Galder Perez. Irrati esataria

«Sare sozialek arrisku apur bat dute irratian»

Radio Euskadin 'El quinto muelle' magazina aurkezten hasi da aktore eta esatari bilbotarra. Udako irratigintza nolakoa den, eta antzerkigintzarekin nola uztartuko duen azaldu du.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2016ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Galder Perez izena entzunda, antzerkia etorriko zaio jende askori gogora beste ezer baino lehen. Baina Perez (Bilbo, 1975), ezeren aurretik irrati esataria da. Urte batzuk uhinetan egon ondoren, Radio Euskadira itzuli da, arratsaldeko El quinto muelle magazina aurkeztera.

Irratigintzarekin harreman zaila duzu: orain bai, orain ez... Maite duzu ala ez?

Haur nintzela hasi nintzen irratigintzan. Zazpikaleetako Sendeja kalean bizi ginen, eta anaia eta biok Sendeja Irratia egitera jolasten ginen. Los 40 Principales irratiak lehiaketa bat antolatu zuen eta irabazi egin genuen geroxeago, eta 1986. urtean Radio Euskadin hasi nintzen, Txorromorropikotaioke umeentzako saioa egiten. Han egon nintzen, 2005era arte. Orduan, Siete calle del Trinkete eta beste saioak egiten hasi ginen. Bilbo Hiria irratian ere aritu nintzen. Orain, Radio Euskadiko langile gisa hasiko naiz.

Loturarik ba al dago antzerkiaren eta irratigintzaren artean?

Bai. Biak komunikazioa dira, hasteko. Jendearen aurrean egiten dituzu biak, nahiz eta antzerkian ikusleak aurrean dituzun eta ikus ditzakezun. Irratian, entzuleak ere sentitu behar ditugu. Oraindik ere, urduritasuna sentitzen dut irratsaioa hasi aurretik, antzerkian bezala.

Sare sozialek, Twitter, WhatsApp eta halakoek, tresna ezinbestekoa bihurtu dira zuek eta zuen entzuleak gerturatzeko?

Niretzat, berria da une oroko feedback hori izatea irratian. Sare sozialek arrisku apur bat dute irratian. Oso ondo dago harreman hori eduki ahal izatea, baina neurrian erabili behar dira. WhatsApp zalantzan jartzeko moduko komunikazio tresna da. Irratirako balio du, baina izugarria da nola inbaditu duen gure bizitza. Azkarregi bizi gara dagoeneko, eta orain komunikazio behartua dugu. Estresa sortzen digute, eta zapuztu egiten gaituzte. Gazteek ez dute horiek gabeko mundurik ezagutu. Eta hau esaten dut sare sozialen oso zalea izan arren, batez ere Twitterrena.

El quinto muelle zer da, udako magazin arin horietako bat?

Udako saioek aukera ematen dizute lasaiago ibiltzeko zentzu guztietan. Gaurko irratiko erritmoa azkarregia da. Gutxitan dago norbaitekin lasai eta goxo aritzeko. Gehiago arriskatzeko joera hartzen da udako irratian. Musika munduko eta kirol munduko jendea ekarriko dugu. Astelehenean Mursego, esaterako. Asteartean Gaizka Garitano, hurrengo egunean Maribel Salas, eta ostegunean Jon Plazaola. Aurten, gainera, Olinpiar Jokoenurtea da, eta euskal emakume kirolariekin hitz egiteko denbora izango dugu.

Musika zainduko duzuela hitzeman duzue. Udako musika?

Udako musikaren topikoa ez dut ulertzen: zein da udako musika? Zergatik ez da rocka izango edo baladatxo bat? Ez du zertan dantzarako musika izan. Munduko beste lekuetan modan dagoen musika ekarriko dugu: Islandiako edo Thailandiako hit-ak esaterako. Nik goxotasunarekin lotzen dut udako musika, tropikoekin baino gehiago.

Zu gazteleraz arituta, ez al gara euskarazko ahots bat galtzen ari?

Gazteleraz aritzeak ez du esan nahi euskal gaiak izango ez ditugunik.

Gero antzerkira itzuliko zara?

Orain, antzerkiko pistoia mantsotu beharko dut apur bat, baina irratigintzarekin bateragarria dela iruditzen zait. Abiadura handiko gurpil batean nengoen sartuta antzerkiarekin, eta apur bat moteltzeak mesede egingo dit, sortzaile gisa. Halere, ezin bizi antzerkirik gabe.

Oporrik gabe geratu zara?

Bai. Danubioa egiteko bidaia hartuta nuen. Baina moilan geratuko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.