Edwy Plenel. Mediapart-eko presidente eta sortzaileetako bat

«Kalitateko informazio independente eta sakonduan ez da kitorik»

Interneten soilik eta ordainduz, kazetariei lan sari duina segurtatuz, hori zuen Parisko Mediapart hedabideak parioa hasi zelarik, 2008an. Orain, 112.000 harpidedunekin, parioa irabazia duela frogatutzat du.

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2015eko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Diru laguntzarik eta publizitaterik gabe, soilik harpidedunen ordainketak izatea diru iturri, hori aldarrikatzen eta gauzatzen du Mediapart atariak. 26.000 artikulu urtean, hau da, egunean 70 bat. Batzuk, lan talde finkoa osatzen duten 35 kazetarienak; besteak, kanpoko hogei bat berriketarirenak, eta gainerakoak, Mediapart klubean argitaratuak, irakurleek idatziak. Sortzailea eta presidentea da Edwy Plenel (Naoned, Bretainia, 1952). Urteko harpidetza 90 eurokoa du; hilabetea berderatzi euroren truke. Hainbat berri esklusibo eta fidagarri plazara ateratzeagatik egin da partikularki ezagun komunikabidea. 60tik gora salaketa dauzka bere aurka; Pare bat baizik ez ditu galduak, «huts txikiengatik».

112.000 harpidedunetara iritsi berririk, zer diozu horretaz? Ezohikotzat duzue?

Lehenak izan gara informazioaren balioa defendatzen, ez dela kitorik. Batez ere kalitatekoa bada, independentea eta sakondua. Harpidetza bidez, publiko iraunkorra lortzea da gure eredua.

Zein kopurutara iristea aurreikusten duzue?

Ez dakit batere noraino eramaten ahal gaituen honek. Erran dezaket mementoko garapena erregularra dela. Gero, badira gertakari bereziak, eta Mediapartek izan jarrerak, baita plazaratu berri esklusiboek eragina dutenak hartzaileen gorakadan ere.

3.700.000 euro bildu zenituzten abiatzeko. Ez da gutxi, ez?

Eta, horrez gain, 2009an beste 2.000.000 euro behar izan genituen bildu. Ez genuenez diru guztia aurkitu, guhaurrek jarri behar izan genuen. Nihaur mailegu bat ordaintzen ari naiz oraino. Baina geroago oreka ekonomikoa lortu genuelarik, ohartu ginen diru zama horretatik 5.000.000 euro hilabete sarietan genituela gastatu. Eta hori zen gure parioa. Jendea harpidetzeko, eskaintza editoriala hazkurritsua izatea, eta, horretarako, lan talde serios eta egonkor bat izatea. Hori lortzeko, baliabideak elkartu behar genituen. Hasieratik 25 kazetarik osatzen zuten taldea. Bidezko hilabete sariekin, biharamuneko arrangurarik gabe lana egin ahal izateko. Zinezko hedabide bat egiteko ideia genuen hastapenetik, ez eta zenbait kazetariren arteko blog batena. Hasiera hartan jende anitzek erran zigun eroak ginela, nehork ez zuela ordaindu nahiko Interneteko eskaintza baterako. Diru gehiegi gastatzen genuela. Baina bi parioak irabazi ditugu.

Berri esklusiboak aipatu dituzu. Woerth-Bettencourt eta Cahuzac aferak plazaratu zenituzten. Harpidetza kopurua igaten lagundu zizuen, baina horrek ez al dizue kosta ahala kosta berri esklusiboak lortzeko presioa eragiten?

Ez gaude kosta ahala kosta filosofia horretan. Sinpleki, gure DNAn inkesta kazetaritza defendatu beharraren ideia dago. Beste nehon ikusi ez diren informazioen aurkitzeko gai dena, inarrosten dutenak. Ez direnak boterearen komunikazioan sartzen. Xedea ez da scoop-a. Informazio zentzuduna behar da. Cahuzac aferan, adibidez, zerga ihesaldiaren arazoa zen azaleratua. Soilik scoop-ak balira Mediaparten, irakurleak irakurtzeari utziko ziokeen. Irakurlea egoten da, lantzen baititugu ere zibilizazioaren erronka nagusiak, aktualitatearen korapiloak.

Artikulu luzeez gain, bideo andana ere egiten duzue.

Multimedia gero eta gehiago garatzen ari gara. Hilabetero zuzeneko emankizun filmatuak dauzkagu. Artikulu luzeekin bezala, oro har Internetek kalitateko kazetaritza eskaintzen ahal duela erakusten dugu. Biziki dokumentatuak, sakonak diren eskaintzak eginez. Gogoetatzekoa eman dezaketenak, zapping egitea baino harago joateko aukera eman dezaketenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.