'Brexit'-a. Erresuma Batua EBtik kanpo

Agur Erasmusi, baina ez mugikortasunari

Erresuma Batuak ez du Erasmus+ programan parte hartuko, eta programa propioa jarri nahi du martxan irailetik. Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak bekak emango dizkiete hara joan nahi duten ikasleei

Erasmus+ programako ikasle bat etxera bueltan, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Ikasleen mugikortasunean ere izango du eragina brexit-ak:Erresuma Batuak ez du parte hartuko Erasmus+ programan. Halere, Euskal Herriko ikasleek lauhileko batean edo ikasturte osoan Erresuma Batuko unibertsitateetan ikasteko aukera izango dute, baita hango ikasleek Euskal Herrira etortzekoa ere. Baina nola?

EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, esaterako, programaren funtsa mantenduko dute, aldaketa txiki batzuk eginda. Marta Barandiaran EHUko Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearen arabera, Erasmus+ programari orain arte bezala eutsiko diote ikasturtea amaitu arte; hortik aurrera ere, «aldaketa oso gutxi» egongo dira, Barandiaranen hitzetan. «Gu ez gaude oso kezkatuta», azpimarratu du. Izan ere, Erasmus+ programa ez ezik, Latinoamerika eta Beste norako batzuk izeneko programak ere baditu EHUk. Erasmus+ programatik atera, eta azken horretan sartuko dute datorren ikasturtetik aurrera Erresuma Batua.

Zenbait ikaslek beka ezinbesteko dute gisa horretako programetan parte hartzeko. «[EHUko ikasleek] Erasmus beka ez dute izango, baina Eusko Jaurlaritzak emango die beka bat», azaldu du Barandiaranek. Jasoko duten kopurua «antzekoa» izango dela dio, agian, «pixka bat» gutxiago: «Hilero 30 bat euro gutxiago. Beharbada [Eusko Jaurlaritzak] erabakiko du Erasmus bezala tratatzea, eta Erasmus ikasleek jasotzen duten beka ematea». Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak BERRIAri berretsi dio Erresuma Batura joateko bekak emango dituztela. Antzera joko du Nafarroako Gobernuak ere: «Nafarroako Gobernuak, printzipioz, ez ditu mugikortasunerako laguntzak aldatuko; hau da bere gain hartuko ditu Erresuma Baturako laguntzak, beste herrialde batzuetakoak bezala».

Euskal Herriko ikasleek sumatuko duten beste aldaketa bisa atera beharra da. Sei hilabete baino gutxiagorako joaten badira, ez dute horren beharrik izango; bai ordea, sei hilabete baino luzeagoko egonaldiak egiteko. 383,6 euro balioko du. «Deserosoagoa izango da, bisa atera beharko dutelako, baina Beste norako batzuk programan dauden lurraldeetara joateko egiten duten bezala», azaldu du Barandiaranek.

Baina ez da Euskal Herritik ikasleak bidaltzea soilik, handik datozenak ere jaso behar dituzte Euskal Herriko unibertsitateetan. Hala azaldu du Barandiaranek: «Oso garrantzitsua da oreka mantentzea: ikasleak bidali behar dituzu, baina baita jaso ere». Horretarako, Erresuma Batuak, Erasmus+ programaren ordez, irailerako programa propio bat Turing izenekoa jarri nahi du martxan, 100 milioi liberako ia 110 milioi euroko inbertsioa eginda. Barandiaranek nabarmendu du ez dakitela zer gertatuko den horrekin: «Oraingoz, oso informazio gutxi daukagu». Antzeko egoeran daudela esan du Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak ere: «Oraindik garatzeko dago, eta oraindik ez dakigu haren irismena zein den».

«Berri txarra»

Erresuma Batuko unibertsitateek eta ikasleek agur esan beharko diote Erasmus+ programari. Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari «berri txarra» iruditzen zaio: «Europar espiritua galtzea eragingo du».

Barandiaranentzat, berriz, «pena bat» da: «Nire ustez, pena bat da, hango unibertsitateek zailtasun gehiago izango dituztelako kanpoko ikasleak jasotzeko». Zailtasunak zailtasun, ikasleak jasotzen nahiz bidaltzen jarraituko dute EHUtik: «Gure unibertsitatearekin ez dute arazorik izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.