ITP aeronautikak lantegi berria zabaldu du Derion

Espainiako armadaren hegazkinen motorren hornitzaile nagusia da, eta horien mantentze lanaz arduratzen da. Hirurogei lanpostu sortuko ditu

ITPko langile batzuk, Josep Pique enpresako presidentearekin eta Iñigo Urkullu lehendakariarekin, atzo. J. BERNARDEZ / IREKIA.
jokin sagarzazu
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
ITP Aero taldeak 30 urte egin ditu Euskal Herrian, eta planta berri bat zabaldu du Bizkaiko Parke Teknologikoan, Derion. Jakinarazi dutenez, hirurogei lanpostu sortuko dituzte. Guztira, 160 langile arituko dira, enpresaren asmoa baita hara eramatea Ugaldegurengo industrialdean (Zamudio, Bizkaia) duen lantegiko beharginak. Hamalau milioi euroko kostua izango du azpiegitura berriak.

Atzo egin zuten inaugurazio ekitaldia, eta han izan ziren Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Josep Pique ITPko presidentea —Espainiako Gobernuko ministro izandakoa, Jose Maria Aznarrekin (PP)— eta Carlos Alzola enpresako zuzendari nagusia; haiekin batera, besteak beste, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua eta Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusia.

Hegazkin motorrak eta horientzako osagaiak produzitzen ditu ITPk. Alor horretan, «munduko bederatzigarren enpresa» da, taldeak ohar batean azaldu duenez. Iaz, 880 milioi euroko fakturazioa izan zuen, eta 69 milioi euroren irabaziak izan zituen.

Enpresaren salmenten %67k aeronautika zibilarekin daukate lotura, eta %18k, militarrarekin. Irabazien gainerako %15ak, mantentze lanekin eta laguntza teknikoarekin. Espainiako armadaren hegazkinen motorren hornitzaile nagusia da, eta horien mantentze lanaz arduratzen da.

1989. urtean sortu zuten ITP Aero, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta Euskal Herriko Sener ingeniaritza enpresaren babesarekin, besteak beste. Eurofighter Typhoon gerra hegazkinaren motorra garatzeko nazioarteko programa baten harira sortu zuten. Hasierako akziodunen artean, Erresuma Batuko Rolls-Royce multinazionala geratzen da soilik.

Azkenengo urteetan, Mexikoko Queretaro hirian duen planta handitu du, eta Derioko lantegi berria sortu. Azkenengo horretan, motorretarako osagai batzuk produzituko ditu, eta, bereziki, motorren arkitekturarekin lotutako ingeniaritza lanak garatuko. Horretarako, teknologia propio bat garatu du. Propultsio hibrido-elektrikoa duten hegazkinen motorrek izango dute lehentasuna, Carlos Alzola ITPko zuzendari nagusiak azaldu duenez. «Datozen urteetan, abiazio eraginkor eta iraunkor baten alde lan egingo dugu». Alzolak azaldu duenez, azkenengo bos urteetan 360 milioi inbertitu dituzte I+G+B-n.

Jaurlaritzaren laguntzak

Inaugurazio ekitaldian, Urkullu lehendakariak azpimarratu du aeronautikaren industria aldaketa garai batean dagoela, «trantsizio teknologikoak, energetikoak eta ingurumenekoak» baldintzatua. Aldaketa horiei aurre egiteko deia egin die alor horretako enpresei, «motor eraginkorragoen eta garbiagoen, arinagoen eta isilagoen alde apustu egiteko».

Lehendakariak adierazi du Jaurlaritzak 2020. urterako aurreikusia duela 253 milioi euroko inbertsioa egitea garai berrietara egokitzeko 4.0 industriarako, enpresa txikietan eta ertainetan, eta 22 milioikoa parke teknologikoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.