Donostia 2016 eta Tabakalera, urtea estreinatzeko ETB1en eta ETB2n

Barbara Goenagak eta Klaudio Landak aurkeztuko dute 'Kaixo 2016' kanpaikaden saioa

Berastegi, Iturbe, Goia, Rodriguez eta Landa, atzo Tabakaleran, urte berria agurtzeko kanpaikaden saioa aurkezten. ETB.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2015eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Europako Kultur Hiriburua izango da Donostia datorren urtean, eta, horretan, kultur eginkizunen agerraldi nagusietako bat izango da Tabakalera gune berria. Bi gauzak kontuan hartuta, Gipuzkoako hiriburua eta eraikin eraberritua aukeratu ditu EITBk, kanpaikaden ohiko saioa egiteko. Barbara Goenagak eta Klaudio Landak aurkeztuko dute aurtengoari agur eta 2016. urteari kaixo esateko emanaldia.

«Ikuskizun oso-oso handia izango da», esan zuen atzo Landak, saioa aurkezteko Tabakaleran bertan eginiko prentsaurrekoan. Aurkezlearen ondoan ziren EITBko zuzendari nagusi Maite Iturbe, Ane Rodriguez Tabakalerako Kultura zuzendaria, Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendari nagusia eta Eneko Goia hiriko alkatea. Goenaga baino ez zen falta; Eskamak Kentzen saioa grabatzen ari zen une horretan.

Hiriburuarekin loturiko hainbat gonbidatu izango dituzte aldamenean Goenagak eta Landak. Loreak filma nazioartean arrakastaz zabaltzen ari dela eta Oscar sarietarako lehian dagoela ikusita, Nagore Aranburu, Itziar Ituño, Egoitz Lasa, Itziar Aizpuru eta Josean Bengoetxea aktoreek lagunduko dute Urtezaharreko saioan, eta, haiekin, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño zuzendariak. Donostiako Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos ere izango da saioan. Besteak beste, Joseba Irazokik, Nagore Etxabek eta Giorgio Bassmattik jarriko diote musika Kaixo 2016-ri.

«Goxoki bat»

Tabakalerako zuzendari Rodriguezek eskerrak eman zizkion EITBri «saltsa artistiko» horretan sartzeagatik. Saioa gunetik egitea «goxoki bat» zela gaineratu zuen, Tabakalera ezagutarazteko aukera emango duelako.

Saioa egiteko, telebistak, kultur zentroak eta hiriburutzak elkarrekin lan egin izana goraipatu zuen Berastegik, «urtea arrakastatsua izateko ezinbestekoa den elkarlanaren aurrerapena baita».

Saioan bideo bat emango dute, urtean Donostian egingo diren kultur ekitaldien aurrerapen gisa. «Saio berezia izango da», esan zuen Iturbek, «hunkigarria eta ukitu estetiko batekin». Argia izango da tartearen gaia, Donostiak «munduan argia egingo duela» adierazteko, Iturberen arabera.

Argizko bola batek gidatuko ditu ikusleak urteko 12 ekitaldi nagusietatik. «Ilusio handia dugu, eta argiak islatzen du ilusio hori», esan zuen Landak.

ETB1 eta ETB2n emango dute saioa, eta Landak atzo agindu zuenez, «batez ere euskaraz» izango da. Iturbek gogoratu zuen iaz formula bera erabili zutela: hau da, saio bera bi kateetarako. Gauerdia baino 30 bat minutu lehenago hasiko da tartea. Ondoren, kate bakoitzak bere programazioa izango du.

Goiak Tabakalera aukeratu izana eskertu zion EITBri, Donostia 2016ko «ikur nagusia» delako eta «izaten jarraitzeko sortu delako». Hiriaren ikuspegi zabala eskaintzen du Tabakaleraren goiko terrazak, eta, han, saioaren «alde erotiko-festiboa» egingo dutela adierazi zuen Iturbek. Landak, halere, ikusleak lasaitu nahi izan zituen: «Erotiko-festibo izan arren, Barbara eta biok oso normal arituko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.