Urtu den izotza

Adolfo Eraso glaziologo nafarra hil da. Espeleologoa, geologoa eta kimikaria zen, eta han eta hemen ibiltzea maite zuen. Karstak eta glaziarrak ikertzen aritu zen, eta, glaziarrak ikertuz, berotze globalaren bilakaera aztertzen zuen. Jakintza zabaltzearen alde aritu zen beti.

Adolfo Eraso eta Carmen Dominguez, espedizio batean. GLACKMA.
Iker Tubia.
2021eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Ez zuen inor hotz uzten: hala diote ezagutu zutenek. Abenturazale amorratua zen, eta, bertatik bertara ezagutzeko grinak bultzatuta, inor sartu ohi ez zen tokietan barneratzen zen. Glaziologoa, geologoa, espeleologoa eta kimikaria. «Izotzaren zentinela», haren senideek eskelan idatzi dutenez. Larunbatean zendu zen Adolfo Eraso (Lizarra, Nafarroa, 1934 - Plasencia, Espainia, 2021), glaziarrak aski ongi ezagutzen zituen zientzialaria. Haien bidez ohartarazi ohi zuen klima aldaketari eta haren ondorioei buruz.

New Yorkeko Zientzia Akademiako kidea zen 1994az geroztik, eta Errusiako Zientzia Naturalen akademiakoa 2002tik. Nafarroako Unibertsitate Publikoak honoris causa doktore izendatu zuen 2014. urtean, eta sari anitz jaso zituen bere ibilbidearengatik. Irakasle ere izan zen Madrilgo Complutense unibertsitatean, 1987an hasita. Poloetan 80 ikerketa espedizio baino gehiago egin zituen, mundu akademikoa eta lekuko ikerketa uztartzen baitzituen munduan barrena espedizioak eginez.

Karstak ikertzen hasi zen, eta glaziarretan bukatu. Lurraren barrunbeetan gertatzen diren prozesuak oso motelak dira, eskala geologikoan gertatzen baitira; beraz, izotzak interes handia piztu zuen harengan, giza eskalan gertatzen baitira aldaketa horiek. Hala, 1980ko hamarkadaz geroztik denboraldi asko pasatu zituen poloetan, glaziarren barrunbeak arakatzen. Udan joaten zen, estazioak irekitzen zituztenean.

Iñaki Antiguedad hidrogeologoa da, EHUko irakaslea, eta Erasorekin lan egin zuen hogei urtez. Fito zen berarentzat, beti pipa hortzetan zuen gizona. Bi gai zituzten komunean, eta horiek batu zituzten denbora batez: karstak eta glaziarrak. 1982an ezagutu zuten elkar, karsten inguruko jardunaldietan, Antiguedad tesiarekin zebilela: «Pertsona eskuzabala zen. Orduan hasi ginen gehiago batzen; sarri joaten nintzen Madrilera, eta beti bere etxean hartzen nuen aterpe. Nik, eta beste hainbatek: gazte aterpetxe bat ematen zuen, beti zegoelako jendez gainezka etxe hura».

Patxi Elorza hidrologoa da, eta Madrilgo Complutense Unibertsitateko Meatze eta Energia Ingeniarien Goi Eskola Teknikoko zuzendaria. Hark orpoz orpo egin zuen lan Erasorekin, alor berean aritu baitziren: «Aparteko dinamismoa zuen, eta zientziari buruz hunkiarazteko gaitasun oso handia. Eragin handia izan zuen ikasle askorengan», gogorarazi du. «Jendearengan oso kontrako jarrerak pizten zituen Fitok: batzuk, bere aldeko amorratuak, eta beste batzuk, beste puntakoak», gehitu du Antiguedadek.

Nazioartean egindako harremanek eta espiritu abentura zaleak eraman zuten han eta hemen ikertzera. «Gizon askea zen», dio Elorzak: «Dotoreziaz jarduten zuen, eta beti egin izan zuen nahi zuena». Bere aburuz, glaziarren ikerketan egin zuen ekarpen nagusia lizarratarrak. Glaziarrak ikertuz, berotze globalaren bilakaera aztertzen zuen Erasok: drainatze subglaziarra eta atzerakada glaziarra ikertu zituen, eta horren emaitzak baliagarriak izan dira aldaketa klimatikoaren analisirako.

Esploratzeko grina

Datuak bertatik bertara eskuratzen zituen. Hori oso garrantzitsua zen harentzat. BERRIA-ri 2015ean eskainitako elkarrizketan azaldu zuen zergatik: «[Matematikariak] Ez dira glaziarretan sartzen, agian hondoratuko delako, agian urak bustiko dituelako, eta oso hotz dagoelako... Ni ohitu naiz horretara, hotzera. Kontserbatzailerik onenetako bat da, gainera». Antiguedadek alde hori nabarmendu du: «Ikertzaile baino gehiago, Fito ekintzailea zen. Esango nuke maila zientifiko ofizialean ez zeukala goi mailako aitortza hori. Baina ez zion ardura. Bera mugitzen zen, hitzaldiak ematen zituen, eta, batez ere, beti topatzen zuen modua poloetako baseetara joan eta aparailuak ipintzeko», kontatu du. «Batez ere zera egiten zuen: joan, eta gozatu momentua».

Erasok sarri esaten zuen glaziarrak direla planetarentzat hegazkinen kutxa beltzak bezala; glaziarretan aurkitzen dela orain arte ibilitakoaren arrastoa. 2001. urtean Glackma proiektua 2010etik aurrera zientzia elkartea sortu zuen Carmen Dominguez Karmenka matematikariarekin batera, glaziarrak beroketa globalaren eboluzioa aztertzeko sentsore natural gisa erabiltzeko. Elorzak balioa eman dio lan horri: «Klima aldaketaren eboluzioari buruzko datu zorrotzak utzi ditu gizartearen esku. Horiek erabilgarriak izanen dira klimaren edo planetaren egoeraren eboluzioari buruzko aurreikuspenak egiteko ikerketetan».

Elkartearen bidez, dibulgazio eta sentsibilizazio lan handia egin zuten. Ezagutza zabaldu egin behar zela sinesten zuen Erasok, Elorzak esan duenez: «Unibertsitatearen unibertsaltasuna aldarrikatu zuen beti. Pasioa pizten zuen, transmititu egiten zuen, eta hunkitu, eta lurraren zientziarako sarbide zuzena zen askorentzat».

Eraso ez zen geldirik egon, eta lerro anitz beharko lirateke parte hartu zuen proiektu, espedizio eta elkarte guziak izendatzeko. Karsten alorrean egindako ekarpen nagusienetako bat 1980an izan zen: karsten onuraren drainatze norabide nagusiak aurreikusteko metodoa proposatu zuen. Espeleologian ere egin zituen bereak: Karlistaren Torka jaitsi zuen lehenbizikoa izan zen, Saint Martin harria jaitsita espeleologia sakontasuneko mundu errekorra lortu zuen beste zenbaitekin...

Zaletasun eta lan horiek guziek eraman zuten poloetara, eta glaziarrek klima aldaketaz ohartaraztera. Urtu da pipa hortzetan zuen izotzezko gizona, baina ekarpena hor da, ikerketa horien barrunbeetan sakondu nahi dutenentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.