Bartzelonak gertu du finala, Liverpooli 3-0 irabazi eta gero

Jurgen Kloppen taldea hobea izan da, baina ez dute asmatu Ter Stegenen aurrean. Messik eta Suarezek sartu dituzte Bartzelonaren golak

Luis Suarez atzo sartutako gola ospatzen. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Ausardiak saria izaten du batzuetan futbolean; beste batzuetan, ordea, futbola krudela da, eta arriskatzea ez da lehiak irabazteko bermea. Atzo hala gertatu zitzaion Liverpooli Nou Campen, Bartzelonaren aurka, Txapeldunen Ligako finalerdietako joanekoan. Ohi duen bezala, erasora eta lotsagabe jokatu zuen Jurgen Kloppen taldeak, ez baitaki beste era batera egiten. Baina ez zuen Ter Stegenen aurrean asmatu; bai, aldiz, Bartzelonak. Luis Suarezek eta Messik gutxi behar dute gola egiteko, eta atzo, beste behin, ez zuten hutsik egin Alissonen ate aurrean. Bartzelonak 3-0 irabazi zuen, eta gertu du finala.

Erritmo bizikoa izan zen lpartida, joan-etorrikoa. Bi taldeak eroso aritzen dira hala jokatzen, aurrean dituzten jokalarien abiadura eta kalitatea baliatuz. Biek izan zituzten beren aukerak aurrea hartzeko. Baina Luis Suarezek asmatu zuen, 26. minutuan. Jordi Albak pase neurtua eman zion, Liverpooleko atzelarien artean, eta atzetik indarrez sartuta, aurreratu zuen Bartzelona.

Aurretik egonda partidak patxada gehiago izatea nahi zuen Bartzelonak. Baina Liverpool ez zegoen horretarako prest. Jurgen Kloppen taldea ausarta da, eta atzo beste behin erakutsi zuen. Ohiko joko erasokorrarekin segitu zuen, eta gertu izan zuen berdinketa Manek. Salahk baloi gurutzatua bidali zuen, botea egiten utzi, eta Pique eta Sergi Roberto gaindituak zituenean, baloia gora bidali zuen. Jokoaren ekimena izan zuen Liverpoolek.

Bigarren zatia antzera hasi zen. Liverpoolek hiru aukera argi izan zituen. Baina hor agertu zen Ter Stegen. Salahri eta Milnerri bi gelditu oso on egin zizkien. Bartzelonak galdua zuen zelai erdia, eta hori aldatzeko asmoz,Valverdek Semedo zelairatu zuen Coutinhoren ordez. Hala, zelaiaren erdira pasatu zuen Sergi Roberto, eta hortik etorri zen hobekuntza. Asmoa argia zen: partida kontraerasora erabakitzea.

Baina erabaki zuena Messi izan zen. Bi gol sartu baitzituen, bat Suarezek langara bidalitako baloi baten aldaratzea baliatuz (75. min.), eta bestea falta jaurtiketa ikusgarri batekin (83. min.). Segidan Salah zutoinera bidali zuen baloia, eta azken jokaldian Dembelek 4-0eko sartzeko aukera huts egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.