkeria ere: «Edozeini edozer esateko joera handia dago. Uste dugu horretarako eskubidea dugula, eta hori ez da horrela. Gure seme-alabei bide horiek saihesten saiatu behar dugu. Pausoz pauso; bestela, halako gauzak gertatzen dira».

«Nola aurreikus daiteke halako egoera bat?», galdetu du Lopez Rekarte futbolari ohiak. Haren esanetan, irtenbidea ez da polizia gehiago jartzea. Heziketa kontua delakoan dago: «Gaur egun, gizartea oso lehiakorra da, eta ideiak muturrera eramaten dituen jendea dago. Horren kontra lehiatzea zaila da. Normalean, jokalariok saiatzen gara tentuz aritzen, esaterako, politika arloan-eta oso gertu ez egoten, eta, halako zerbait gertatzen denean, asko eragiten digu».

Aitor Zabaletaren hilketak eragina izan zuen Lopez Rekarteren ibilbidean. Arrasateko atzelariaren arabera, «bizitzak gaurkotasunean kokatzen zaitu, eta, nahiz eta ez ahaztu, gauzak beste era batera ikusten dira. Saiatu behar dugu gure aletxoa jartzen, eredu bezala, halako gauzak gerta ez daitezen».

Bide horretan, Realeko kapitain ohiak azpimarratu du «oso garrantzitsuak» direla jokalarien portaerak eta haien esanak: «Errespetuak eta kiroltasunak guztiaren gainetik egon behar du, eta, agian, gure esparrutik egin dezakeguna hori da; eredu izan, eta ahalik eta errespetu handiena izan aurkariei eta beste zaleei».

Jada hogei urte bete dira Realaren eta euskal futbolaren historiako egun beltz hartatik. Elkartasun keinuak eta mezuak asko izan ziren, leku askotatik etorritakoak. Talde txuri-urdinaren jiran ibili direnek ez dute ahaztu Aitor Zabaleta: «Gaur egun, baloratu da modu batean bizitza galduizana Realaren partida bat ikustera joanda», azaldu du Lopez Rekartek.

Jokalari ohiaren arabera, jarraitzailearen irudia «beti egon da presente zaleen artean eta Reala sentitzen dugunon artean». Biharko partidaren atarian egingo diren ekitaldiak dira horren adibide; familiak «ondo» jaso dituela dio Xabier anaiak: «Familiakoak gu gara, baina zale guztien pertsona bat da Aitor». Urteak igaro arren, zale txuri-urdinen lelo ezagunak bere horretan dirau: Aitor beti gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.