mikel elorza
ARKUPEAN

Besterengaintasuna

2022ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Senegalen barruan kokatua, herrialde txikitxoa da Gambia, Nafarroa adinakoa hedaduraz. Afrikan egonik, are txikiagoa. Mugakide bakar duenSenegalekin badute arazorik,Casamance eskualdeko independentisten borroka dela-eta (Gambian hartzen ei duten abaroa...), eta zuraren legez kanpoko trafikoarekin ere bai (euskaraz, nik dakidala bederen, izenik ere ez duen zura arrosa arbolaren egurra, batez ere). 2016 bitarte lehendakari izandako Yahya Jammeh epaituko duten edo ez izan dute azkenaldian bizitza politikoa astindu duen afera (diktadore ohia, esango lukete gure medioek, diktadore izateari noizbait uzten ote zaion perbertsio semantiko hori zabalduz...). Nik ere Interneten begiratuta jakin ditut horiek denak, jakina, oso urruti dagoena eta oso txikia baita Gambia, hango berri izateko. Zakil nuklear mendebaldetarren dema ere aparretan dago, gainera, beste ezeri erreparatzen hasteko. Ukrainakoa pasatzen bada —pasatuko ahal da!—, munduko gatazka-katalogoaren berritzea egin beharko dugu, oso atzeratuta geldi gaitezke eta; herrialderen bat ere desagertuko da gu konturatu gabe. Tartean Qatarreko futbol txapelketa daukagu eta, tira, han zerbait berrituko digute panorama, sikiera parte hartzen dutenen gaineko informazioa (ez, noski, estadioak eraikitzen hil direnen herrialdeen ingurukoa).

Joan den astean agertu du burua, herabe noski, Gambiak gurean. 69 haur hil direlako han, botika batek pozoituta. 69, batzuontzat interesgarria izanagatik ere, ez da zenbaki esanguratsua, ez behintzat Afrikako hildako kopuruari dagokionez, hildako afrikar gutxi dira horiek albistea egiteko; baina nola haurrak izan diren eta katarroa sendatzeko botika bat hartuz, ba akaso horregatik erdietsi dute leiho koxkor bat zabaltzea. Albisteari pista jarraitzea ez da erraza, farmazia-enpresa indiar bat da botiken fabrikatzailea, eta ezin gehiagorik esan, botiken, txertoen eta abarren ondorioez eta eraginez eta atzean dauden interesez eztabaida piztea ez baita batere samurra pandemiaren itzala oraindik gainean dugula.

Globalizazioarenak kezkatzen nau ni, albiste honen ertzei begira. Indian egindako jarabea, ziropa hartu dute hil diren 69 haurrok. Indian egiten da botika. Gambian hartzen dena. Indian egiten dira, izan ere, milioika botika. Estatubatuarrek hartzen dituzten hiru piluletarik bat han egina da. Eskulana eta merkatu-legeen kudeaketa egoki batek eraman ditu munduko farmazia-ekoizleetarik nagusienetakoa izatera. Txerto askok ere, covidarenek bezala beste hainbat gaitzenek, curry zaporea dute (errazkeria zilegi bazait). Botikak han egiten dira, eta esne-hautsa hemen, eta gure segapoto eta gailuak Ekialde (horretarako ez hain) Urruneko lurretan, haize errotak Norvegiatik datozkigu, eta Luis Mari mekanikariak esaten zidan atzo autoak tailerrean geldirik dauzkala bi hilabetez piezak falta direlako, eta Ukrainako portuetako blokeoak garirik gabe utzi du munduaren zati bat, eta halaxe, tarteka berriro ere ohartzen zara globalizazioa dela ziri bat kupelaren tamainakoa. Kapitalaren interesen arabera sakabanatua dagoela munduan produkzioa, gaur han bihar hemen, eta merkatua zabaldu egin dela, ikaragarri zabaldu, baina jakintza ez dela banatu, are gutxiago partekatu, eta aberastasuna oraindik gutxiago. Oso banaturik dagoena ergelkeria dela, eta esplotazioa, eta dena dirutan neurtzeko epidemia global sendaezin hau.

Subiranotasuna dugu aldarri, Ukrainan bertan subiranotasuna dago jokoan, baina subiranotasuna, barkatuko didazue gordin esatea, aspaldi ebatsia digute multinazionalek, sistemak, algoritmoek eta dena delakoek. Beregaintasuna, gaur egun, mapetatik aparte, besterengaitasuna da, utopia da. Bilatu beharrekoa, baina utopia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.