Telesailak

Lurretik espaziorako abentura satirikoa

Telesail batean elkartu dira berriz ere Greg Daniels eta Steve Carell, 'The Office' telesaila sortu zenetik hamabost urte bete direnean

'Space Force' telesail komikoaren irudi promozionala. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Zientzia fikziotik kanpo, aeronautika eta espazioari loturiko telesailak ez dira oso ohikoak; bada, erregistro horretako bi nobedadek bat egin dute denbora laburrean. Aurtengo estreinaldien artean topa ditzakegu Avenue 5 eta Space Force. Armando Iannuccik sortu du lehena, eta Greg Danielsek bigarrena. Hurrenez hurren, Veep eta The Office komedia garratzak ondu izanagatik dira ezagun, eta satira politikoak elkartu ditu oraingoan bien bideak.

Danielsen nobedadeak badu aparteko berezitasun bat. Hamabost urteren ostean, indarrak batu ditu berriz ere Steve Carell aktore estatubatuarrarekin, inoiz baino lankidetza estuagoan gainera, telesaileko gidaritza ardura partekatuta. 2019. urte amaieran gehitu zuen administrazio estatubatuarrak Espazioko Armada herrialdeko indar armatuen multzora, eta, fikziozko telesail honetan, Carellek izendapen hori lortzeko bidea egin zuen jeneral buruaren rola beteko du.

Donald Trumpen antzera, harrokeria handiko liderra da Carellen pertsonaia ere. Oldarkorra da, ahoberoa sare sozialetan eta hitzaldi publikoetan, hizkera zakarra erabili ohi du maiz, baita Txina mespretxatu ere, eta kaleratze arbitrarioak gauzatzen ditu, aholkularien gomendioei jaramonik egin gabe.

Ez da hau AEBetako egungo klima politikoari egindako erreferentzia bakarra. Tartean dira Alderdi Demokratako Nancy Pelosi eta Alexandria Ocasio-Cortez gogora ekarriko dituzten bi pertsonaia, lurra laua dela defendatzen duen beste bat eta sinbolo feminista bilakatu den The Handmaid's Tale telesailari eginiko keinua ere.

Aire basea, Pentagonoa, Kapitolioa… Danielsek handitasunez jantzi ditu agintearen gotorlekuak, baina azpimarratu du zenbatekoa den gune horietan erabakiak hartu behar dituzten pertsonen baldarkeria. Espazioari begira, gizateriaren sen konkistatzailea kritikatu eta dirudien baino telesail politikoagoa osatu du, bihurria, adimentsua eta lotsagabea. Kontzeptua Carellekin elkarlanean sortu izana da, hein handi batean, dinamismo horren arrazoia.

Danielsen eta Carellen arteko kimika eraberrituak badu beste erantzule bat ere: telesaileko aktore nagusietako bat John Malkovich beteranoa da. Fikzioan, Carellen guztiz kontrakoa da haren izaera, eta, horri esker, ezin hobe funtzionatu dute biek kameraren aurrean. Gainera, sortzaileek Malkovichen pertsonaia baliatu dute beste erreferentzia bat egiteko: Stanley Kubrick zuzendariaren Dr. Strangelove parodiatu dute. Telesailean ageri da berriki hildako Fred Willard aktorea ere.

Umoreari eskutik helduta doa aurrera Space Force, baina denboraldi erdian igarri daitezke zertzelada dramatikoak. Bizitza jardun militarrari eman dion aitaren eta kartzelan dagoen amaren artean katigatuta geratuko da alaba gaztea, etxeko bakardadean. Dena den, minutu batzuetako dramak segundo gutxitan berreskura lezake komedia kutsua. Hori da telesailaren bertute nagusietako bat, bi mundu horien artean joan-etorrian ibiltzeko duen trebetasuna.

The Beach Boys rock taldearen erritmoan erabakitzen du protagonistak espaziontzia aireratu ala ez, eta animalia astronautekin eztabaidatzen ditu bere planik argitsuenak. Ikusteko modukoa da, lurretik espaziorako hamar ataleko abentura.

'SPACE FORCE'
Sortzaileak: Greg Daniels, Steve Carell.
Aktoreak: Steve Carell, John Malkovich, Lisa Kudrow, Diana Silvers, Fred Willard.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena:30 minutu.
Generoa: Komedia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.