«Ez nuen haren eskua askatu»

Asun Gomez Bueno. Pluralean ari da oraindik gaiaz: «Luisek eta biok nahi dugu...». Izan ere, abaro izan zen Luis de Marcos senarrarentzat hark eutanasia eskatuz egin zuen kanpainan. Pozik dago: «Arrazoia gailendu dela dirudi».

arantxa iraola
Portugalete
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Miresmen argia antzematen zaio oraindik senarraz ari denean: «Ikusi dituzu Luisen argazkiak, ezta? Hain guapoa, hain atsegina». Asun Gomez Bueno (Torrelavega, Espainia, 1966) hunkitu egiten da hari buruz mintzatzean. Luis de Marcos zuen bikotekidea; 2017an hil zen, gaixotasun luze baten ostean. Eta emazteak defendatu egiten du hark eutanasia eskatuz egin zuen bidea: «Izan ere, eskubidea da: azken eskubidea, baina oinarrizkoa. Norbera bere bizitzaren jabe izatea da kontua: bukaeraraino libre izatea».

Senarrak urte asko egin zituen eri, alboko esklerosi anizkoitzak jota, eta 2016an hasi zen esaten ezin zuela jarraitu: gurpildun aulkian ordurako, ezin mugitu. «Izan zitezkeen tratamendu esperimental guztietan sartzen saiatu zen. Luisek ez zion borrokatzeari utzi: ez zuen amore eman. Hark bizi egin nahi zuen». Harenminak «pairaezinak» zirela dio, ordea: «Zer aurpegirekin esan behar nion: 'Iraun, iraun ezazu, izugarri sentituko dut-eta zure falta'». Horregatik, mindu egiten dute gaiaz«arinkeriaz» esaten direnek: «Izan ere, gizakiaren izaeraren parte da bizi nahia; norbaitek bizitzeari utzi nahi badio, da hori ez delako bizitzea: pairatzea baizik. Horregatik, uste dugu gure geroa prestatzeko gai garen bezala —gure karrera, gure pentsio plana, gure seme-alabak...—, bada, aukera izan behar dugula antolatzeko nola amaitu nahi dugun gure bizitza». Pluralean mintzo da usu gaiaz, gizona gogoan. «Baina jendeak zer uste du, ba? Eutanasia ez da egun bateko gutizia. Norbaitek erabakitzen badu ezin duela jarraitu, motibo asko ditu horretarako; esplikatzeko erakoak dira batzuk, beste batzuk ezin dira esplikatu: arrazoiaz haragokoak dira».

Soberako «kontrolak»

Egunotan pozik entzun ditu Espainiako Diputatuen Kongresutik heldu diren albisteak. Asko akordatu da gizonarekin: «Izan ere, emandako hitza bete ahal izan nuen: ez nuen haren eskua askatu, hilabete egin nuen hari eskua emanda. Orain, beste promesa bat betetzeko atean gaude, eta, agindu nion eran, lortzen dugunean festa bat egingo dugu: festa dibertigarri bat». Ez luke nahi legea soberako «kontroletan» galtzea, eta autonomia erkidegoen esku gera daitezkeen kontrol batzordeen kezka ere badu: ideologikoki «lerratuak» egon daitezkeen susmoa du, eta trabak ipin ditzaketela. Kezkaz aditu ditu zaintza aringarriak eta eutanasiaren arteko dikotomia gotortzeko egin diren adierazpenak ere: «Aringarriak heltzen dira heltzen diren tokiraino», azaldu du, senarrarekin bizi izandakoak gogoan. «Oso argia zen azalpenak ematen. Esaten zuen: 'Tenperatura neurtzeko termometroa dagoen gisan, mina neurtzeko gailuren bat ere beharko litzateke: oinezemetroa... Izan ere, etortzen zitzaion erizaina, eta hark: 'Zenbateko mina duzu?'. Eta Luisek: 'Handia'. Zer da, ordea, min handia? Nola azaldu denak ematen dizula min? Zure emazteak behatz bat milimetro bat mugitzen badizu, orduantxe mina apur bat baretzen zaizula, baina berriz ere erortzen bazaizu, mina datorrela. Mina hor zegoen: beti. Eta zaintza aringarriek bai, maitasun handia ematen dute: morfina asko, metadona asko, baina horraino iristen dira. Luisi horrek guztiak ez zion deusetarako balio dagoeneko; harago egin behar zuen hark».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.