Danel Agirre.
SASKI DA!

Sekula ez da hankartea

2019ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Gasteizko adiskide apostata batek nazionalbaskonismo deitzen dio Baskoniako zaleek Kopa jokatzen ari den hiria inbaditu eta inork baino gehiago edan eta inork baino ozenago abestu beharrari. Atzo, larritu galanta hartu zuten nazionalbaskonista askok, kantxara iristerako bere taldea hamabost puntu behera zela jabetutakoan —Kopako protokolo kanonikoak agintzen du poteoa gutxienez arratsaldeko lehen partidako bigarren laurdenera arte luzatzea—.

Hasierako sutea kontrolatu bai, baina saskibaloi sendorik ez zuen inongo momentuan azaldu atzo Baskoniak. Azken asteetako defentsa trinko eta solidarioa Gasteizen ahaztuta laga zuen, akaso. Titulu bat behingoz eskuratzeko antzematen den irrika da, beharbada. Baina aurtengo Kopa oso izango da garestia —osteguneko Teneriferen eta Bartzelonaren maila aparta ikusi besterik ez dago—, eta bestelako sendotasun behar zuen, bederatzi urteko lehortea ahaztu nahi bazuen.

Etsigarriena etxetik ekarritako plana bete ezina izan zen. Joventut Laprovittola eta Todorovicen hasi eta bukatzen zela jakitun ziren gasteiztarrak, baina bien jarioa eteterik ez zuen lortu sekula. Jokalarien hankarteari buruzko kantika nekosoekin aktibatu nahi izan zuen nazionalbaskonismoak bere bostekoa, baina goi mailako kirolean eskakizun hutsala da hori. Esfortzua ez da taldeen gabezia larriena izan ohi, baina «Laprovittolari behingoz eskua aurpegian ipini!» edo «defentsako errebotea behar den bezala itxi!» abestea askoz zailagoa da. Joventuten azken minutuetako neke logikoa ere ezin izan zuen baliatzerik izan Baskoniak markagailuan arrimatzeko. Nazionalbaskonistek ere zutik amaitu zuten, Laprovittolari txaloka. Hain gustuko duten erakustaldia talderik gabe egin beharko dute asteburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.