Athleticek irriz iritsi nahi du oporretara, San Mamesen Real Madrili irabazita

enaut agirrebengoa
2021eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Betisi irabazi izanak bekokia alaitu dio Athletici. Garaipen katartikoa izan zen, bakeak egin zituelako golarekin, garaipenekin eta San Mamesekin. Zortzi partida zeramatzan irabazi gabe, eta etxean apurtu zuen bolada, baita modu zirraragarrian hautsi ere. Gauzak hala, zaleei urteko azken poza emateko aukera izango du gaur, Real Madril Espainiako Ligako liderraren kontra.

Zuri-gorriek 1-2ko markagailua irauli zioten Betisi, eta orduko nortasun eta eraginkortasun bera erakusten saiatuko dira Carlo Ancelottiren taldearen aurka. Duela hiru aste Santiago Bernabeun izan ziren aurrez aurre, eta ate, aurrean kamuts ibili izan ez balira, bizkaitarrek gutxienez puntu bat batuko zuketen. Orduko lezioa ikasia dutela erakusten saiatuko dira gaur; hori da Marcelino Garciaren nahia: «Partida biribila egin behar dugu, Bernabeun bezala, eta aurrean asmatu».

Koronabirusaren kaltea

Entrenatzaile zuri-gorriarentzat,«golik ez jasotzea» da espainiarrei irabazteko beste oinarrizko osagaia. Alor horretan distiratsu dabil Athletic: gol gutxien sartu dizkieten taldeetan bigarrena da. Alabaina, Unai Simonek eta Iñigo Martinezek ezin dute jokatu, positibo baitira oraindik ere. Berenguer eta Ezkieta batu zaizkie koronabirusak kalte egindakoen zerrendara. Real Madril ere ari da nozitzen izurria: Asensio, Bale, Rodrygo, Isco, Lunin, Marcelo eta Modric gabe ariko da gaur. Casemiro, berriz, zigortuta dago.

ATHLETIC-REAL MADRIL
Athletic. Agirrezabala; De Marcos, Nuñez, Yeray, Balenziaga; Dani Garcia, Muniain, Vencedor; Nico Williams, Iñaki Williams eta Raul Garcia.
Real Madril. Courtois; Lucas Vazquez, Militao, Nacho, Mendy; Camavinga, Kroos, Valverde; Vinicius, Hazard eta Benzema.
Epailea. Soto Grado.
Lekua. San Mames (53.331 ikusle).
Ordua. 21:30 (Movistar LaLiga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.