Behekoa, erabakita, eta goikoa, laster

Bi jardunaldiren faltan, Oriok dena du alde Eusko Label liga lehen aldiz irabazteko, igandean Boiron bandera lortu eta gero. San Pedro ariko da kanporaketan, eta Astillerok maila galdu du

Goian, Orio, nagusi Boiron. Behean, San Pedro, ahalegin betean. AITOR ARRIZABALAGA-EUSKO LABEL LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Bi estropada falta zaizkio Eusko Label ligari aurtengoak amaitzeko, eta dagoeneko ia dena erabakita dago. Beheko lehian segurua da azken emaitza; izan ere, lau azken sailkatuentzat herenegun bukatu zen liga, ez baitute lehiatzen hurrengo bi estropadetan. San Pedrok lortu du sari txikia, kanporaketara doalako, zuzenan jaisteari ihes eginda; aldiz, Astillerorentzat izan da ostikadarik handiena, KAE 1 ligara doalako, azkena izan baita liga nagusian.

Sailkapenaren beste muturrean, ez da asko falta garailearen izena jakiteko, baina talde bat ageri da aukera handi horren jabe izateko: Orio. Zazpigarren bandera irabazi zuen herenegun, Boiron (Galizia), eta hamabost puntuko koska ateratzen dio Hondarribiari, eta hamaseikoa Santurtziri. Azkeneko bi estropadetan, zortzi talde izanik lehian, hamabitik bostera bitartean banatuko dituzte puntuak. Oriok liga ez irabazteko, Bermeon eta Portugaleten kaleratua izan beharko luke, eta atzekoek orain duen aldea jan beharko liokete, gainera. Bi egunetan azkena izanda ere, liga irabaziko luke, lehen aldiz. Beraz, Jon Salsamendiren taldeak eskura baino gehiago dauka garaipen handi hori.

Azken biak, berdinduta

Oriok helmuga zeharkatu zuenean lasaitu zen San Pedro erabat. Ez zen talderik sartuko haren eta Astilleroren artean, eta horrekin nahikoa zuen azkena ez geratzeko ligan. Izan ere, lehen txandan, Espainiako taldeak puntu bat eta hamaika segundo sartu zizkion igandeko estropadan. Gauzak horrela, 37 punturekin zeuden biak sailkapenean, eta berdinketa horrek pasaitarrei egiten zien mesede, hamar aldiz geratu direlako Astilleroren aurretik aurten, eta zortzitan atzetik.

Aurkari zuzenarekiko lanak eginda zeuzkan Mikel Arostegiren kuadrillak, baina arriskua zeukan beste txandaren bateko talderen bat bien artean sartzeko. Ondarroa ibili zen gertuen, bigarren txandan, eta, azken luzearen hasieran, lau segundoan bakarrik ari zen hobetzen Astilleroren denbora. Azkenean, 3,94 segundogatik libratu zen San Pedro. Azkeneko txandan aise hobetu zuten talde guztiek espainiarren denbora.

San Pedrok orain kanporaketa jokatuko du, Bermeon eta Portugaleten, iraileko hirugarren asteburuan, aurkariak KAE 1 ligako Zarauz eta Deustu, eta Galiziako ligako Ares eta Tiran direla.

Bestalde, igande eguerdian, KAE ligetako kanporaketaren lehenbiziko jardunaldian, Castro Urdialesen (Espainia), Getxok hartu zien aurrea Santoñari—17,46ra— Lapurdiri —17,94ra— eta Castrori —20,78ra—. Bigarren eta azken jardunaldia datorren larunbatean jokatuko dute, Orion (Gipuzkoa), 18:00etatik aurrera. Igoerak eta jaitsierak Eusko Label ligako kanporaketan gertatzen denak zehaztuko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.