Segurtasunez ixteko dituzte ateak zabalik

Administrazioek zenbait espazio prestatu eta eskaini dituzte birusagatik egin beharreko bakartzeak errazteko. Arantzazuko Santutegiko hotelean dago horietako bat.

Arantzazu Santutegiko hoteleko korridorea. RAUL BOGAJO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Oñati
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Hotela itxita dago COVID-19agatik». Hitz horiek irakur daitezke Arantzazuko Santutegiko hoteleko zurezko atean. Baieztapen hori, ordea, ez da guztiz egia. Uztail hasieratik, Osakidetzaren hitzarmen baten bidez, espazio seguru batean bakartzeko baliabide aski ez duten pertsonentzat daude irekita hoteleko ateak: 42 logela dira guztira. Oraintxe bertan, sei lagun daude zentroan bakarturik; nor bere gelan, elkar ikusi gabe. Lasai antzean dira azkenaldian, ez baita jende askorik, baina aldi berean 30 pertsona ere izan dituzte zenbaitetan. Luzea da udatik ostatu hartu dutenen zerrenda: 353 lagun.

Konfinatuko direnak hotelera iristen direnerako, prest izaten dituzte maskara batzuk, termometro bana eta protokoloak azaltzeko eskuorriak. Argibideak hainbat hizkuntzatan daude idatzirik: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, arabieraz eta urduz. Ezinbestekoa da eskaintza zabala edukitzea, atzerritarrak baitira bertan ostatu hartzen dutenen erdiak baino gehiago, hoteleko langile Javi Odriozolak azaldu duenez. «Udazkenean, hemezortzi lagun etorri ziren kargaontzi kroaziar batetik; ez zuten bakartzeko beste lekurik». Gainera, etorkinak hartzeko Irungo aterpetxeari lotuak ditu begiak Odriozolak. «Han kasurik agertzen bada, hona etorriko dira bakartzera, ziur».

Giro isila da nagusi hotelean. Korridoreetan gutxitan aditzen da pauso hotsik. Izan ere, langileak izan ezik, ostatu hartzen duten pertsonak egunean hirutan soilik ateratzen dira logeletatik, eta helmuga bera izaten dute beti: korridoreetako mikrouhin labeak. Osakidetzak eramaten ditu hotelean bakartuta daudenentzako jatekoak, eta Odriozolak edo lankideek eramaten dizkiete guztiei logela pareko mahaitxoetara. «Haiek berotzen dituzte, nahi dutenean, baina tentuz ibiltzen dira korridorean inorekin ez gurutzatzeko», azaldu du.

Oraintxe bertan, itxiak dira logeletako ate guztiak; bat izan ezik. Korridorearen amaierako bat zabalik da, parez pare, gela aireztatzeko. «Gaur joan da gela horretakoa, egonaldia bukatuta». Aitortu duenez, ez dio aurpegiera ikusi ere egin. Hala gertatzen zaio maiz, baina ez beti. Kontatu duenez, joan den astean hustu zen 108. gela, eta agurtu zituenbertan ziren emakumea eta hamalau hilabeteko bi haurrak. «Pozik joan ziren, guztien antzera. Ez gaituzte zertan laudatu, gure lana baita, baina adierazten digute esker ona».

Halere, Odriozolak aitortu duenez, hotelean izan dira garai ilunak ere. Anbulantzia zenbaitetan joan da, eta medikuak ere artatu behar izan ditu batzuk. Hala, bertan direnak aise ohartzen dira egoeraren larritasunaz. «Gizartean bada beldurrik ez duen jendea. Baina beren burua hemen ikusiko balute, bestelakoa lukete iritzia; ez da erraza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.