Urmuga

Basaburuko basoetan barna

GR 12 bidetik ia irten gabe, Basaburuko pagadiak eta Ireber mendiaren kareharri zuriko tontorra izan dira urmugalarien ibiltokiak. Igoa herriak utzitako bordan hartu dute ostatu.

Basaburuko basoetan barna.
Joxemi Saizar.
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Urmuga ibilaldiaren erdira iritsi dira mendizaleak:hemeretzi etapatik 10.era, Lekunberritik Gorostietara (Nafarroa) doana. Lekunberriko kanpinean lo egin eta gosaldu ondoren, gorantz abiatu dira. Etxarrin eta Aldatzen (Nafarroa), baserri handi, zabal eta dotoreak ikusi dituzte —fatxadan harmarria harro erakusten dutenak asko—. Baratzean lanean ari diren baserritarrak ere bai. Lanerako gonbidapena egin dieten arren, kasu handirik egin gabe egin dute aurrera. Euri langarra izan dute esnatzean, eta lainoa bidelagun etengabe. Hala ere, ez dago galtzeko arriskurik; izan ere, ondo markatua dagoen GR 12 bidetik irten gabe egin dute ia ibilbide osoa.

Iontza pasatu, eta basoan sartu dira. Pagoa da nagusi hor ere, tarteka gaztainondo eta lizar batzuk badaude ere. Sobrasateko bidegurutzetik Ireber mendiaren tontorrera igo dira (1.204 metro). Tarte horretan bakarrik irten dira basotik, mendiak kareharri zuriko kaskoa baitu hor. Iparraldean, Ezkurra bailara dago, eta, hegoaldean, Basaburua ibarra (Nafarroa). Harkaitzezko piramidean,euskal sagardoarekin topa egiteko aprobetxatu dute, hamaiketakoarekin batera. Gaur, argazkilariak bildu dira taldera, eta haien lana bete behar dute, babesleak gustura uzteko.

Tontorretik bi ahizpen trikuharrira jaitsi, eta horren kondaira azaldu du taldekide batek. Ganadua zaintzera bidali zituzten gurasoek bi ahizpa; bidean elurrak harrapatu, noraezean gelditu, eta hotzak bere lana egin omen zuen. Oroigarri gisa, hilobiratu zituzten trikuharria gelditzen da, haurren neurriko bi gelaxka dituena. Gorosti zientzia elkarteak Kristo aurreko 2000-900 urte artean datatu du monumentu megalitikoa.

Ondoan, txabola txukun eta ireki bat aurkitu dute —gero eta gutxiago topatzen dira halakoak mendian—. Lotza, Otsolako lepoa, Putzusarobe eta Isastiko bidegurutzeak pasatu, eta Usotokietan, Igoa herriak Gorostietatik gertu duen txabolan gelditu dira urmugalariak. Hori izango dute eguneko ostatua, eta herritar jator batek igo dizkie behar dituzten osagarriak, 4x4 auto batean. Herri guztietatik datozen pistak ez dira falta. Laguntzaileak komentatu du ezen, euskaraz jakin arren, erabilera asko jaitsi dela eta euskararen etorkizuna arriskuan ikusten duela.

Basaburuan daude, eta Jauntsaras da herri nagusia. Beste aldean, Malerreka dago, eta beste hainbat herri biltzen ditu. Nafarroa hezearen bihotzean daude. Ez dira toki txarrak bizitzeko eta ibiltzeko!

BIHARKO ETAPA:

13. etapa: Aralar (Urkiaga-Ibañeta). 19 km; 1.468 m igo, 1.321 m jaitsi; 6-7 ordu; Kintoa ingurua, Adi, Beordegi, Lindux, Auñamendietako atea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.