JOK Filmsen saio bat Abu Dhabira, eta Pausokaren beste bat Belgikara

Cannesko Mipcom ikus-entzunezkoen azokan, Greziako telebista publikoak interesa azaldu du euskarazko 'Aitaren etxea' telesaila emititzeko

Goiko bi irudietan El impostor saioa —Pausokak Belgikako ekoizpen etxe bati saldu dio—. Behekoan, Mike's Mysteries, Abu Dhabin ekoitziko dutena. BERRIA.
urtzi urkizu
2015eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Pausokak iaz ETB2rako egin zuen El impostor saioaren formatua Belgikako 100.000Wolf ekoizpen etxeari saldu dio Cannesko Mipcom azokan. «Halakoak azokan sinatzea ez da ohikoena izaten, baina pozik gaude», esan du Xabier Zabaleta Pausokako formatu eta proiektuen zuzendariak. El impostor saioan pertsona batek familia baten parte izatera jokatzen du egun batzuetan, eta lehiakideak asmatu egin behar du senideen artetik zein den iruzurgilea. Pausokak Aitaren etxeatelesaila ere eraman du Cannesera, eta Greziako telebista publikoak azpidatziekin emititzeko interesa azaldu du. Zabaletak nabarmendu du telesailak hainbat enpresaren arreta piztu duela. Nazioarteko banatzaileekin bilerak egin dituzte azokan —gaur bukatuko da—, «ahalik eta herrialde gehienetara saltzeko».

JOK Films ekoizpen etxeak, bestalde, oso harrera ona izan zuen joan den asteburuan MIP Junior International Pitch-en, Mike's Mysteries animazioko saioarekin. Ehun enpresen lanen artean bost finalisten artean gelditu zen; irabazlea Erresuma Batuko The boy who switched off the sun izan zen. Jokin Etxeberria JOK Films enpresaren zuzendariak iragarri duenez, Abu Dhabiko (Arabiar Emirerri Batuak) Majid Entertainment konpainiak Mike's Mysteries saioaren 26 atal ekoitziko ditu. Etxeberria hara joatekoa da laster. Animazioen marrazkilaria Iagoba Moly da.

Pausoka eta JOK Films ez ezik, Basque Stream, Brisney, Euskaltel, Expressive, Prime Time Media eta Sugar Factory euskal enpresak ere izan dira azokan. Baita EITB, Bilbao Bizkaia Film Comission eta Donostia 2016 fundazioa ere.

Mundu osoko 4.728 enpresa izan dira egunotan Cannesen, 13.650 parte hartzaile, eta estreinaldi entzutetsuak egin dituzte: Foxen The X-Files telesailaren itzulera, Sky Atlantic eta Canal+en Panthers —John Hunt aktorearekin— eta Harvey Weinstein ekoizlearen War and Peace. Larine Garaude antolatzailearen arabera, «pantaila txikiak ez dio inbidiarik handiari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.