«Ametsa, errealitate»

Esne mamitan dago Nerea Eizagirre Realeko jokalaria. Tolosarrak adierazi du «izugarria» dela larunbateko titulua, eta uste du taldea «heldu» izanak eragina izan duela Espainiako Kopa irabazterakoan.

Nerea Eizagirre, haren aitari besarkatuta, joan den larunbatean, finala amaitu berritan. PEPE TORRES / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
«Uste dut azaldu ezinak direla oraintxe gorputzean ditugun sentipen guztiak. Amets bat bete egin dugu, eta oso polita da bizi izaten ari garen guztia». Donostiako udaletxeko balkoian zaleei Espainiako Kopa eskaini berritan egin ditu adierazpenokNerea Eizagirre (Tolosa, Gipuzkoa, 2000) Realeko jokalariak.Erdilariaren esanek ondo adierazten dute tituluak txuri-urdinentzat duen balioa. Donostiarrek 1987az geroztik eskuratzen duten lorpenik esanguratsuena da.

Horren jakitun, txapeldun izaera barneratu nahian ari ziren jokalariak igande eguerdian, neurketa amaitu zenetik ordu batzuk besterik igaro ez zirela: «Hegazkinean esan dut irabazle sentitzen hasiak garela, baina egiaz kosta egiten da. Lortzea zaila izango zela bagenekien, eta, egin eta gero, ez da erraza barneratzen».

Milaka lagun bildu ziren igandean Donostiako harreran. «Ez genuen espero», aitortu du Eizagirrek, eta dio emakumezkoen futbola geroz eta pisu handiagoa hartzen ari dela: «Emakumeon kirola bultzatzen ari gara, egunero-egunero ari gara horretarako lanean, eta jendea gurekin egotea oso garrantzitsua da».

Lanean jarraitzeko arnasaldia izan da Granadako (Espainia) finalean jazotakoa. Alabaina, azken boladan beste giro baten zantzuak hartu dituzte Realekoek. Eizagirrek adierazi duenez, «gurekin dago jendea, gehiago igartzen dugu. Kalean goazenean ezagutu egiten gaituzte txikienek, eta polita da, gauzak ondo egiten ari garela esan nahi duelako». Nolanahi ere, tolosarrak uste du hori ez dela nahikoa: «Oraindik gauza asko daude egiteko, eta jarraitu egin behar dugu».

«Talderik gazteenetarikoa»

Garaipenerainoko bidea luzea eta zaila egin zaie donostiarrei. Hasieran kosta egin zitzaien txapelketari neurria hartzea, baina, hara egokitu zirenean, geldiezinak izan dira: «Talderik gazteenetariko bat gara, eta, azkenean, une onak eta txarrak bizi izaten dituzu. Uste dut taldeak ondo amaitu duela sasoia, eta oso garrantzitsua da denboraldia kopa irabazita amaitzea. Ezin dugu gehiago eskatu».

Finalean ere atzetik aurrera egin behar izan zuen taldeak, eta horri ere garrantzi apur bat eman dio Eizagirrek. Haren esanetan, «talde gaztea izan arren, helduago egin gara azkenaldian, eta horrek lagundu digu nahi genuena lortzen». Atletico Madrilen aurka azken minutuetan bizi izan zutena ekarri du gogora erdilariak, eta azaldu du egoera horretan «argi» zegoela taldeari sufritzea egokituko zitzaiola azken minutuetan.

Jakin zuten horretan ere, airoso atera baitziren azken minutuetan Atletico Madrilek eragin zien setiotik. Eizagirreren ustez, «izugarrizko taldea du Atletico Madrilek, eta estutuko gintuztela bagenekien». Eusten asmatu zutelako dira txapeldun txuri-urdinak.

Hazten ari den taldea da Reala, eta koparen gisako poz gehiago bizi izateko bidean lanean ari dira. 2004az geroztik ereindako hazia loratu da, eta Granadako lorpena aurrerapauso handia da etorkizuna sustraitzeko. Eizagirrek, aurretik daudenek eta ondoren iritsiko direnek beren ametsak errealitate betetzen jarraitudezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.